Alepon dago jokalekua

NBEren mandatari bereziak uste du gobernua eta matxinoak akordio batera hel litezkeela Siriako hiri nagusian su-eten bat ezartzeko
Staffan de Mistura bitartekaria eta Baxar al-Assad, Damaskon.
Staffan de Mistura bitartekaria eta Baxar al-Assad, Damaskon. SANA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 12
NBE Nazio Batuen Erakundeko Siriarako bitartekariak uste du Baxar al-Assad presidentearen eta haren aurkako matxino talde batzuen artean akordioak egiteko aukera bat sortu dela. Eta aukera hori zerk sortu duen argi du Staffan de Misturak: «Estatu Islamikoaren hazkundea faktore berri bat da, eta gatazka honi bertze modu batera aurre egiteko aukera bat sor lezake», adierazi dio Erresuma Batuko BBC kateari. Larunbatetik Sirian dago NBEren bitartekaria. Segurtasun Kontseiluari joan den hilean aurkeztu zion proposamena Siriako eragileei aurkeztera joan da. Borroka guneetan «gune libreak» sortu nahi ditu De Misturak, hau da, tokian tokiko su-etenak. Al-Assadi herenegun eman zion proposamenaren berri Damaskon, eta presidenteak erantzun zion «aztertzeko modukoa» dela.

NBEren bitartekariak Alepon ezarri nahi ditu lehenbiziko «eremu libreak». De Misturaren ustez, Alepo hiria «ikur bat» da, eta, han menia ezarriz gero, uste du eredu hori errazago heda litekeela hiri gehiagotara. Alepoko zati gehiena Siriako armadaren esku dago gaur egun, eta gainerako barrutietan daude FSA Siriako Armada Askearen izenean jarduten duten brigadak, Fronte Islamikoa eta haren aliatuak, eta YPG Herriaren Babeserako Unitateak milizia kurduak. De Misturaren ustez, fakzio horiek denak —armada barne— ohartu dira haien arteko borrokak EIri eta Al-Nusra Fronteari (Al-Qaedari lotutako taldea) egin diela mesede.

Al-Masdar al-Arabi webgunearen arabera, armadak hiru aldetatik inguratu du Alepo. Iparraldean YPGen esku dago eremu bat, eta milizia kurduek FSArekin akordio bat egina dute Siriako matxinoek hornikuntzak lortzeko bide bat erabil dezaten, erabateko inkomunikazioa saihesteko —YPGek galarazi egin diote FSAri Fronte Islamikoak eta horren aliatuek bide hori erabiltzea, Al-Masdar al-Arabiren arabera—. Siriako hiri handiena da Alepo, eta gerra hasi aitzinetik herrialdeko finantza gune nagusia zen. Matxinoek ia erabat hartu zuten kontrolpean, baina azkenaldian Siriako armadak auzo gehienak berreskuratzea lortu du.

Armadak hiri osoa har ez dezan, FSAko zenbait ordezkarik AEBei bonbardaketak egiteko eskatu zieten joan den hilaren bukaeran. EIk inguratutako Kobane hiriarekin (Kurdistan) alderatu zuten haien egoera. Haien eskaerak erantzunik ez zuen jaso, ordea, eta, Barack Obama AEBetako presidenteak irailean aurkeztutako planaren arabera, AEBek soilik EIri erasotzeko esku hartu dute Sirian. Baina ez dira FSAko ordezkariak izan AEBei Alepon esku hartzeko eskatu dieten bakarrak. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere azken asteotan hala egin du behin baino gehiagotan. Joan den astean bertan adierazi zuen Turkia «kezkatuago» dagoela Aleporengatik «Kobanerekin baino». Hilaren 1ean Parisera egindako bidaian ere eskatu zuen Alepon esku hartzeko armadaren aurka. Siriako Gobernua eta EI parekatu ditu behin eta berriz —kurduek, berriz, Erdogani leporatzen diote EIri laguntzea—. Bilera horren ondotik, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak artikulu bat argitaratu zuen Le Figaro-n AEBek zuzendutako EIren aurkako koalizioak Alepon esku hartu beharko lukeela defendatzeko —Frantzia ere koalizioaren parte da, eta Iraken bonbardaketak egiten ari da—. «Oposizio moderatua indartu behar dugu eta zibilak babestu erregimenaren eta estatu islamikoaren aurka. Kobaneren ondoren, Alepo salbatu behar dugu». AEBek, ordea, ez dute deus erran horren inguruan. Alepo probintzian bai, baina hirian EIk ez dauka eremurik bere menpe.

Konferentzia Moskun

Eta egoera militarra alde duela, Al-Assadek erantzun positiboa eman dio De Misturak Aleporako proposatutako planari, NBEren bitartekariak berak erran duenez. «Mandatari bereziak eta haren taldeak berehala prestatu nahi dituzte Alepon eremu libre bat ezartzeko planaren xehetasunak, Siriako agintariekin berriz ere elkartuta eta gatazkaren gainerako aldeekin harremanak indartuta», adierazi du NBEk ohar batean. De Mistura Homs hirian izan zen atzo, eta oposizioko ordezkari batzuekin elkartu zen.

Menia horiek lortzekotan, akordio politiko baterako elkarrizketak erraztuko direla uste De Misturak. Libanoko Al-Akhbar egunkariak argitaratu duenez, Errusia, Egipto eta De Misturaren bulegoa konferentzia bat prestatzen ari dira Moskun, Siriako Gobernua, oposizioa eta baita kurduen ordezkariak ere elkartzeko —Kremlineko iturri anonimoak aipatu ditu—. Oposizioaren artean bai Mendebaldeak babestutakoa, bai Siria barnean Al-Assadek baimendutakoa leudeke. Eta kurduen ordezkaria PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia litzateke. Trantsiziorako gobernu bateratu bat eratzea litzateke helburua; ez luke Al-Assadek zuzenduko, «haserrerik pizten ez duen norbaitek» baizik. Al-Assadek armadaren eta segurtasun zerbitzuen kontrola edukiko luke, eta trantsizioa burutzeko egin beharko liratekeen hauteskundeetara aurkeztu ahalko litzateke. Siriako Gobernuak ez dio informazio hori berretsi Al-Akhbar-i, eta Errusiak baieztatu duena da Sergei Lavrov Atzerri ministroa Walid al-Moallem Siriako Atzerri ministroarekin elkartuko dela hilaren 26an, Moskun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna