Frankismoa. Emakumeen lekua

MEMORIATIK EZABATUAK

Oroimen historikoak zor handia du emakumeekin. Urteetan, gizonezkoek idatzi dituzte frankismoari buruzko orrialdeak, iragana euren galbahetik iragazita. Azken urteetan, emakumeen kontrako jazarpenaren ezaugarriak aletu dituzte hainbat ikertzailek.
<b>Omenaldia. </b>Monumentu bat inauguratu zuten Sartagudako memoriaren parkean iaz. 1936ko kolpe militarrean eta diktaduran frankismoari aurre egin zioten emakumeen omenez.
Omenaldia. Monumentu bat inauguratu zuten Sartagudako memoriaren parkean iaz. 1936ko kolpe militarrean eta diktaduran frankismoari aurre egin zioten emakumeen omenez. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2018ko martxoak 25
Zutik. Haur txikia aldamenean eta begirada ortzimugan iltzatuta, etorkizunari so. Frankismoak jazarritako emakumeak gisa horretan irudikatu zituen Rodrigo Romero artistak, Sartagudako memoriaren parkean (Nafarroa) paratutako eskulturan. Monumentu horrek islatzen duen emakumea faxismoaren biktima da, baina ez hori bakarrik: protagonista ere bada. 1936ko kolpean eta gerraostean, lehen lerroan edo atzeragoardian, lantokian nahiz etxean, frankismoaren kontra borrokatu ziren izenik gabeko emakumeak irudikatzeko xedez jarri zuten artelana, iaz. Historiografia ofizialaren orrialdeetatik eta militantziaren zerrendetatik baztertutakoak begien bistan jartzea, horra erronka.

Hain zuzen, azken urteetan ugaritu egin dira emakumeen rola eta horien aurkako jazarpena aztergai duten lanak. Nafarroako Gobernuak, esate baterako, bi liburu argitaratu ditu azken hilabeteetan, frankismo garaiko emakumeek eginiko lana ardatz gisa hartuta: Amaia Kowasch Aranzadiko ikerlariaren Hariak ehotzen eta Nerea Perez Ibarrola Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen Langileria berri baten eraketa.

Diktadura garaian Euskal Herriko emakumeek pairatu zuten egoeraren azterketa sakon eta osoenetako bat, baina, Gemma Pierola historialariak eginikoa da. 2012an, doktore tesia aurkeztu zuen: Emakumea eta ideologia diktadura frankistan. Nafarroa 1936-1960. Ikerketa ildo horri segida eman zion ondoren ere, frankismoko krimenak ikertzeko Iruñeko bulegoko arduradunetako bat izan baitzen. Gaur egun, NUPeko Memoria Historikoaren Funts Dokumentalean egiten du lan.

Haren irudiko, frankismoak aplikatutako jazarpena «metodikoa, aurrez planifikatua eta iraunkorra» izan zen. «Gizonak atxilotu eta hil egiten zituzten; hortaz, emakumeak bihurtu ziren familia askoren sostengu bakar. Lana egin behar izaten zuten etxean nahiz kanpoan —ikatza biltzen, adibidez—, eta prostituziora jotzen zuten askok. Frankismoaren estrategia garbi bati erantzuten zion horrek: galtzaileen bandoko familiak, arraza bera, suntsitzeko ahalegin bati».

Horrez gainera, emakume errepublikazale, abertzale edota komunisten kontrako zigorrek «ezaugarri propioak» izan zituztela uste du Pierolak. «Jazarpen fisikoa izan zen, ez soilik generoaren aurkakoa, baita emakumeen ezaugarrien aurkakoa ere: bortxaketak, mutilazioak... eta horiekin batera, beste zigor batzuk, itxura batean arinagoak; besteak beste, ilea moztea edota arropa urratzea».

Emakumeen aurkako bortizkeria mota hori, frankismoan ez ezik, beste garai eta testuinguru askotan ere identifikatu du NUPeko ikerlariak: «Oro har, gerraren eta diktadura faxisten testuinguruetan ikus dezakegu. Besteak beste, II. Mundu Gerra garaiko Alemanian eta naziek okupatutako Frantzian, Ruanda eta Burundiko sarraskietan, Erdialdeko Amerikako gatazka armatuetan...». Unibertsaltasun horren atzean, emakumeen kontrako bortizkeriak duen «balio sinbolikoa» dago, Pierolaren ustez. «Ilea larru-arras moztea, adibidez, zigor fisikoa baino gehiago zen: sinbolo bat zen, feminitatearen beraren ukazioa zekarrelako».

