Martxoaren 8an, greba feminista

OLATUAREN EMARIA INDARTZERA

Ostiralean Euskal Herriko bigarren greba feministan parte hartzera deituta daude emakumeak. Iazko mobilizazioetan bildutako indarra artikulatzen jardun du mugimendu feministak azken hilabeteetan. Aditu batzuen arabera, azken urteetako susperraldiak laugarren olatu feminista ekar dezake. Baina kontrako erreakzioak ere azaleratzen hasi dira.

Besoko morea jarrita grebarekin bat egitera deitu dituzte emakumeak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Feminismoa ari du. Urte luzeetan zirimiria izan da, kontzientziak apurka bustitzen jardun du, baina, azkenaldian, euri jasa bihurtu da, txoko asko blaitzeraino, bustitzea beste aukerarik ez uzteraino. Iazko Martxoaren 8an izan zen lehen zaparrada handia: milaka eta milaka emakumek hartu zuten parte Euskal Herrian antolatutako lehen greba feministan. Beste zaparrada bat espero da datorren ostiralerako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, eta, akaso, txingor pixka bat ere botako du, mugimendu feministak zehaztuak baititu erakundeei egiteko eskaerak. Izan ere, urtebete ez da alferrik igaro: feminismoaren zilegitasuna erakutsi nahi dute aurtengo greban. Zirimiriaren eta euri jasen ostean, olatua etor dadin.

«Gainezkaldi zoragarri bat izan zen iazkoa. Historikoa», adierazi du Marina Sagastizabal Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak. Ostiralean kalera aterako diren emakume askok buruan izango dituzte iazko irudiak eta bizipenak. Gazteenentzat lehen mobilizazio feminista handia izan zen, eta zaharragoentzat, aspaldiko jendetsuena; andrazko ugarirentzat, berriz, feminismoarekiko lehen kontaktua. Euskal Herrian inor gutxik espero zezakeen grebak ekarritako eztanda, baina kanpora begira antzeman zitekeen zerbait ernaltzen ari zela: azken hiruzpalau urteetan, emakumeak oldeka atera dira kalera Amerikako Estatu Batuetan, Argentinan, Polonian, Espainian, Indian, Brasilen eta Hego Korean, besteak beste. «Laugarren olatu feminista gisa defini dezakegu», iragarri du Rosa Cobok, Coruñako (Galizia) Unibertsitateko Soziologia irakasleak.

Mobilizazioak izaten ari diren bi ezaugarri nabarmendu ditu Cobok, olatu berri baten planteamendua azaltzeko: masiboak izatea eta belaunaldi askotako andreak biltzea. Baina hirugarrena ere aipatu du: «Historian lehen aldiz, feminismoa globala da. Aurreko olatuek kokapen geografiko eta politiko zehatzagoak izan zituzten, baina egun ez dago emakumeen giza eskubideen defentsarako erakunderik ez daukan herrialderik edo eskualderik munduan».

Laugarren olatu horrek erantzuna eman nahi dio 1980ko eta 1990eko urteetan hirugarren olatu feministaren kontra sendotutako erreakzio patriarkalari, Coboren hitzetan: «Feminismo erradikala deslegitimatzen saiatu ziren sozializazio eremu guztietatik, esanez feministen aldarrikapenak neurrigabeak zirela, eta emakumeen mendekotasuna ordena naturalaren parte zela eta ezin zela aldatu. Publizitatean sumatu zen: andreak etxean ageri ziren, emazte eta ama roletan, beti zoriontsu». Ohartarazi du erreakzio hori ez dela iraganeko kontu bat: «Ez da harritzekoa Voxek jomuga politiko gisa hartzea haiek genero ideologia esaten diotena».

