Berdintasuna. Martxoaren 8a

«Sistema arrakalatzea» aldarrikatuko du karrikan mugimendu feministak

Baionan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian egingo dituzte protesta nagusiak, baina herrietan ere mobilizazioak antolatu dituzte

Martxoaren 8ko mobilizazioak aurkeztu zituen mugimendu feministak atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Donostia
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean hartuko ditu karrikak Martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak. Atzo aurkeztu zituzten Emakumeen Nazioarteko Egunerako mobilizazioak, Donostian egindako agerraldi batean, eta nabarmendu zuten inoiz baino beharrezkoagoa dela karrikara ateratzea. Bilbon, Baionan, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira manifestaziorik handienak, baina, hirietan ez ezik, Euskal Herriko hainbat herritan ere egingo ditu mobilizazioak mugimendu feministak. Ekitaldi denetan arduraz jokatzeko eta osasun neurri guztiak betetzeko deia egin dute.

Azken urteetako greba feministetan eta mobilizazio handietan bezala, bizitzak erdigunean jartzeko eskatu du mugimenduak, eta gogora ekarri du COVID-19ak eragindakoa ez dela osasun krisia soilik: «Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo», adierazi dute Irati Ezkerrak eta Katia Reimbergek, talde feministen izenean. Pandemia garaian ere kaleak hartzeko beharra nabarmendu dute: «Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista arrakalatzeko, feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu».

COVID-19ak eragindako krisian ere gobernuek kapitala lehenetsi dutela salatu du mugimendu feministak, eta emakumeen kontrako erasoek ez dutela etenik izan: «Abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide etxetik kaleratuak izan dira, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanei heltzeko, indarkeria matxistak ez du etenik izan, eta krisialdiak eragin zuzenekoa izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakumezko langileen eremuetan».

Dena den, mugimendu feminista egunetik egunera «gaurkotzen» eta «indartzen» ari dela nabarmendu du Ezkerrak: «Gure arteko arrazakeria bistaratu eta landu dugu, herrietan eta auzoetan aliantza sareak ehundu ditugu, borrokarako espazioa zabaldu dugu, eta mundu mailako ekintzetan parte hartu dugu». Horregatik, karrikan egongo direla nabarmendu du Ezkerrak: «Euskal Herrian eta Euskal Herritik dena aldatzeko lan egingo dugu, eta, Martxoaren 8an, erdigune eta bazter guztietan mobilizatuko gara».

Mobilizazioak

Ohi bezala, hiriburuetan izango dira mobilizazio nagusiak Emakumeen Nazioarteko Egunean. Baionan, goizean aterako da mugimendu feminista karrikara: 12:00etan hasiko da manifestazioa, ospitaletik. Gainontzeko hiriburuetan, arratsaldean izango dira manifestazioak. Donostiakoa 18:30ean hasiko da, Antiguako tunelean. Gasteizen eta Bilbon, 19:00etan izanen dira manifestazioak; Gasteizkoa, San Anton plazatik abiatuko da, eta Bilbokoa, Jesusen Bihotza plazatik. Iruñean, berriz, 20:00etan izango da protesta, baina manifestazio bakarra izan beharrean, auzo bakoitzean izango dira mobilizazioak. Halere, hiriburuetara mugitzeko zailtasunen ondorioz, herrietan mobilizazioak antolatzeko eta horietan parte hartzeko deia ere egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.