Ildo beretik jarraitzera

Alavesek sasoiko bigarren garaipena lortu nahi du etxean, Espanyolen aurka. Maripan nola ordezkatu asmatu beharko du Garitanok

enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Lehengo lepotik du burua Asier Garitanoren Alavesek. Teknikari bergararrak ez du iraultza egiteko asmorik. Izan ere, formula ezaguna erabili zuen ligako lehen partidan, Levanteren aurka. Defentsako sendotasuna izan zuen ardatz Arabako taldeak, eta aurkariaren arean izaniko aukera bakanetako bat baliatu zuen neurketako gol bakarra sartzeko. Ez da, akaso, jokamolderik erakargarriena, baina azken denboraldietan oso emankorra izan da gasteiztarrentzat. Azken partidan ere etekin handia atera zioten, eta beste horrenbeste egiten ahaleginduko dira gaur, Mendizorrotzan, Espanyolen kontra.

Ligako lehen bi norgehiagokak etxean jokatzea egokitu zaio Alavesi, eta aukera aprobetxatu nahi du. Mailari eusteko lehian, funtsezkoa da etxean gotortzea, eta harresiak ahalik eta azkarren altxatu nahi ditu. Gaur bigarren garaipena kateatuta, eraikia izango luke oinarria. Hori bai, aurkari zaila izango du. Europa ligako atarikoak ari da jokatzen Espanyol; beraz, gasteiztarrek baino erritmo handiagoa du. Hala ohartarazi du Garitanok. «Besteok baino goizago hasi dira denboraldia prestatzen, eta orain lehiarako sasoi hobea dute».

Ostegunean partida izan zuen Kataluniako taldeak, eta gaur nekea nabari lezake. Ez du hala uste, ordea, Garitanok. «Ondo etorriko zaio, lehiatzea beti baitator ondo. Gainera, aldaketak egin zituzten, eta jokalari garrantzitsuak ari dira fitxatzen». Gauzak hala, partida «orekatua» osatu beharko du Alavesek.

Hamaikakoan gutxienez aldaketa bat egin beharrean da Garitano. Maripan Monakon da, eta haren irteerak zuloa utzi du defentsa erdigunean. Min hartuta daude Laguardia eta Ximo Navarro, beraz, ikusteko dago nork jokatuko duen Elyren alboan. Alberto Rodriguez Tachi gaztearen ordua izan daiteke. Gasteizera iritsi berria da, eta ez du eskarmenturik gorengo mailan; aitzitik, «prest» dagoela iruditzen zaio entrenatzaile gipuzkoarrari. «Saiatua eta oldarkorra da, eta ondo eusten dio arretari». Beste aukera Duarte erdiratzea litzateke.

ALAVES-ESPANYOL

Alaves. Pacheco; Agirregabiria, Ely, Duarte, Marin; Vidal, Pina, Manu Garcia, Wakaso, Rioja; eta Joselu.

Espanyol. Diego Lopez; Javi Lopez, Lluis Lopez, Naldo, Didac, Melendo, Victor Sanchez, Marc Roca, Vargas; Wu Lei eta Ferreyra.

Epailea. Prieto Iglesias.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 17:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.