Ados dago Julia Marti Comas, Euskal Herriko Mugimendu Feministako partaidea. Azaldu du eskuin muturraren goraldia sistema kapitalistaren krisiaren barruan ulertu behar dela: «Kapitalismoak birkonfiguratu behar du, eta prozesu horretan giltzarri dira dimentsio heteropatriarkala eta arrazista. Sexuaren araberako lan banaketan, andreen egitekoa ezinbestekoa da sistema kapitalista iraunarazteko: beharrezkoa du guk doan zaintzea eta langileak haztea, Casadok [PPko presidenteak] berriki esan duenez». Cobok gogora ekarri du zein diren eskuinaren gizarte ereduaren oinarriak: «Familia patriarkala, aita-senarraren autoritatea, gizonen rola hornitzaile unibertsal gisa, heterosexualitatea, emakumeak mendeko izatea... Eta hori guztia auzitan jartzen ari da mugimendu feminista».

Krisia, «instalatuta»

Hori dela eta, laugarren olatuak «hats antikapitalista nabarmena» duela uste du Cobok. Hala ere, azkenaldian ozendu egin dira feminismoa mugimendu «burgesa» dela dioten ezkerreko ahots batzuk. Martik oroitu du «eraso zaharrak» direla horiek: «Ezker maskulinoak bere garaian ere esaten zuen feminismoak klase batasuna hausten zuela, emakumeen itun interklasisten mesedetan. Baina historiako itun interklasista bakarra gizonen artekoa izan zen, langile klasekoen eta ugazaben artekoa, familia soldata adosteko eta emakumeak fabriketatik ateratzeko. Kritika horien gainetik, feminismo antisistemiko bat elikatzen jarraitu behar dugu».

Eta ildo horrekin bat etorri da Martxoaren 8ko greba deialdia: sistema kapitalistaren aurkako aldarria lehen lerrora eraman du mugimendu feministak. Amaia Perez Orozko ekonomialariak azaldu du erreprodukzio sozialaren arloko krisiak bere horretan dirauela, adierazle makroekonomikoek hobera egin arren: «Krisiaren nozioa instalatuta dago gure bizimoduan: sistemak ez du denontzako lekurik, mundu guztiak bizitza duina izateko modurik ez du ematen; eta geure burua seguruago ikusten genuen talde edo lekuetan ere sumatzen dugu gure bizitzen gaineko kontrolik ez dugula. Grebak aukera ematen digu erakusteko emakumeok ari garela mundua sostengatzen, baina, gainera, mundu hori aldatu nahi dugula, kalte egiten digulako, bizi nahi ez ditugun bizitzak bizi ditugulako».

Hain justu, bizia erdigunean jartzeko helburua berretsi du aurtengo deialdiak ere. Grebak bost ardatz izango ditu, baina zaintzari eman diote lehentasuna: lan horiek ikusarazi nahi dituzte, euren falta agerian utziz. Planteamendu horrek ekarri du greba eredua bera birpentsatzea, Sagastizabalek esplikatu duenez: «Lanuzteak beti egon dira produkzioarekin lotuta, baina emakumeak ez gaude soilik eremu horretan; erreprodukzioari ere begiratu behar zaio, zaintzari, hori ere lan gisa ulertu. Greba egiteko moduen inguruan ere hausnartu dugu: denok ez ditugu lanuztea egiteko aukera berak; beraz, parte hartzeko era gehiago eskaini behar ditugu».

Aldarrikapen zehatzak

Iazko deialditik aurtengora, ordea, bada jauzi bat: 2018an lau orduko plantoak egin zituzten goizean eta arratsaldean, baina oraingoan 24 orduko grebara deitu dute. «Mugimenduarentzat ahalduntze ariketa bat izan zen greba iaz, autoestimu politikorako pauso erraldoia. Erantzun hori ikusita, aurten bazegoen indarra egun osokoa egiteko». Gainera, mobilizazioetako leloak eskaera zehatz bihurtzeko lan bat egin du mugimendu feministak hilabete hauetan. «Aurten badugu aldarrikapenen karta bat».

