Kurdistan

Yazidiak berriz ere jopuntuan

Apirilaz geroztik, Turkiak sistematikoki bonbardatu du Iraken menpeko Kurdistan, PKKren aurka egiteko aitzakiarekin. Baina zibilak dira bonbardaketa horien biktimak.

Turkiako droneek bonbardatutako auto bat, Shengalden. O. CASAGRANDE.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Erietxetik gertu nengoen Turkiako hegazkinek bonbardatu gintuztenean. Nire lehen erreakzioa izan zen eraikinerantz lasterka egitea, baina arrebak ez zidan utzi, eta eskerrak, bigarren bonba bat erori zelako erietxe ondoan. Irudi izugarri batekin egin nuen topo. Odolaren usaina erre usainarekin nahastuta, gorpuak, eta zaurituen auhenak». Hamidek azkar hitz egiten du telefonoz, Irakeko Kurdistandik, Shengal iparraldeko yazidien kurdueraz.

Turkiak abuztuaren 17a bonbardatutako ospitalea Shengalgo Sikeniye herrixkakoa da. Zortzi pertsona hil ziren bonbardaketa hartan, erietxeko lau langile, eta YBS Shengalgo Erresistentzia Unitateetako lau kide, erietxea defendatzen ari zirenak EI Estatu Islamikoaren mehatxuetatik.

Muhlise Sidar medikua 2014an heldu zen Shegalera Ipar Kurdistandik (Turkiaren menpeko Kurdistan), boluntario gisara. «Erietxea 2014ko abuztuan EIk suntsitutako eskola bat zen egiaz, eta, geroztik, herritarren eta Shengalgo Kontseilu Autonomo Demokratikoaren [MXDS] funtsei eta ahaleginei esker aritu da lanean», azaldu du Necla Newafek, MXDSko osasun batzordeko kideak. Haren esanetan, erietxean milaka lagun sendatzen aritu dira, zailtasunak zailtasun. «Shengal EIren erasoetatik defendatzen aritu diren YBS eta YJSko —emakumeen defentsa unitateak— gerrillarietatik asko ospitale honetan artatu dituzte. Baina milizianoak ez ezik, COVID-19aren proban positibo emandako asko zeuden ospitaleratuta, eta ez bakarrik Shengalgoak, gure erietxeak eskualdetik datorren edozein jaso baitezake». Newafek eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko komunitateari utz diezaiotela Turkiaren krimenei entzungor egiteari.

Erietxearen aurkako erasoaren bezperan, abuztuaren 16an, Turkiako hegazkinek Shengal hiriaren erdigunea bonbardatu zuten, merkatu zaharraren ingurua. YBS miliziako buru Seid Hesen zen erasoaren helburua, zeina, erbestean den Shengalgo Kontseiluko presidente Fikret Igrekek BERRIAri berretsi dioenez, Irakeko lehen ministro Mustafa Kadimirekin biltzekoa zen.

«Erasoaren zehaztasuna kontuan hartuta, argi dago turkiarrek informazio xehea zutela Hasen komandantearen kokapenari buruz, eta bazekitela non eta zer ordutan igaro behar zuen hirigunetik. Haren zain zeuden, eta ez zuten hutsik egin», esan du Igrekek. Haren arabera, ez dago zalantzarik informazioa Mesud Barzaniren PDK Kurdistango Alderdi Demokratikokoek eman zietela turkiarrei: «Tamalez, PDK lan zikina egiten ari da Turkiarentzat. 2020ko urriaren 9an Kurdistango Eskualde Autonomoak eta Irakeko Gobernu zentralak Shengalen etorkizunari buruzko akordioa sinatu zutenetik, PDKk Turkia babestu du yazidien aurkako erasoetan».

Besteak beste, akordioak politika administratiboko auziak, segurtasunekoak eta estatuko azpiegiturei lotutakoak jasotzen ditu. Itunaren arabera, Hewler (Arbil) da orain eskualdea kudeatzeaz arduratzen dena, eta Irakeko Gobernua da segurtasuna kudeatzen duena.

2014an egin zen ezagun Seid Hesen komandante beteranoa, EIren aurkako borrokan, Estatu Islamikoak erabaki zuenean Shengalgo yazidiak desagerraraztea. Hesen hil zuten eraso berean, YBSko beste komandante bat ere hil zuten, Isa Xwededa.

Turkia Irak iparraldea bonbardatzen aritu da sistematikoki apirilaren 23az geroztik, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurka borrokatzen ari den aitzakiarekin. Errealitatea bestelakoa da, ordea, eta bonbardaketa horiekin herritar zibilek eta Avashin, Metina eta Zapeko herrixkek sufritzen dute. Bonbardaketei lurreko erasoaldia gehitu zaie, eta askok Turkiako armadak arma kimikoak erabili dituela salatu dute, horren frogak aurkeztuz.

2015etik, EIren sarraskiaren ostean, yazidiak Shengalera itzultzen hasiak dira, eta Shengalgo Kontseilu Autonomo Demokratikoa osatu dute. Gaur egun 200.000 inguru dira eskualdera itzuli direnak, 2014ko sarraskiaren aurretik 400.000 pertsona bizi ziren eskualdean. Uste dute 2014ko abuztuaren 3an hilketak hasi zituztenetik Estatu Islamikoaren mertzenarioek 12.000 inguru hil edo bahitu zituztela. Dozenaka mila pertsonak jarraitzen dute Irakeko Kurdistango kanpalekuetan, Shengalgo kontseiluak dioen moduan, «aire zabaleko presondegietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.