HAMAR. IHESALDI

2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun
1 'Basauriko satorrak'. ETAko kideek gauzatutako lehen ihes handia biltzen du. 15 presok egin zuten alde Basauriko presondegitik 1969an. Ihesa prestatu zuten etakideek preso arrunt batzuen laguntza behar zutela eta, espetxean zeuden hiru gaizkile arrunt ere haiekin ateratzea onartu zuten. Bost agertu ziren abiatzeko unean: «Batek anaia ere ekarri zuen, eta horrek, maitalea», jasotzen du liburuak Jontxu Butronen ahotik. 12 bat metroko tunela eginda atera ziren kartzelatik; sukaldeko patiotik kalera arteko zuloa eginda. Lehenengo plana zapuztu ondoren gauzatu zuten bigarrena, eta istorioa ez zen kartzelatik ateratzean amaitu. Beste horrenbeste abentura izan zituzten Baionara iristeko lehenik eta Parisera ondoren.

2 'Martxoaren 6a'. 1993an Jose Mari Sagardui Gatza-k egin zuen saioa jasotzen du. Berezitasunetako bat da berak bakarrik prestatu zuela ihesaldia, eta protagonistak berak kontatu du esperientzia, xehetasun handiz. Granadako espetxera zaurituta iritsi zen egunean bertan atentzioa eman zion zerbaitek bultzatu zuen ihesa prestatzera: kaleko hotsak entzuten ziren kartzelatik. «Kalea bertan da!». Ziegako ohe gainean armairua jarri, gainera igo, eta sabaian zuloa egiten hasi zen. Bukatu zuenean teilatura igo, eta salto eginda gainditu nahi zuen kalera arteko tartea. 1993ko martxoaren 6an egin zuen salto. Baina ez zitzaion ondo atera. Kartzelako murruaren kanpoaldera erori ordez barrualdera jausi zen. «Kristoren zartakoa hartu zuen, eta, gainera, harrapatu ondoren, kristoren jipoia eman zioten», kontatu du Martinezek. Espetxealdia luzatzea ere ekarri zion saioak.

3 'Kontsularen ihesaldia'. Bitxia da Eugen Beihl Alemaniako kontsul zenaren istorioa. Bahitua zuten ETAko kideengandik ihes egiten saiatu zen. Lortu ere egin zuen, baina saioa ez zen espero bezala amaitu. 1970. urtea zen. Burgosko prozesuaren epaiketa hastear zen, eta protesta gisa atxiki zuten alemaniarra. «Mundu guztia ari zen bere bila», dio Martinezek. Zuberoan, Montoriko etxe batean zuten gordea. Gau batean, bahitzaileak lokartzen ari zirela konturatu, eta ihes egin zuen kontsulak. Ostatu batean sartu zen. Alemaniako kontsula zela oihukatu zuen, baina tabernakoek ez zuten serio hartu. Azkenean, nondik zetorren azaltzeko esan zioten. Beihlek eraman zituen bahitua zuten etxera. Apaizaren etxea zen. «Apaizaren etxetik bazatoz, apaizaren etxera», esan zioten. Haren esku utzi zuten. «Herriko haiek ez ziren ETAkoak; ez ziren abertzaleak ere!», kontatu du Martinezek. «Baina apaizaren etxea zen...».

4 'Segoviako katalanak'. 1976an 29 preso joan ziren Segoviako espetxetik. Ezaguna da tunela eginda atera zireneko pasartea, baina idazleak beste ikuspuntu batetik kontatu ditu egun haietan bizitakoak: euskaldunekin batera ihes egin zuten katalanen begietatik. Haietako batek kontatu ditu prestaketa lanak eta tentsio egoerak. Euskaldun asko zeuden orduan Segovian; 200dik gora: miliak, polimiliak, LKIkoak... Katalanen artean elkartasun giroa zuten, eta euskal herritarrak, aldiz, ez zirelako moldatzen harritzen da oraindik protagonista. «Kasik etsaiak ere bazirela dio, beti haserre zeudela». Bizipen horiek, ihesaldia eta espetxetik atera ondorengo abenturak kontatu ditu.

5 'Txoriak txori'. Ustez helikopteroekin egindako ihesaldi saioak biltzen dira atal horretan. Ez daude protagonista edo laguntzaileen ikuspuntutik kontatuta, polizia txostenetan eta egunkarietako informazioetan oinarrituta baizik. «Ez direnez ondo atera, ez dakit hala den edo ez», zehaztu du idazleak. «Hori leporatu izan dietenek beti ukatu izan dute». Baina pelikuletako istorioak dira, haren ustez biltzea merezi dutenak. Ustezko hiru saio jasotzen ditu: 1990ean Sevillan, 1992an Puerton, eta 2009an Huelvan eginak.

6 'Ospitalekoa'. Kutsu «komikoa» dute Bernardo Azpitarte Kabra-k 1978an Beasaingo ospitalean egin zituenak. Komando Autonomoetako kidea zen, eta ihesaldia prestatu zuten komandokide batek kontatu ditu bizitakoak. Izaratik zintzilikatuta atera zen Kabra leihotik, baina aurreikusitako bidetik jarraitu ordez, teilatutik aurrera egin zuen, erosoagoa zelako. Ez zen iritsi behar zuen lekura. Luzaro egon zen autoa zain maletategia zabalik zuela, baina iheslaria beste leku batetik atera zen. «Zoroak moduan ibili ziren bila, Kabra ez zegoelako ez autoan ez klinikan».

7 'Antzezlana'. «Polita» da istorioa; sinesteko zaila. 1984an Iparretarrak taldekoek Maddi Hegi eta Gabi Mouesca Paueko espetxetik nola atera zituzten kontatu du. Komando handi bat prestatu, jendarmez mozorrotu, eta kartzelako zuzendaria bahitu zuten. Espetxezainei Hegi eta Mouesca lekualdaketa baterako ateratzeko agindu behar zien zuzendariak. Presoen lagunak ondoan egongo ziren, jendarmeen jantziekin. Hala egin zuten, eta hala atera zituzten espetxetik. Philipe Bidartek kontatu du istorioa; operazio buruak. Hura joan zen espetxezainengana zuzendariarekin, eta, garai hartan pertsonarik bilatuenetarikoa izanik eta haren argazkia pareta guztietan zegoen arren, espetxezainak ez ziren konturatu ere egin. «Txikia da Bidart, eta horren arriskutsua izanik kristorena irudikatuko zuten edo», dio Martinezek.

8 'Bi anai'. Joxean Berasategi La Sante espetxera Ismael anaia bisitatzera joan, eta kartzelan geratu zen preso zuen anaia atera zedin. Barruan geratu zen Joxeanek berak kontatu ditu 2002ko ihesaldia, prestakuntza, eta trukearen zergatia. «Oso polit, oso modu bizian kontatu du prestatu zuen abentura», dio idazleak. Trukea larunbatean egin, eta espetxezainak ez ziren ostegunera arte konturatu. Ihesean laguntzeagatik preso izan zuten gerora ere.

9 'Kartzela barnera ihes'. 1976an bost presok egin zuten ihes Basauriko kartzelatik. «Fugista totalak ziren haiek», azaldu du Martinezek Patxi Arana iheslariaren kontakizunak gogoratuta. Kartzelan egon zen bost urteetan, hiru aldiz gutxienez saiatu zen ihes egiten. Saioetako bat taldean prestatzen ari zirela, lekualdatzea izango zuten zurrumurrua sortu zen. Dena azkartu beharra zegoen eta estrategia aldatu. Espetxezainei ihes egin zutela sinetsarazi, eta kartzelan ezkutatu ziren. Eskulanak egiten ziren gelaren gainean gorde ziren, teilatupean. Gauean gelako atea ixten zutenean jaisten ziren gelara, eta bitartean, metro eta erdi inguruko ganbara antzekoan egoten ziren. «Dena egiten zuten han; den-dena, kaka ere bai», dio idazleak. Beste presoek uzten zizkieten jatekoak eta beste, eta bi hilabetez egon ziren horrela. Egun horien guztien kontakizun zehatza egin du Aranak.

10 'Bafleetatik ihes'. Ezaguna da Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak 1985ean Mikel Antzaren laguntzaz bafleetan gordeta Martutenen egin zuten ihesaldia. Oraingoan, Pikabearen lekukotza jaso du Martinezek, sentipen eta sentsazioak barne. «Ihes egitera zoazenean beti dago arrisku handia, baina, bafle baten barnean zaudenean erabat salduta zaude», dio idazleak: «Ez duzu ikusten, ez duzu entzuten... besteen eskuetan zaude erabat; ez dakizu zer gertatzen ari den sartuta zauden kutxa horretatik kanpo, eta bafle barruan ezin duzu ezer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.