Bilboko Aste Nagusia

Su eta zartaginen festan, dantzan

371 tortilla aurkeztu dituzte Bilboko Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoaren bigarren egunean. Lehiaketaren egunik arrakastatsuenean, jai giroan bazkaltzera bildu dira herritarrak. Adin eta mota guztietako jende andana batu da Areatzan.

Aurkezpenak ere garrantzia du lehiaketan. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Hamar gau eta bederatzi eguneko astea omen da Bilboko Aste Nagusia. Bederatzi egun, eta egun bakoitzean 24 ordu irauten duen jaia. Ezinezkoa da egun horietan txosnagunea hutsik topatzea. Atzo goizeko zortzietan ere, parrandazale amorratuenek etxerako bidea hartzen zuten bitartean, Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoko partaideak toki bila zebiltzan garbitzaileen ibilgailuen artean. 11:00etarako, ozta-ozta topa zitekeen txokorik Areatzan.

Lehiaketa gastronomikoa astelehenetik igandera den arren, dudarik gabe, egunik arrakastatsuena izan zen atzokoa. Aurtengo plater begano berriaren osteanpatatak saltsa berdean, patata tortillaren txanda izan zen atzo. Betiko platera. Euskal Herriko edozein herritako edozein etxetan, tabernatan edo txokotan topa daitekeena. Osagai gutxi, baina ehunka zapore. 317, hain zuzen ere. Atzo Bilboko Areatzan su eta zartaginen arteko festa ospatzeko bildutakoen artean prestatu zituzten patata tortillak.

Parte hartzaileetako bat Manu Etxeberria izan zen. Hark azaldutakoaren arabera, lehenengo aldia zuen lehiaketa gastronomikora etortzen zena. «Goizeko zortzietan etorri gara tokia hartzera, eta jende asko ikusten ez zen arren, toki guztiak hartuta zeuden». Eskolako beste gurasoekin batera etorri da. Aitortu duenez, behin lehenengoz animatuta, ziur dago hurrengo urtean ere etorriko dela; hori bai, beste plater batekin saiatuko da. «Umeak talo tailerrean daude, eta gu, bitartean, kozinatzen geratu gara, giro aparta dago familiarekin eguna kalean emateko».

Familia giroa ez ezik, gazte anda ere bazegoen atzo, bezperako parrandaren ostean, ajea lagunarteko giroan eta tortilla on batekin igarotzeko. Gorka Galarza da gazte horietako bat, bi lagunekin batera animatu da aurten lehen aldiz Bilboko lehiaketa gastronomikora: «Herrian beti parte hartzen dugu tortilla lehiaketan, baina hau Bilbon parte hartzen dugun lehen aldia da». Bi tortilla egin zituzten, eta inprobisatzen saiatu ziren, baina lehiaketan parte hartzeko osagai jakin batzuk besterik ez zuten. Esperientzia handiagoko beteranoekin alderatuta, txoko xumea zuten, baina, adierazi zutenaren arabera, ez zuten gehiagorik behar.

Asier Garrido lagunekin batera bildu zen Bilboko Areatzara. Egurrezko koilara eskuan, patatak frijitzen zituen bitartean mintzatu zen: «Tortilla eta listo, gu gaur [atzo] soilik etortzen gara, bakailaoa ez dakigu prestatzen eta». Goizean goiz joan ziren arren, festa giroan zeuden. Sekretua: garagardoa, eta, ahal izatekotan, «albokoei tortilla aldatzea».

Familian eta su artean

Zerbait berezia du, beraz, patata tortillak. Sinplea eta erakargarria. Udal bandaren doinuak borobiltzen zuen lehiaketa gastronomikoko giroa. Eguzkizaleak konpartsatik Areatzako pergolara, kolore eta mota guztietako estalkiekin, aulkiz eta tramankuluz osatutako kanpalekua zirudien Aste Nagusiko txosnaguneak. Mukura beteta, turistek eta paseariek harrituta sigi-saga ibili beharra zuten, kozinatzen zeuden kuadrillen eta lanean zebiltzan kale saltzaileen artean.

Hala ere, tortillaz gain, beste hainbat plater kozinatzen dira Bilboko Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoan, eta bada urtero eta egunero trasteak hartu eta Areatza bere festa gune bihurtzen duenik ere. Besteak beste, Nora Egiguren Txori Barroteko konpartsakidea: «Urtero etortzen gara konpartsako hainbat kide. Lehengoan patatak egin genituen, eta, gaur, berriz, patata tortilla». Kontatu zuenez, egun guztietan joaten dira, eta inoiz irabazi ez duten arren, «goiza lagunekin batera eta ederto» igarotzen dute.

Jonatan Alonso ere beteranoa da lehiaketa gastronomikoan: «Urtero etortzen gara, ia denetarik kozinatzen dugu, bakailaoa izan ezik». Azaldu zuenez, 30 pertsona inguru bildu ziren bazkaltzera; beraz, goiz osoa zeramaten «jo ta su» lanean. Baina kexu zen, «beti berberak» joan ohi direlako. Jaiak egunez gehiago gozatzen direla uste du Alonsok: «Nik bi eratara bizi izan ditut jaiak; gaztea zarenean gauez ateratzen zara soilik. Baina, orain, desberdina da, familia giroan ematen dugu eguna, eta gehiago gozatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.