«Ezin dugu euskara arma gisa erabili; batzeko hizkuntza da»

jon olano
Eibar
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Irunen, txosten batean azaleratu da emakumeek alardean bizi izan duten indarkeria. PSEk gobernatzen du han. Gaiak sortzen al dizue kezkarik?

PSEn beti berdintasunaren aldekoak izan gara; aurrerapausoak emateko lanean segituko dugu. Ulertzen dut alardea Irunen oso berezia dela. Nire posizioa argi daukat: ez daukat dudarik hemendik urte batzuetara hori normaltasunez ikusiko dela eta alarde parekidea normalena izango dela. Aurrerapausoak eman dira; gehiago eman beharko dira.

Bi urte dira Zaldibarko hondamenditik. Egin duzue gogoeta gobernuaren erantzukizunaz?

Bai. Epaitegietan jarri beharreko guztia jarri dugu, eta prestasun osoa eduki dugu justiziarekin lan egiteko. Epaitegiak bere balorazioa egin du, eta ondorioak atera daitezke; ez soilik gertatutakoaz, baita daukagun ereduaz ere. Epe luzeko gogoetak egiteko dauzkagu: zaborren kudeaketaz, kontsumoaz...

Hezkuntza legea eztabaidatzen ari da legebiltzarrean. Zer jarrerarekin doa PSE?

Leku batzuetan, eztabaida osoa hizkuntzan kokatu da; hori akats hutsa da. Hizkuntza ez da arazo bat; beste erronka batzuk dauzkagu. Eskola publiko on bat daukagu, baina erremintak hobetu behar dira emaitzak hobetzeko.

Hizkuntza ez da arazo?

Batzuentzat bai, gauza oso ideologiko baten moduan ikusten dutelako. Gure hezkuntza sisteman, beste gai potolo batzuk dauzkagu.

Beraz, murgiltze eredua ere ez litzateke arazo izango.

Denok daukagu aukera nahi dugun ereduan ikasteko. Nire gurasoek ez zekiten euskaraz, eta nik dena euskaraz ikasi nuen. Ez dut eduki arazorik, eta nire umeek euskaraz dute hezkuntza osoa. Ezin dugu euskara arma gisa erabili. Euskara batzeko hizkuntza da, gure kulturaren parte oso garrantzitsu bat, eta euskarari behar duen lekua eman behar zaio. Beste arazo potoloago batzuk badauzkagu gure sisteman; hel diezaiogun inportanteari, eta ez gaitezen murgildu beste eztabaida batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.