Terapiarik eraginkorrena

Ikuskizuna egin du zirkuak Bilboko Basurtuko ospitalean dauden haur zein helduentzat. Bertan egon behar izanik ere, jaiez gozatzeko aukera izan dute gaixo daudenek. Casilda Iturrizar parkean, bestalde, Txikigunea egongo da igandera arte. (Bideoa artikuluaren amaieran).

Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

Hainbat arrazoigatik gaixo dauden eta bisitatu ezin gaituzten guztientzat prestatu dugu ikuskizuna, 5 eta 95 urte bitarteko haurrentzat». Pepin Leon pailazoaren esanetan, 40 urte inguru daramatza Zirku Mundialak Bilboko Aste Nagusian Basurtuko ospitalean ikuskizuna eskaintzen. Atzo goizean ere han izan ziren haurrei, gurasoei, aitona-amonei eta ospitaleko langileei irriak lapurtzen. Zirkuko kamioiak hartu zituen gainontzeko egunetan anbulantzienak izaten diren aparkalekuak, eta tronpetek ordezkatu zituzten sirena hotsak.

Lehenengo aldia zuen han Ane Miren Resonek; lagun batek gomendatuta joan zen. Izaro Txurruka, alaba, ospitaleko langileek banaturiko freskagarria ahoan zuela azkeneko ilaretan eseri zen, lotsati xamar, pailazo edo malabaristaren bat hurbilduko ote zen beldur. Ura, kola zein laranja zukua hartu ostean eseri ziren haurrak lurrean, zirkulu erdia osatuz. Marijaiaren begiradapean dena.

Zirkuko langileak Bilbora etortzen diren aldiro egun hau itxaroten egoten direla azaldu zuen Leonek atzo. «Tradizio bilakatu da; nahiz eta ospitaleak sarri bisitatzen ditugun, hau berezia da zirkuko langileontzat».

Patricia Ruedas Basurtuko ospitaleko langilearen arabera, momentu «desberdin» bat igaro eta eguneroko arazoez ahazteko eguna izaten dute haurrek. Horrez gain, hurrengo egunetan umorean nabaritzen zaiela adierazi zuen. Horregatik iruditzen zaio ondo legokeela ekintza gehiago egotea, psikologikoki oso ona eta dibertigarria izanik. Iritzi berekoa da Itxaro de la Fuente erizaina; haren esanetan, atzoko eguna ilusioz beteriko eguna izaten da haurrentzat. «Ospitale barruan zenbat denbora igarotzen duten kontuan hartuta, haurrek distrakzioak behar dituzte: Aste Nagusiaz gozatzeko eskubidea dute». Gainontzeko herritarrek entretenimendu hori kanpoan goza dezaketela nabarmendu, eta ekintza gehiagoren beharra dagoela esan zuen. «Baita nagusienentzat ere, haiek baitira ahaztuenak».

Musikaren erritmoan jotako txaloekin hasi zen ikuskizuna. Agertoki inprobisatutik pasatu ziren ordubete pasatxoan zirkuan aritzen diren ekilibristak, pailazoak, magoak eta bihurdikatzailea, besteak beste. Azken horrek Guiness World Record saria eman dion ikuskizuna eskaini zuen, gainera. Ezer baino lehen, traumatologoak ohartarazi zituzten zerbait gertatuz gero azkar erreakzionatu zezaten. Giharrak tolestuta zituela sartu baitzen kutxa baten barruan, eta bai osorik atera ere. Publikoan zegoen neskatila bat atera zuten gero oholtzara, tranparik ez zegoela frogatzeko, eta kutxan sar zedin. Baina sartu-irtena ziztu bizian egin, eta eserlekura itzuli zen, badaezpada.

Arazo teknikoak zirela medio, ezinezkoa da zirkuan egiten dituzten ikuskizun guztiak egitea, Leonek azaldu zuenez, baina ahalik eta antzekoen egiten saiatzen dira. «Zoriontasuna, irriak, pozik egotea ere terapiaren parte dira. Haurren aurpegia begiratzea besterik ez dago haien zoriontasuna azaltzeko».

Magoaren txanda iritsi zenean isildu zen jendea. Adi begiratzen zion Izei Gordobilek, trikimailua asmatu nahian. «Zirkuan gehien gustatzen zaidan emanaldia izaten da magoarena», aitortu zuen.

Txikienen jaigunea

Zabala da haurrentzako eskaintza festetan. Casilda Iturrizar plazan jartzen dute Txikigunea, egunero, esaterako. Lainotuta zegoen goiza atzo Bilbon, eta eskertu egin zuen hori Eneko Longarte begiraleak. «Azken egunotan bero handia egin du, baina ekintzaren balorazioa ona da». Une lasai gutxi izan dituztela aitortu zuen. Jende andana joan da egunotan.

Bilbainaden kontzertua aldamenean zutela, esparru ia osoan zehar sakabanatuta ikus zitezkeen jolas guneak. Urtez urte geroz eta handiagoa bilakatu da. Puzgarriak —batzuk urez beteak—, aurpegia marrazteko txokoa, antzerki agertokia, besteak beste. Denetara iritsi nahi eta aukeratzea ere zaila zitzaien batetik bestera zebiltzan haurrei. Ur ekintzek zuten arrakasta handiena, baina ilararik luzeenak puzgarrietan eta Gargantuan zeuden. Iker Gomezek ordubete zeraman ilaran puzgarrietara sartzeko zain.

Maddi Elortzak lehen aldia zuen Txikigunean, eta nabari zitzaion ilusioa. Gutxi ziren aurpegia marraztu gabe zeuden haurrak, eta batzuek ilea ere tindatu zuten.

Bideoa: Zirkoa Basurtuko ospitalean (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/KYAWE8i9IsY[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.