Hala, iazko greban jauzi kuantitatiboa gertatu zela eta oraingoan salto kualitatibo bat eman nahi dutela argitu du Sagastizabalek. «Iaz, erakundeetatik eta enpresa batzuetatik keinuak egin zizkioten grebari; beraz, aurten garrantzitsua zen azpimarratzea zertaz ari garen, zer exijitzen dugun: eraldaketa sozial sakon bat aldarrikatzen ari gara, eta aurpegi zuriketek ez dute tokirik». Asteon aurkeztu dituzte 28 neurri zehatz; besteak beste, enplegu duina, zaintzarako zerbitzu publikoak eta indarkeria matxistaren aurkako baliabide gehiago galdegin dituzte, baita Atzerritarren Legea eta merkataritza askeko nazioarteko itunak baliogabetzea ere, eta etxeko langile egoiliarren figura desagerraraztea. «Martxoaren 9tik aurrera kontuan har ditzaten», zehaztu du Sagastizabalek.

Mireia Espiau berdintasun teknikariak ere argi du iazko Martxoaren 8an erakutsitako indarrak instituzio publikoak «interpelatu» egin zituela. Galdera bati erantzuten saiatu zen orain bi aste Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosan feminismoaren inguruan antolatutako jardunaldietan: agenda feminista txerta al daiteke EAEko politika publikoetan? Eta kritiko mintzatu zen berdintasun politikek hartu duten norabidearekin: «Agerikoa dirudi agenda feministak gainezka egin diela berdintasun politikei, egun hemen ulertzen ditugun bezala».

Espiauk gogora ekarri du feminista asko dagoela instituzioetan. Izatez, erakundeetako berdintasun organoak mugimendu feministaren eskariz sortu ziren, 1980ko hamarkadatik aurrera, eta, hain justu, euren aldarrikapenak politika publikoetara eraman nahian sartu ziren aktibistak lanera. «Baina feminismoaren instituzionalizazio horrek argi-ilunak izan ditu», aitortu du.

Politika «ahulak»

Izan ere, oreka zail batean daude berdintasun teknikari asko, sarri kontraesan betean: «Oso lanpetuta gaude lan teknikoetan, tresna biribil eta eredugarri ugari jarri ditugu martxan: gure arreta metodologiaren garapenean jarri dugu, eta ez helburuetan. Askotariko ikuspegiak eta jardunak ekarri ditu horrek, eta, batzuetan, ikuskera politiko antagonikoetatik datoz». Erakundeen diskurtsoan mezu feministak txertatu dituzte, «baina zail egin zaigu beren esanahiak mantentzea». Desberdintasunei buruzko ikerketa ugari ere egin dituzte, «baina arazoak izan ditugu justizia sozial handiagoa lortzeko proposamenak egiteko».

Arazoa sakonekoa da, beraz. Ikuspegi osoa aldatu beharraz mintzatu da Espiau: «Fokua mainstreaming kontzeptuan jarriz gero, agenda feminista politikaren ardatzean ipintzeaz ariko ginateke. Kontua ez da egungo agendan genero ikuspegia txertatzea, baizik eta agenda eragileekin batera sortzea. Baina parte-artzea prozesuak legitimatzeko modu gisara ulertu dugu, eta ez hainbeste demokrazia eta ahalduntzea garatzeko modu gisara».

Agertokiak ere ez du laguntzen jardun horiek auzitan jartzen. Espiauk aitortu du berdintasunerako politika publikoak «ahul» daudela: «Ematen du letra larriz idazten den politikan aritzeko baimena eskatzen ari garela, interpelatu beharrean». Berdintasun organoen baliabide arazoak zerrendatu ditu: aitortza eta autoritate falta, langile gutxi eta ezegonkortasun egoeran, eta baliabide ekonomiko oso eskasak. Eta zintzo adierazi du abagune horretan ezin dela agenda feministarik ezarri: «Ezin da jorratu hain egitasmo erradikala erreferentzialtasunik eta ia botererik gabeko politiketatik, kontuan izanda, gainera, politika horiek sistemara egokitzea dutela xede, eta ez pitzadurak irekitzea. Berdintasun politikak berriz pentsatu behar ditugu; baina egin daiteke».

