Jaiak Gasteizen

Itzal txikien pean

Milaka haur bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan, beren egun handiaren ekitaldi nagusian, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera ikusteko. Orain arteko jaietako egunik beroena baliatu dute txikienek haientzat jarritako hamaika txokoetan disfrutatzeko: Prado parkeko jolasak, Aihotz plazako ikuskizuna, Gargantua...

Zeledon Txiki eta Edurne plazan bildutakoen gainetik pasatu dira, txikien egun handiaren ekitaldi nagusian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Hamabiak joko ditu!», oihukatu eta berehala suziriak gora egin du. Ssssssshhh… danba! Unai Fernandez de Garibaik, amaren sorbaldetatik, San Migelgo dorrean jarri ditu begiak. Edurnek eta Zeledon Txikik lurrerako bidea hasi dute suziriaren eztandarekin batera. Bien itzal txikiak plaza zeharkatuz joan dira, jendetza Zeledonen kantaren doinuaren konpasean mugitu bitartean. Milaka besok egin diete harrera. Milaka hatz erakusle haiengana zuzenduta. Milaka esku agur egiten. Milaka haur, haien egun handiarekin gozatzeko irrikan.

Ekilore zelai baten moduan biratuz joan dira plazan bildutakoen buruak, Edurne eta Zeledon Txikiren hegaldiari jarraitzeko. Jendetza bildu da plazan, eguzkiak erruz jotzen badu ere. «Bete-betean asmatu zuten iaz txikien jaitsiera Andre Maria Zurira mugitu zutenean; Plaza Berria txiki geratu zen aspaldi», hausnartu du Miren Mujikak, Unairen amak. «Falta den bakarra da plazako iturriak piztea, freskatzeko tarte bat izateko». Inguruko tabernak eskari horri erantzuten saiatzen ari dira. Muztioak, zukuak, eta, batez ere, ura ari dira ateratzen.

Gasteizko haurrek euren egun handia ospatu zuten atzo, abuztuaren 7an, goizean goizetik. Horietako askok eguerdiarekin batera hasi zituzten ospakizunak, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierarekin batera. Marvellous Diagne, neskaz jantzitako umea, biziki ari da gozatzen plazan, lagunez inguratuta. «Lehen urtea dut jaitsieran; lagunek kontatu izan didate nolakoa den, baina ez nuen halakorik espero». Haren amak azaldu du eskolako familiak elkartu direla plazan. Monumentuaren eta Zapatagile kalearen artean jarri dira jaitsiera ikusteko, eguneko bi protagonista nagusien itzalen ibilbidearen erdi-erdian.

Plaza zerutik zeharkatu ondoren, Edurnek eta Zeledon Txikik lurretik egin dute San Migelgo balkoirako bidea. Ikusleek korridore bat egin diete, bidea erraz egin dezaten. «Haurrentzat ez ezik, nagusi askorentzat ere zoragarria da egun hau; plazer handia da jaitsiera bat bizi ahal izatea puru usainik gabe, zikinkeriarik gabe eta bultzadarik gabe», esan du Maite Gobeok. Ez du haurrik, baina senarrarekin joan da plazara, uneaz gozatzeko. Zeledon Txikiren eta Edurneren oihuek moztu dute hausnarketa. «Txikien egun handia da hau, dantzatzeko, salto egiteko, eta primeran pasatzeko», entzun da aldarria, bozgorailuetatik. «Egun bat nagusiei erakusteko blusa eta neska txikiok etorkizun handia dugula».

Eguneko garai handia hamabietan hasi arren, Zeledon Txikik eta Edurnek lehenago ekin diote. 11:00etan agurra dantzatu diote Andre Maria Zuriari, San Migelgo balkoian. Endika Saez de Adanak ikusleen artetik jarraitu die bien mugimenduei: bien jauzi bakoitzean jauzi ohartezin bat eginez, biak makurtzean modu hautemanezinean makurtuz. Jare Dantza Taldeko kidea da Saez de Adana, eta agurra irakatsi die Paula Rubiori eta Gonzalo Aranegiri, Edurne eta Zeledon Txiki irudikatu dituzten haurrei. «Otsailean hasi ginen, astean behin, eta azken asteetan azken ukituak egin ditugu».

Loreak eta eskaintza zabala

Zeledon Txikiren eta Edurneren eskariari segituz, umeek biziki gozatu dute haien egunean. Batzuk ohitura betez, egunaren lehen orduetatik. Tradizioarekin bat, askok loreak jarri dizkiote Andre Mariaren irudiari. «Non jarriko ditugu loreak, bertan dauden horien ondoan?», galdetu dio Mitxelko Lobok Amaiurri, bere alabari. «Bai», erantzun dio. «Orain etorriko da amama loreekin eskaileretatik, eta segituan jarriko ditugu».

Gasteizko haurrek beren eguna ospatzeko tartea izan zuten Andre Maria Zuriaren plazatik urrun ere. Hainbat ume hiriguneko kaleetan galdu ziren erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsaren atzetik. Beste batzuk Aihotz plazara igo ziren, Eidaberen Garbijai ikuskizunarekin disfrutatzeko. Gargantuak betekada hartu zuen Peñafloridako kondearen plazan, ehunka haur irentsita. «Hasieran beldurra ematen zion, baina orain... Ez dakit noiz helduko garen bazkaltzera», kexatu da Mikel Gonzalez, irribarretsu, semea Gargantuaren ipurditik atera eta ilarara korrika egin bitartean.

Prado parkeak ere jendetza hartu zuen, eguneko beroa indi gaztainondo eta zumarren itzalpean emateko. Dozenaka jolas daude jaietan bertan: puzgarriak, tailerrak... «Birziklatutako gaiekin prestatutako jolasek tarte aparta eman digute familia osoa elkarrekin aritzeko», azaldu du Fernando Arroiabek. Amari eta semeari begiratu die: uztaiak ari dira botatzen lurrean sartutako eski makila batzuetara, haietan sartzeko asmoz. Hiru urte inguru ditu txikienak, eta ez du asko iraun uztailak jaurtitzen. Bi helduek arreta galdu dutenean, akuilu-makuiluen bila joan da, korrika. «Fernando, lot iezaiozu ondo gerrikoa, eroriko da bestela», eskatu du amonak. Haren atzetik joan da aita, lasterka, txikiaren itzala harrapatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.