Durangoko 54. Azoka. Azokako beteranoak. Kattalin Miner eta Kike Amonarriz. Idazleak

«Ona litzateke azokako gaitasuna geografian eta urtean zehar zabaltzea»

Aspaldi bihurtu zitzaien ohitura Durangoko Azokan buelta bat egitea, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Liburu banarekin iritsi dira, gainera.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Libururik —eta bestelakorik— eramango zuten etxera Durangoko Azokatik Kattalin Minerrek (Hernani, Gipuzkoa, 1988) eta Kike Amonarrizek (Tolosa, Gipuzkoa, 1961). Baina azokara liburu bana eramanda ere heldu ziren atzo: Moio. Gordetzea ezinezkoa zen aurkeztu zuen Minerrek bertan, eta Euskararen bidegurutzetik, berriz, Amonarrizek. Elkar argitaletxearen mahaian izan ziren biak liburuak sinatzen; irakurleei ez ezik, baita batak besteari ere.

Nola heldu zineten hona aurrenekoz?

KATTALIN MINER: Lehen oroitzapena eskolarekin etorri zait, baina ez, pixka bat estututa, konturatu naiz gurasoekin txikitan etorri izanaren oroitzapena dudala; ez hainbeste azoka barrukoa, baina bai hemen inguruan ibili izanarena, txikitan. Gerora, nerabezaroan, lagunekin etorri izan nintzen.

KIKE AMONARRIZ: Gu eskolarekin ez ginen horrelako lekuetara etortzen, eta gaztetan etorri nintzen, ja euskararen inguruan hasita, 19-20 urterekin, lagunartean. Gero autobusak ere antolatu genituen Tolosatik hona etortzeko. Beste merkatuan zen. Sentsazio hura dut gogoan: euskararen munduan sartu berri, eta bat-batean hona etorri eta... «Aiba, begira, Xabier Lete!» edo... Orduan iruditzen zitzaigun gauza asko zeudela, baina gero konturatzen zara ez zeudela horrenbeste.

Zerrenda eginda zatozte, ala ikusi ahala aukeratzen?

K.M.: Ni zerrenda eginda, ezinbestean hartuko ditudan gauzena. Eta gero gustatzen zait denboratxo bat hartzea sorpresaz gauzak topatzeko, batez ere liburuetatik harago, musikan edo beste sorkuntza lanetan.

K.A.: Ni normalean zerrendarekin etortzen naiz; gero, pixka bat begiratzen dut, baina bai, zerrendarekin, zeren... erosiko nituzke bestela... Zerrendarekin eta patrikak ia-ia iltzatuta [barrez].

K.M.: Ni zerrendarekin baino gehiago, diru mugarekin etortzen naiz. Baina, gero, hala ere...

K.A.: Egia da, gainera, hortzak zorroztu egiten zaizkizula... [barrez] Hainbeste gauza on daude...

Baina bat azokari?

K.A.: Bat izan daiteke kontzentratuegia dela egun batzuetan. Hemen dagoen kapazitate hau urtean zehar eta geografian zehar ere zabaltzea ona litzateke.

K.M.: Ados nago. Bestetik, aurpegi eta izenekin memoria txarra dugunontzat, batzuetan zoramena da hainbeste jende topatu, eta bata edo bestea nondik ezagutzen duzun identifikatzea; oso nekatuta bueltatzen naiz beti etxera. Baina hori jarriko nioke, baina azokarena baino gehiago, nire baina bat da [barrez].

Zertan egin dugu aurrera kultur komunitate gisa?

K.A.: Alor askotan dugun sorkuntza maila ikaragarria da garen hiztun kopuruarekiko. Datuak ari dira ateratzen, baina musikan lortu duguna, bai sorkuntzan bai hedaduran, niretzat ikaragarria da. Literaturan, beharbada, sorkuntza oso garatua dugu, baina oraindik ez dugu lortu jendea hurbiltzea horrenbeste.

K.M.: Hortik jarraituta, uste dut garai berrietara egokitzeko gaitasuna eduki dugula batez ere musikari, ikus-entzunezkoei eta antzerkiari dagokienez. Uste dut oso ondo egokitu direla produzitzeko, kontsumitzeko eta zabaltzeko garai berriei, eta horregatik daudela hain bizi.

Eta zertan goaz atzera, edo zertan gaude trabatuta?

K.A.: Nik, agian, hutsune gehiago ikusten dut ikus-entzunezkoetan, telebistaren eta zinemaren eremuan. Uste dut hor ahuldadeak izan ditzakegula, eta konpetentzia ere ikaragarria dela.

K.M.: Nik ez dakit atzera egin dugun, baina erronka bezala kezkatuta nauka literaturan, sorkuntzamaila oso altua dela, bai, baina kontsumo hutsean geratzen bagara eta irakurzaletasuna sustatzen ez badugu... Agian, pentsatzen hasi behar dugu, baita sortzaileok ere, nola sustatu irakurtzeko modu ezberdinak: irakurtzeko modu kolektiboak, liburua ez ezik pilulak ere eskaintzea... Ez daukat soluziorik, baina uste dut literaturaren esparruari buelta bat eman behar diogula, zeren datuek ere hori esaten dute: euskal kulturaren kontsumoa igo egin da antzerkian, bertsolaritzan... eta literatura jaitsi egin da. Hori birpentsatu beharko dugu, sortzaileetatik hasi, argitaletxeetatik pasatu, eta azoka honetatik jarraituz.

Aurtengo uztako bina ale?

K.M.:Bigarren sexuaI eta II [barrez]. Iruditzen zait ez aurtengo azokako, baizik eta hamarkadako ekarpen izugarri bat dela, 70 urte itxaroten egon garena, eta askok lehen aldiz irakurtzeko aukera izango duguna. Eta beste bat aipatzekotan, Karmele Jaioren Aitaren etxea.

K.A.: Bi horiek badaude patrikan, ados. Eta beste bi aipatzearren, Itxaro Bordaren Susmaezinak, eta Andu Lertxundiren Itzuliz usu begiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.