Pau Perez Sales. Psikiatrian doktorea

«Torturaren aferan, zientzia forentseak ordezka dezala diskurtso ideologikoa»

Istanbulgo Protokoloak, Euskal Herrian izaniko tortura kasuak dokumentatzeko ez ezik, torturen biktimak errehabilitatzeko ere balio izan duela uste du; «merezi du lan honekin jarraitzea». Tortura atzemateko, begirada «garbia» izatea eskatzen du.

J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
Madril
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Madrilen, La Paz ospitalean gaueko lan txanda egin ostean hartu du BERRIA Pau Perez Sales psikiatrak (1963, Girona, Herrialde Katalanak). Torturaren kontrako mundu mailako aditua da: besteak beste, torturaren ondorio psikologikoen ataleko presidente da Psikiatren Munduko Elkartean, Torture Journal aldizkariko editore nagusia, eta Eusko Jaurlaritza torturari buruz egiten ari den ikerketan ere hartu du parte; zehazki, Istanbulgo Protokoloa ezarri dieten kasuen kanpo gainbegiratze lana egin du; tartean, Sandra Barrenetxearen kasua.

Barrenetxea torturatu zutela leporatuta epaituriko lau guardia zibilak absolbitu egin dituzte. Epaian, auzitan jartzen da Istanbulgo Protokoloa ezarri zenioten perituen lana. Zer iritzi duzu?

Duela aste batzuk, Mexikon nengoen hango Auzitegi Goreneko auzi medikuei ikastaro bat ematen. Hango zuzendariak honako hau esaten zidan: «Orain, modako bihurtu da presoek Istanbulgo Protokoloa eskatzea, eta urtean 300 eskaera baino gehiago izan ditugu. Eta guztiak izan dira negatiboak. Beraz, nik behar dudana da zuk nire forentseak trebatzea jakin dezaten presoak noiz ari zaizkien gezurretan». Hori da daukagun testuingurua.

Forentseei esan nien nik tresnak erakutsiko nizkiela beren lanean erabiltzeko, baina nik ezin nuela haien begirada aldatu. Hau da, norbaitek zerbaitikusi nahi ez badu, bada, ez duela ikusiko. Presoak begirada garbi batekin ikusteko konpromiso etiko bat hartu ezean, alferrikakoa da edozein formakuntza.

Epaile, fiskal eta forentse gehienentzat, Istanbulgo Protokoloa fede kontu bat da, peritu batek ustezko biktima baten salaketarekin egiten duen fede ekintza bat. Eta, hori ikusita, epaileak esaten du berak beste fede ekintza bat egingo duela, eta berea denez, ba, berea gailentzen zaio bestearenari.

Baina Istanbulgo Protokoloa ez da fede ekintza bat. Istanbulgo Protokoloa oso lan sakon eta zehatza da, egun askoan egiten dena. Torturaren ebidentzien dokumentazio zientifiko bat egiten da protokoloarekin, eta, azkenean, sinesgarritasun epai bat ematen da irizpide profesionaletan oinarrituta.

Eusko Jaurlaritzaren eskariz aztertu dituzuen kasuetan, protokolo laburtua erabili duzue. Zergatik?

Fase honetan ez zelako hainbeste lortu nahi jakitea zeintzuk diren torturaren biktimen ondorio klinikoak, baizik eta gertaerak baieztatzea, Eusko Jaurlaritza egiten ari den biktimen zerrenda ofiziala osatzea baita helburua. Hala ere, pertsona bakoitzarekin hiru ordutik zortzi-hamar ordu arte egon gara [berez, asteetako lana da].

Gainera, protokolotik harago jo dugu: tortura psikologikoa neurtzeko, ingurune torturatzaile batean egon ote den neurtzeko eskala erabili dugu, baita eragin psikologikoa neurtzeko beste eskala bat ere, atzemateko zailagoa den min hori neurtze aldera. Gure lanean aztertutako kasuen %15ek ondorioren bat duela ondorioztatu dugu.

Zerrendaturiko 4.009 kasuen artean, ausaz hautaturiko 202 kasuri ezarri diozue Istanbulgo Protokoloa; %98 «sinesgarriak»edo «erabat sinesgarriak» direla ondorioztatu duzue. Zenbait agintarik eta poliziaburuk, ordea, zalantzan jarri dituzte datu horietako batzuk; diotenez, torturatuak izan direla esan dutenen datua da zerrenda.

Hori, torturatuak izan direla esan dutenen datua dela, hori ez da egia. Oraindik ez da ikerketa ezagutarazi, eta, datuak ezagutarazi diren bakoitzean, datu horien kontrako adierazpen publikoak izan dira. Eta gai honekin justu kontrara jokatu behar da: soseguz jokatu behar da. Ez da ideologiatik edo ikuspuntu oso polarizatuetatik hitz egin behar. Zientzia forentseak ordezka dezala diskurtso ideologikoa.