Bat etorri da Julia Marti Comas. Salatu du erakunde gehienetan ez dagoela talde feministekiko ia solaskidetzarik, eta politikek norabidea aldatu behar dutela: «Argazkiek eta asmo oneko adierazpenek ez dute ezertarako balio politika feministak lehenesteko konpromisorik ez badago». Baina gaineratu du eskubideen defentsa «mugetatik eta estatuetatik harago» ere pentsatu behar dela, hori baita enpresa transnazionalen esparrua. «Artikulazio feminista globalerako fase berri batean gaude», ondorioztatu du.

Euskal Herrian bertan ere, artikulazio hori gauzatzea da mugimendu feministak orain daukan erronka handienetako bat, Marina Sagastizabalen ustez. Militantzia ereduarekin lotu du: «Parte hartzeko moduak aldatzen ari dira; egun, indibidualizazio prozesu ikaragarri batean murgilduta gaude, eta nabaritzen da: kolektiboa den guztia, eguneroko inurri lan hori, kostatu egiten zaigu. Sare sozialek daukaten deialdi gaitasunarekin, batzuetan modu autonomoan antolatzen dira mobilizazioak; hori polita da, baina arriskuak ere baditu: zer diskurtsorekin ateratzen da jendea kalera?».

«Ezinegona politizatu»

Eragile guztiak bat datoz: greba feministak iaz utzi zituen irudiak hamarkada askotako lanaren ondorio dira. Besteak beste, inoiz feminismora gerturatu gabeko emakumeek ere parte hartu zutelako mobilizazioetan, Rosa Cobok azpimarratu duenez: «Emakumeak gehien zapaltzen dituzten guneetan arreta jartzeko gai izan da feminismoa, eta horregatik erakarri ditu hainbeste emakumeberen burua ez dutenak feministatzat. Ez da harritzekoa laugarren olatu honen bihotzean indarkeria sexuala eta emakumeen esplotazioa egotea». Soziologoak «ezinbestekotzat» du andre horien partaidetza: «Tabua hautsi dute, eta hurrengo urratsa izango da mugimenduan sartzea, edo etxean edo lantokian interpelatzea».

Amaia Perez Orozkok erantsi du emakume horien «ezinegona politizatu» egin behar dela: «Ondoez horrek gatazka historiko bat adierazten du: batetik, emakumeoi inposatu egin zaigulako egoera hau aurrera ateratzea, eta, bestetik, aurre egin behar diegulako gorputzaren zein bizitzaren gaineko kontrol neurri eta indarkeria berariazkoei. Baina egonezin horri forma politiko argiago bat eman behar zaio: ulertu zer den, nondik datorren, eta pentsatu zer egin nahi dugun berarekin». Eta ariketa hori ikuspegi feministatik egin behar da: «Posizio emantzipatzaile eta subertsibo batetik egiten ez badugu, beste leku batzuetatik har dezakete haserre eta ondoez hori, eta erabil dezakete statu quo-a berresteko edo indarkeria gogortzea legitimatzeko».

Autonomia mantendu

Martik ere arrisku hori ikusten du: «Mehatxu patriarkalak ez datoz soilik argiki matxistak direnetatik; neoliberalismoak legitimazioa lortu nahi du diskurtso feminista batzuk erabiliz,emakumeak esplotatzen eta eskubideak ukatzen dituen arren». Hizlariek gogora ekarri dute iazko greba feministaren arrakastaz jabetzen saiatu zirela hainbat buruzagi politiko, jarrera antifeministak agertu izan dituzten arren. «Distortsio ahalegin» horiek salatu ditu Cobok: «Diskurtso feminista banalizatu nahi dute, karga erradikala kendu, edukiz hustu, ez dadin hain eraldatzailea izan. Baina ez dute kontuan hartu talde feministak ondo txertatuta daudela gizartean». Baikor mintzatzeko arrazoi bat da hori, Perez Orozkoren aburuz: «Feminismoa hegemonizatzeko ahaleginen gainetik, mugimendua autonomoa, oinarrikoa eta horizontala da. Eta babes neurri bat da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.