Politika egiteko beste modu bat aldarrikatzen du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, duela hilabete eskas batzuk arte umorista ospetsu bat zenak. Pobrezia eta ustelkeria kasuak direla eta, herritarrak ez ziren fidatzen Petro Poroxenko 2014tik presidente izandakoaz, eta, horrenbestez, presidentetzarako hauteskundeak erraz antzean irabazi zituen, joan den apirilean. Hilabete pasa geroago, karguaren zina egiterakoan, herritarren bizi kalitatea handitzeko eta Donbass eskualdeko gerra amaitzeko erreformak agindu zituen presidente berriak. Baina Rada Gorenaren, hots, parlamentuaren kontrola behar du horretarako, eta uneotan ez dauka, Herriaren Zerbitzaria bere alderdia berria delako, eta ordezkaririk ez daukalako parlamentuan. Hortaz, ganbera desegin zuen dekretu bidez, eta hauteskundeetara deitu. Bihar egingo dituzte.
Estatuaren erabateko kontrola du jokoan Zelenskik, eta, inkestek diotena kontuan hartuz gero, bereganatuko duela dirudi. Reiting etxearen azken zundaketaren arabera, botoen %40-42 inguru lortuko ditu Zelenskiren alderdiak. Presidentetzara heldu zenetik, hartu ditu neurri batzuk, elkartu da EB Europako Batasuneko agintariekin, mintzatu da telefonoz Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, eta, beraz, olatuan jarraitu du.
Gainera, garaipena lortzeko orduan arerio politikoek kilimarik ere ez diotela egingo diote inkestek. Juri Boikoren eta Viktor Medvedtxuk Putinen lagunaren Oposizioaren Plataforma errusiazalea izan daiteke bigarren indarra, botoen %10-12 lortuta. Zelenski ez da errusiazalea, baina, Bruselara begira jarri arren, Putinekin ondo konpontzeko nahiak ez dio, ez, kalterik egingo bihar. Poroxenkoren Europar Elkartasunak, berriz, lanak izango ditu botoen %10era heltzeko.
Duela hamarkada bat lehen ministro izandako Julia Timoxenkoren Aberria alderdiak ere ez du, antza, langa hori gaindituko, baina boto horiek oso garrantzitsuak izan daitezke Zelenskik gehiengo osoarekin gobernatu dezan. Izan ere, Timoxenkok babesa eskaini dio, eta proposatu du «alderdi europazale demokratiko guztiek» bat egitea parlamentuan.
Alderdi «demokratiko» horien multzoan sartu du Ahotsa izenekoa. Alderdi berri bat da, Okean Elzy herrialdeko musika talde maitatuenetako baten liderrak sortua, Sviatoslav Vakartxukek. Ordezkaritza lortzen badu, ez dirudi Zelenskiri trabarik jarriko dionik. Botoen %5 behar dira Radan eserlekuak lortu ahal izateko, eta inkestek diote Vakartxuken alderdia hor-hor ibiliko dela.
Zelenskik kanpainan adierazi duenez, Ahotsarekin aliatu nahiko luke. Asmo hori bera oso argi utzi zuen presidentearen aholkulari Sergei Sefirrek atzo: «Espero dugu [Vakartxuk] parlamentuan sartzea». Timoxenkoz ere galdetu zioten kazetariek, eta iradoki zuen ez diotela muzin egiten harekin aliatzeari.
Hauteskundeen aurreko orduetako zenbakiak eta giroa aintzat hartuz gero, Zelenski Ukrainaren erabateko kontrola hartzeko moduan da. Eta, behin hori lortuta, bi helburu nagusi ditu. Batetik, herritarren bizi kalitatea hobetzea. Herrialdeen BPG barne produktu gordinari erreparatuta NDF Nazioarteko Diru Funtsak argitaratutako azken txostenaren arabera, Ukraina da Europako herrialderik txiroena. Zelenski batzartua da NDFko kideekin, eta horiek adierazi diote baietz, emango dizkiotela maileguak, baina horretarako hainbat erreforma egin beharko dituela.
Duela gutxi kaleratutako inkesta batek dio pobrezia horrek arduratzen dituela, batez ere, ukrainarrak. Herrialdearen hego-ekialdeko Donbass eskualdeko gatazkak ere arduratzen ditu. Presidente kargua hartu zuenean, 2014an hasitako gatazka amaitzea lehenetsi zuen. Horretarako ahaleginean Poroxenkok baino harreman hobea dauka, gutxienez, Putinekin.
450 eserleku ditu Radak, baina, gerraren ondorioz 26 barruti Kieven kontrolpean ez daudenez, hurrengo legegintzaldian 424 eserleku edukiko ditu ganberak. 30 bat milioi ukrainar daude bozkatzeko moduan.
Keinuak
Bruselako atea jotzearekin tematuta dago Zelenski. Ukraina EBko estatu kide izateko bidean jarri nahi du, eta bildu da Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, baita Jean Claude Juncker Europako Batzordeko jarduneko presidentearekin eta Donald Tusk Europar Kontseilukoarekin ere, besteak beste. Ondo hartu dute, baina arinegi ez joatea gomendatu diote, eta erreformak eskatu dizkiote; batez ere, ustelkeria saihesteko.
Horrekin lotuta, Zelenskik berak lege proposamen bat aurkeztu berri du parlamentuan, eskatuz zigortuak izan daitezela legez kanpo aberasten diren funtzionarioak. Radak antzeko lege bat onartu zuen 2015ean, baina Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen, argudiatuz errugabetasun printzipioa urratzen zuela.
Ukrainako presidenteak badaki ustelkeriaren aurkako mezuak zabaltzeak botoak ematen dizkiola, eta, horretarako, ez dio uko egiten modu efektista batean jokatzeari. Joan den uztailaren 10ean, esaterako, Kiev eskualdeko funtzionario bat kanporatu zuen batzar batetik. Bilera zuzenean ematen ari ziren telebista batean, eta aurrekari penalak izatea leporatu zion Zelenskik Jaroslav Hodunok funtzionarioari, Aberria alderdikoari. Bizkartzainek kanporatu zuten Hodunok. «Ez ditut mafiosoak atsegin», adierazi zuen Zelenskik, gero.