Epea «bukatzen» ari da

Azken hiru urteetako joera aldatu, eta atmosferara isuritako CO2 kantitatea handitu egin da aurten. Parisko Ituna nola betearazi aztertzen ari da NBE

Txinako Tianjin hiriko lantegi baten tximiniak, artxiboko irudian. RYAN TONG / EFE.
mikel rodriguez
2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Heldu den ortziralean bukatzekoa da Alemaniako Bonn hirian NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko goi bilera (COP23). Duela bi urte Parisen egin zuten akordioa eraginkor egiteko neurriak eztabaidatuko dituzte NBEko estatuek, atmosferara igorritako CO2 gas kantitatea gutxitzeko. Joan den astean Siriak jakinarazi zuen bat eginen duela Parisko Itunarekin; hortaz, AEBak dira orain akordioaren aurka dagoen herrialde bakarra. Bilkura bukatzeko egun gutxiren faltan, zientzialari talde batek bertze datu kezkagarri bat jakinarazi du: 2017an atmosferara igorritako CO2 gas kantitatea handitu egin da, eta aitzineko hiru urteotako joera aldatu da horrela, 2014tik murrizten ari baitzen. Parisko akordioaren sinatzaileek konpromisoa hartu zuten planetaren berotzea bi graduren azpitik mantentzeko. Corinne Le Quere ikerlariaren arabera, 2017ko isurien datuek erakutsi dute helburu hori betetzeko denbora «bukatzen» ari dela.

Hilaren 6an hasi zen Bonneko goi bilera, eta egun horretan WMO Munduko Meteorologia Erakundeak adierazi zuen 2017a izanen dela «ziurrenik» urterik beroena datuak hartzen direnetik. CO2 isurien inguruko azken ikerketa, berriz, Carbon Budget Project izeneko taldeak egin du. Hamabortz herrialdetako 80 zientzialarik osatzen dute. Horien arabera, iaz baino %2 CO2 gehiago isuriko da aurten atmosferara, erregai fosilen erreketaren ondorioz. Glen Petersek, ikerketaren egileetako batek, azaldu duenez, hazkundea Txinak eragin du. «Bi urtez egonkor mantendu ondoren, %3,5 handituko ditu isuriak». Peetersek azaldu duenez, ikatza da oraindik Txinaren energia iturri nagusia, eta 2017an handitu egin du horren erabilera.

Robert Jackson ikerlariaren arabera, ekonomia globalaren hazkundea da bertze motibo bat: «Ondasun gehiago ekoizten ditugu, eta, horren ondorioz, isuri gehiago sortzen ditugu. Horregatik, bertze modu batera ekoiztea eta kontsumitzea da gakoa».

AEBek, bi delegazio Bonnen

Parisko Akordioaren aktibo nagusia izan zen lehenbiziko aldiz munduko bi herrialde kutsatzaileenen —AEBen eta Txinaren— konpromisoa lortzea. Barack Obama zen orduan AEBetako presidente, baina Donald Trumpek jakinarazia du akordioa utzi eginen duela. AEBek bi delegazio dituzte Bonneko bilkuran: bata, Etxe Zuriarena, eta, bertzea, Parisko Akordioa aplikatu nahi duten gobernadoreek, alkateek eta enpresariek osatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.