Nik ulertzen dut lau mila kasu baino gehiagoren zerrenda jada zerrenda araztu bat dela. Bi mailatako esku hartzea izan da: batetik, lehen elkarrizketa bat dago non forentseek, historialariek eta testuingurua ondo ezagutzen duten adituek hartzen duten parte, eta hor egiten da lehen galbahea. Eta uste izatekoa da Istanbulgo Protokoloa zalantza dagoen kasuetan ezartzen dela, edo, kasu honetan bezala, metodologiari balioa emateko.

Istanbulgo Protokoloarekin, orotara, 247 kasu dokumentatu ditugu Euskal Herrian [2014an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Istanbulgo Protokoloa ezarri zieten 45 kasuri buruzko lehen txostena]. Orain, torturaren prebalentziaren dimentsioaren berri izateko balio du protokoloak. Kasu guztien artean, bizpahiru kasu izan dira sendotasun nahikoa eman ez dutenak; gainerako guztiek, berriz, bai. Beraz, torturatua izan dela salatu duen jende gehien-gehienak ez du asmatzen torturatua izan dela.

Gainera, lau mila kasu horietaz gainera, azalduko dira oraindik ere salaketa gehiago, eta jarraitu beharko luke ikerketa lanak. Badira iturri batzuk 10.000 torturaturen datua eman dutenak...

Torturatuak izan direla aitortzeko, guztiei ezarri beharko litzaieke protokoloa?

Nik uste dut ez zaiela protokoloa kasu guzti-guztiei ezarri behar. Nahikoa egiaztatuta badago lau milakoen zerrenda hori. Baina garrantzitsua da kopuru horren portzentaje esanguratsu bat protokoloa erabiliz dokumentatzea. Batetik, datuen fidagarritasuna handitzeko, eta, bestetik, Istanbulgo Protokoloa ezartzeko prozesua oso garrantzitsua izan delako torturak erasandakoentzat. Beraz, dokumentazio balioaz gainera, balio erreparatzailea du. Eta, horregatik, nire ustez, merezi du lan honekin jarraitzea.

Pertsona askok ez baitzuten orain arte ezer kontatu. Askotan, familiek ez zekiten ezer. Isiltasun itun baten antzeko zerbait zegoen. Ondorioz, torturak jasan dituen pertsona hori bere barruan ari da horrekin guztiarekin bueltaka. Besteei mina ez ematearren, norberaren irudia ahulduta ez agertzearren... gailentzen da isiltasuna. Mila arrazoi direla medio, azkenean, enkistatuta gelditzen da tortura. Beraz,garrantzitsua da gauzak mahaiaren gainean jarri eta gertatu zenaz argi hitz egitea. Hori beharbada ez da nahikoa izango, ordea, eta jendeak gehiago beharko du gero. Beraz, dokumentazio lan hau guztia egin ondoren, erreparazio politikek etorri beharko lukete.

Begirada «garbia» aipatu duzu lehen; epaileek-eta ez ezik, gizarteak oro har ere ez al dio begiratzen torturatuari ere sistemaren ikuspuntutik? Hortik etor daiteke estigma?

Torturaren auzian, gauza izugarri bat gertatzen da: tortura, definizioz, estatuek egiten dute, eta, baldintza normaletan, halako delitu larri batean, non normalean ez dagoen lekukorik eta zaila den lesioen berri jasotzea, NBEk-eta esaten dutena da estatua bera dela demostratu behar duena ez duela torturatu. Baina estatu gehienetan, baita Espainiako Estatuan ere, biktimarengan jartzen da tortura demostratzearen ardura. Hori perbertsio bat da. Zeren eta biktima babesgabetasun egoera batean dago; ez du frogetarako sarbiderik, ez eta gertaerak dokumentatzeko baliabideetarakorik ere. Frogatu behar du zerbait horretarako baliabiderik eduki gabe.

Eta poliziak jakitun dira torturatzen ari direla? Edo gerta daiteke sinestea galdeketan erabiltzen dituzten zenbait teknika ez direla tortura?

Espetxeetara egiten ditugun bisitetan tortura prebenitze aldera, garrantzitsuena hango giroa ikustea da. Norbait irits daiteke instituzio batera begirada garbi batekin, eta printzipio etiko batzuekin. Baina taldearen presioaren ondorioz buka dezake hango jarduerak errepikatzen eta besteek egiten dutena egiten. Demagun: baliteke zaplazteko bat ematea normala dela ere pentsatzea; segurtasuna bermatzeko neurria dela esanez justifikatzeraino.

Tortura garaikidearen ezaugarrietako bat hori da: muturreraino eramatea errutinazko prozedurak. Adibidez, preso bat arakatzea errutinazko ariketa bat izan daiteke, baina ariketa horretan atxilotua lau orduz barruko arroparekin soilik edukitzea ez da errutinazko prozedura onargarri bat. Gauza bera egin daiteke loa edota janaria eragotzita. Eta, noski, hori egitea zaplazteko bat ematea baino errazagoa da; ez baitzaio atxilotuari zuzenean ezer egiten. Azken batean, giza eskubideen kultura falta da guztia.

Komunikabideok askotan egiten dugun bezala, torturen teknikak zerrendatze hutsak soilikez du jasotzen benetan torturatua izan denaren bizipena, ezta?

Arazoaren zati handi bat hau ere bada: norbaitek kontatzen duenean zer egin dioten, hitzek topiko diruditela. Eta, gainera, nola ulertarazi norbaiti, demagun, lo egiten utzi gabe orduak zutik egonarazteak soilik sortzen dizun sufrikarioa... Hala, torturak jasan dituztenak isildu egiten dira azkenean, eta komunikatzeko barrera bat eraikitzen da.

Horregatik dira garrantzitsuak lantaldeak: norberak kontatu gabe ere, beste baten ahotik entzun baititzake berari gertatutakoak. Beren giza eskubideen kontra egin dieten hori identifikatzen laguntzen diete, eta hori erreparatzailea da.

Eta zein espaziotan egin beharko litzateke hori?

Kafea denentzat eta halako irtenbideak beti dira txarrak. Batzuek nahiago dute taldean hitz egin, bakarka hitz egitea patologizatzea dela uste dutelako. Eta beste batzuek, aldiz, nahiago dute bakarka hitz egin, taldean ito egiten direlako, eta deseroso sentitzen direlako ezagutzen ez duten norbaiti berari gertaturikoa kontatzean. Beraz, egokiena da espazio diferenteak izatea; batzuk sinbolikoak, besteak kolektiboak, beste batzuk klinikoagoak...

Ez da komeni auzi hau osasun sare publikoaren esku uztea: hau da, Osakidetzako psikologo edo psikiatra batek, eskizofrenia eta nahasmendu bipolar baten artean, torturaren biktima bat ikustea. Horrek ez du zentzurik. Zeren eta sentsibilitate berezi bat eskatzen duten arazoak dira, eta, batzuetan, teknika terapeutiko oso espezifikoak eskatzen dituzte.

Bizpahiru leku erreferente egon beharko lukete Euskal Herrian, eta han talde aditu batzuk eduki gai hau behar bezala lantzeko. Esperientziak erakusten digu indarkeriaren biktimek behar dituztela halako egoitza berezituak. Eta, egoitzarik ezean, bada, programa bereziak antolatu, horretan soilik ariko diren aditu taldeek osatuak.

Zure esanetan, tortura erabiltzen dutenak baino hamarkada pare bat atzerago daude torturaren kontrako mugimenduak. Zergatik?

Torturak diru asko du ikerketarako. Armadek eta zerbitzu sekretuek diru asko dute unibertsitateekin-eta itunak egin eta ikerketak bideratzeko. Galdeketak egiteko teknika berriak ikertzen dituzte, besteak beste. Teknika horien berri oso berandu iristen da militarra ez den komunitatera; hau da, inongo forentsek ez du teknika horiek ezagutzeko sarbiderik, eta komunitate zibila oso atzera geratzen da.

1960ko urteetan tortura psikologikoari buruz eginiko ikerketak jada 1980ko urteetan aplikatu ziren Erdialdeko Amerikan, hainbat esku libururen bitartez. Biktimen arretarako egoitzak hasi zirenerako hori guztia ezagutzen, jada 1990ko urteetan geunden.

Euskal Herriko egoera politikoa asko aldatu da. Torturak, ordea,jarraitzen du?

Tortura sistematikoa zen garai batetik tortura eta tratu txarrak noizik eta behin erabiltzen diren egoera batera igaro gara, kontrol sozial gisa. Tortura, batik bat, bazterkeria egoeran dauden kolektiboei ezartzen zaie. Presoei eta etorkinei, batez ere. Ia ez dago espetxerik torturatu ez denik.

Euskal Herrian egoera aldatu egin da. Badakigu duela urte erdi ingurutik ez dela komunikaziorik gabeko atxiloaldirik ezartzen, eta hori jada aldaketa handia da, inkomunikazioan gertatu ohi baita tortura. Tratu txarrak egongo direla? Bai, ziur. Gobernu guztiekin testuinguru guztietan izan dira tratu txarrak, instituzioek beste alde batera begiratu dutelako, neurri handi batean. Baina, giza eskubideen aldeko mugimenduetan ibili ezean, ezer gutxi jakiten da torturari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.