Reala 2-2 Bartzelona

Eztarriak eta puntua urratu ditu

Realak merezitako berdinketa erdietsi du Bartzelonaren aurka. Ordu erdiren faltan neurketa orekatu, eta aurrea hartzeko aukerak izan ditu azkeneraino

Martin Odegaard eta Alexander Isak, aurrelariaren gola ospatzen, binakoa, atzo, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Oiartzabalek, penaltiz (12. min).1-1: Griezmannek (38. min). 1-2: Luis Suarezek (48. min). 2-2: Isakek (62. min). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Bartzelonako Luis Suarezi. Bestelakoak. 36.639 ikusle Anoetan. Inoiz ez ziren horrenbeste ikusle izan.

Argigarria izan zen epaileak atzo Anoetan amaiera adierazi zuen unea. Harmailetatik inor gutxik alde egin zuen, eta zaleek txalo artean agurtu zuten Reala. Jokalariek, berriz, Aitor Zabaleta harmailarako bidea hartu zuten, haien babesa eskertzeko. Donostiarren une onaren adierazpide nabarmena izan zen. Atzokoan ere, Bartzelona ahalguztidunaren aurka puntu bat erreskatatzea lortu zuten txuri-urdinek, markagailuan atzetik joan eta gero, eta erakutsi zuten denboraldi honetan egindako lan ona ez dela kasualitatea izan. Talde serioa da Reala, eta berdin zaio zein aurkari duen aurrean: sasoi amaieran sailkapenaren goialdean egon nahi du.

Aurkariaren beldurrik gabe aritu zen Reala norgehiagoka hasi eta buka. Etxean jokatutako neurketa batean inoizko zale gehien joan zen txuri-urdinak hauspotzera (36.639 ikusle), eta haiek emandako arnasa ezin hobeto etorri zitzaion Imanol Alguacilen taldeari norgehiagoka hasieran. Lehen minutuetan bikain aritu zen Reala; Donostiako taldeak bazekien Bartzelona estu hartzekotan, lan handia egin beharko zuela, eta horretarako prest zelairatu zen. Txuri-urdinek erritmo bizia ezarri zioten neurketari lehendabiziko minutuetatik; Bartzelonaren atera bideratzeko zirrikituren bat zabaldu beste xederik ez zuen, eta ondo moldatu zen horretan.

Hasierako minutuetan, elkar hartuta aritu ziren erasoko jokalariak; Martin Odegaardek, Alexander Isakek eta Mikel Oiartzabalek izugarri ondo ulertu zuten elkar. Hiru haiek itsasargi hartuta, etxekoek Marc Andre Ter Stegenen arearantz jo zuten etenik gabe. Txuri-urdinek arriskua sortu zuten estreinako minutuetan; konbinazio onak eginda saiatu ziren min egiten.

Neurketaren hasierak traza ona hartu zuen etxekoentzat, eta berehala berretsi zuen hori. Bartzelonaren areara egindako erdiraketa baten alderatzean elastikotik heldu zion Sergio Busquetsek Diego Llorenteri, eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi zuen. Mikel Oiartzabalek ez zuen hutsik egin, eta aurretik jarri zituen txuri-urdinak.

Abantailak ez zuen Realaren lasaitzea ekarri. Bere horretan segitu zuten txuri-urdinek, eta nagusitasunez aritu ziren zelaian hurrengo minutuetan ere. Haiena zen baloia, baina Bartzelonak erakutsi zuen kalitatea dagoen lekuan edonoiz egin daitekeela min. Kontraeraso batean Antoine Griezmannek jaso zuen baloia, eta frantziarrak ez zuen barkatu bere talde ohiaren aurka. Bi taldeak berdinduta joan ziren atsedenaldira.

Hozka egiteko asmoz zelairatu zen Reala bigarren zatian ere, baina ezin okerrago atera zitzaion apustua. 48. minutuan, erasora egin zuten bisitariek, eta atzelarien bizkarrera emandako pase bat jaso zuen Lionel Messik. Argentinarrak Luis Suarezi eman zion baloia, hark nahieran errematatu zezan. 1-2. Maldan gora jarri zitzaion partida Realari.

Aurkako golak ez zuen Reala kikildu, eta Bartzelonarekin nor baino nor gehiago aritu zen. Hain justu, hori zen txuri-urdinek nahi zutena, prestatzaile oriotarrak partida amaieran prentsaren aurrean adierazi zuenez: «Aurkaria ona zen, baina guk ere talde ona dugu; nire beldurra zen gu geu ez izatea, baina nortasunarekin atera gara. Sekulako partida egin dugu, eta gozatzekoa izan da. Pena, irabazteko aukerak izan ditugulako».

Irabazteko ez, baina berdintzeko moduan izan zen Reala. Partida 60. minutura iristear zela erdiraketa bat egin zuen Natxo Monrealek, eta Ter Stegenek ez zuen hura ondo urruntzea lortu. Isaki iritsi zitzaion baloia, eta aurrelari suediarrak sareetara jaurti zuen. Handik aurrera bizitu egin zen partida, eta bi taldeek izan zituzten hiru puntuak eskuratzeko aukerak. Inork ez zuen lortu, ordea, eta sari bera jaso zuten maila handiko bi taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.