Eduki digitalen sare bat

Sutang Bang kolektiboak askotariko euskarazko saioak zabaltzen ditu Youtubeko kanal berean

Donostiako Txondorra gune autogestionatuan estudio txiki bat du Sutan Bang kolektiboak. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Youtuberrak eta Youtubeko eduki kanalak euskaraz ez dira asko, eta gabezia hori betetzeko ahalegina egiten ari da azkeneko hilabeteetan Sutan Bang kolektiboa. Taldeak Donostiako Txondorra gune autogestionatuan du estudioa, bertan elkartzen dira kolektiboko kideak eta bertan aritzen dira euskarazko edukiak sortzen. «Aspaldi konturatu ginen azken urteetan gure hizkuntzaren gabezia handienetako bat Interneten zegoela. Beste hizkuntzetan ez bezala, oraindik gurean podcastak, Youtube plataformako edukiak eta streaming-ak ez direlako sustraitu», azaldu dute kolektiboko kideek —posta elektronikoz bidalitako galderei erantzunda—. Sutan Bangeko gazteen arabera, euskaldun askok sortzen dituzte eduki digitalak. «Baina komunitate baten faltan, beste hizkuntzetara jotzen dute».

Testuinguru hori aintzat hartuta, Sutan Bang kolektiboaren helburua euskarazko eduki digital sortzaileen artean indarrak batzea da. «Denon artean indartsuagoak bilakatzeko, elkar laguntzeko eta euskarazko edukiak sortzen jarraitu ahal izateko».

Materiala lortzea da kolektiboaren beste helburuetako bat. «Izan ere, norbanakoarentzat inbertsio handia izan zitekeen hori, kolektiboki ordaintzea erabaki genuen. Eta, ondorioz, joan den urtean herriko festa bat baino gehiagotan izan ginen gure txosnarekin».

Irailerako eduki berriak

Sutan Bang kolektiboko kideek egiten dituzten saioak haien Youtubeko kanalean ikus daitezke, baita Instagramen, Facebooken eta Twitterren ere.

Taldeko programa aitzindarietako bat Karramarro uhartea da. Donostiako Aste Pirataren bueltan hasi zuten irratsaio gisa, eta urte osora zabaldu dute orain. Elkarrizketak, bakarrizketak eta zalantza filosofiko sakonak umorez lantzen dituzte.

Umorez lantzen dute ere Gure kaspa saioa, Interneten topatzen dituzten bitxikeriak aitzakiatzat hartuta.

Ez da nolanahiko umorea, halaber, Ander Edok eta Eneko Sanchezek Gaur gurian saioan lantzen dutena. Konfinamenduan sortu zuten programa, baina aurretik bazituzten esketx batzuk grabatuak.

Mugetatik kanpo saioan, berriz, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak elkarrizketatzen dituzte. Programa horretan, Iñigo Arratibel politologoak zenbait herrialdetako egoeraren azterketa egiten du.

On the record saioan, euskal musikarien eta taldeen kontzertuak grabatzen dituzte Donostiako estudioan. Kontzertuen ondoren, musikariekin solasaldia izaten dute. Esku artean literatur saioak, berriz, dibertsioa du helburua euskal literaturaren bitartez.

Datorren ikasturteari begira, eduki berriak dituzte buruan, eta dagoeneko iragarri dute euskarazko bideo jokoen inguruko saio bat estreinatuko dutela irailean. Teknologia berrien inguruko saio bat ere iritsiko dela nabarmendu dute. Horrez gain, epe laburrean jarriko dute martxan kolektiboaren webgunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.