Komunista eta irakaslea

Camino Oskoz 26 urteko maistrak pairatu zuen zigorrik krudel eta lazgarrienetako bat. Atxilotu, torturatu, bortxatu eta jendaurrean ibilarazi zuten falangistek 1936ko uztailaren 31n; eta hamaika eguneko infernu baten ostean, abuztuaren 10ean, askatu egin zuten: espetxetik atera eta Urbasako Pilatoren Balkoia izeneko amildegiraino eraman zuten. Handik behera bota zuten maistraren gorpua.

Irakaslea zen Oskoz, eta Alderdi Komunistako eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kidea. Hezkuntzarekiko, berdintasunarekiko eta justiziarekiko konpromiso hirukoitz hori, ordea, larrutik ordainarazi zioten. Haren kasua memoria liburu batean jaso du Joseba Ezeolazak, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko koordinatzaileak: Camino Oscoz y otras historias del 36 (Camino Oskoz eta 36ko beste istorio batzuk). «Erregimenarentzat arriskutsua zelako hil zuten Oskoz; hirian barrena atxiloturik eraman zuten, pasieran, sufriarazteko, sari baten gisara, jendearen eskarmenturako», azaldu du. Ezeolazaren aurretik, maistra iruindarraren berri emana zuten Pio Barojak eta Jose Maria Jimeno Juriok ere, baina Galo Vierge CNTko sindikalistaren testigantza da lazgarrienetako bat.

Atxilotu zutenean, Oskozekin egoteko aukera izan zuen Viergek, komisarioaren gelan zain zirenean. Elkarrizketa horren berri eman zuen Los culpables liburuan (Errudunak) : «Gaztearekin hitz egiten hasi nintzen, ahapeka, eta nola atxilotu zuten azaldu zidan [...]. Kontatu zidan Ezker Errepublikanoaren egoitzara eraman zutela, Gazteluko plazan, falangistek bere egin baitzuten eraikina. Han, falangistek inguratuta, Alderdi Komunistako kide izateagatik orotariko umiliazioak sufritu zituen; barre eta iseka artean, baso bat errizino olio edanarazi zioten; polizia etxean utzi zuten atxilo».

Oskozen kasua bat dator Pierolak jasotako testigantza gehienekin. NUPeko ikertzailearen esanetan, «zigorrak zentzagarri izateko joera» da emakumeen kontrako jazarpenaren beste ezaugarrietako bat: «Emakumeak jendaurrean lotsarazi nahi zituzten. Biluzi egiten zituzten, errizino olioa edanarazi soinean kaka egin zezaten, eta herriko kaleetan gora eta behera eramaten zituzten pasieran, jendea mezatik ateratzen zen ordu berean, are gehiago umiliatzeko. Ikusgarritasuna nahi zuten, halako zigor batek memoria kolektiboan irauten duelako».

Ezeolazak Oskozen figura aukeratu zuen bere liburua idazteko, ez kasuaren krudeltasunarengatik bakarrik, baita «memoria historikoak emakumeekin duen zorra» kitatzen hasteko: «Alargun, alaba, ama edo lagun gisa aurkeztu ohi ditugu emakumeak, baina orduko giro errepublikazalean protagonista eta ekintzaile ere izan ziren, Camino Oskoz, Maria Dominguez eta Julia Alvarez bezalaxe».

Historiografian, andrazkoen presentziari dagokionez, hutsune handia dagoela uste du Pierolak, baina haize berria sumatu du azken hamarkadan: «Duela hamar urte, oso gutxi ziren emakumeen kontrako errepresioari buruzko ikerketak, eta, zerbait argitaratzen zenean, azalean geratzen ziren. Orain badugu bibliografia on bat. Auzian interesa duen jendea agertu ahala —emakumezko historialariak, gehienbat—, datuak biltzen eta liburuak idazten hasi gara. Hortaz, informazioa egon badago». NUPeko ikerlariaren irudiko, «emakumeei galdetzea» da falta den bakarra: «Historialariek garrantzi handiagoa eman izan diete Erresuma Batuko sufragistei, hemengo emakumeei baino. Saiatu behar dugu hori konpontzen, berandu izan baino lehen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna