REALA 1 LEVANTE 0

Hiru puntuak: lepoko txuri-urdinak zerura

Realak irabazi egin dio Levanteri, eta sasoiko bigarren garaipena lortu du. Alex Sorloth lehen aldiz aritu da txuri-urdinekin. Azken bi jardunaldietan bi gol sartu ditu, eta bi jaso

Ander Barrenetxea Realeko aurrelaria, atzoko partidan sarturiko gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Golak. Barrenetxeak (42. min). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Realeko Gorosabeli, eta Levanteko Canterori. Hauek ere jokatu zuten. Realeko Portuk eta Sorlothek.

Futboleko emaitza baten berri jakiteko, ez da partida baten amaieran hura jokatu den estadioko atera gerturatzea bezalakorik. Handik irteten diren zaleen aldarteak agerian uzten du taldeak helburua lortu duen ala ez. Barruan gozatu duten ala ez. Realeko jarraitzaileak Anoetara itzuli direnez geroztik, dena izan da bozkario estadioa uzterakoan. Bi neurketa jokatu, eta bi garaipen eskuratu dituzte. Atzo, 1-0 menderatu zuten Levante.

Oraindik murritza da estadioetara joan daitezkeen zaleen kopurua. Leporaino beteta egoteko baimenik ez da, oraingoz. Azken aldiz mukuru beteta zenetik mende bat igaro dela dirudi, eta, gainera, 2020ko martxoan estadiora joaten ziren bazkide batzuk ez dira sekula itzuliko. Eten luze baten ondorioak dira. Denboraren joana omen da bizitzaren lege gorena. Onartu beharra dago.

Atzo Anoetan zirenen artean, ordea, lehengo lepotik burua. Batzuk aurreko astean ere han izan ziren gozatzen, eta hiru puntuak bildu izana ospatuz. Realeko lepokoak airean ibili zituzten gozo asko. Zerua, beste behin, txuri-urdina izan zen atzo.

Bederatzitik sei puntu eskuratu dituzte donostiarrek. Hiru jardunalditik bi irabazi dituzte, eta bat galdu. Atzo justuko garaipena eskuratu zuten (1-0), baina garaipena, azken finean. Aurrekoan Rayo Vallecanoren aurka bezala. Lehengo asteko lanarekin gustura geratu zela esan zuen Imanol Alguacil teknikariak, eta, akaso, horregatik hautatu zuen hamaikako berbera Levanteren aurka aritzeko. Distira baino, sailkapeneko kokapen erosoa lehenetsi du prestatzaile oriotarrak.

Izan ere, Realak urrun du lehengo joko dotorea. Eraginkortasunaren aldeko apustua egin du, eta, oraingoz, emaitzak lortzen ari da. Defentsako jarduna izan zen atzo txuri-urdinen lan nabarmenena: Aritz Elustondok eta Robin le Normandek birritan pentsatu gabe moztu zituzten Levanteren erasoko jokaldiak, eta, bisitariek zigorra eskatu bazuten ere, ez zen halakorik izan: maila oso onean aritu ziren erdiko atzelariak.

Defentsako lan sendoari erasoko jokalarien printzak gehitu zitzaizkion. Realak ez du lehengo erritmorik eta bizitasunik. Hori bai, une jakinetan aldeak markatzen dakiten jokalariak dituzte.

Partidako gol bakarra izan zen horren adibide. Lehen zatiko 42. minutuan ezker hegaletik jokaldi bat antolatu zuten etxekoek, eta David Silvak orpoz emandako baloia indarrez errematatu zuen Ander Barrenetxeak. Donostiarrak, gola sartu, eta garaipenerako bidean jarri zuen bere taldea.

Hortik aurrera, partidak gorabehera handiak izan zituen. Alex Remirok huts egin zuen zenbait irteeratan, eta atzeko lerroak lan asko egin behar izan zuen. Haatik, bigarren zatian neurketa grisa jokatu zuten bi taldeek, eta Realak azken minutuetan izandako oldarraldiak bigarren gola sartzeko bidean jarri zituen txuri-urdinak. Ez zuten lortu.

Lehen hartu-emana

Realak aldeak handitu nahi izan zituen, baina zutoinak lehenik eta Alexander Sorlothen saialdiak gero ez zuten emaitza onik izan. Aurrelari norvegiarra atzo aritu zen Realarekin estreinako aldiz. Norgehiagokaren azken zatian zelairatu zen. Oraindik badu denbora bere maila agerian uzteko.

Robert Navarro izan zen beste berritasun nagusia. Jokalari kataluniarrak joan zen urteko abenduan jokatu zituen lehen minutuak Espainiako Ligan, Realaren elastikoa soinean, baina orduko ordu erdia baino emankorragoak izan ziren atzoko hamar minutuak.

Izan ere, gola sartzeko aukera izan zuen, eta, lortu ez bazuen ere, irabazi egin zuen Realak. Gustura mintzatu zen Imanol teknikaria norgehiagokaren amaieran: «Pozik nago. Bi partida segidan irabazi ditugu, atea hutsean mantenduta. Bi gol sartu ditugu bi partidatan, baina sei puntu lortu ditugu. Gol gehiago ezin baldin baditugu egin, ona da alerik ez jasotzea». Halaber , Imanolek «taldearen jarrera» goratu zuen.

PSV, Europako lehen arerio

Espainiako liga abian, Europa liga da Realak hasiko duen hurrengo txapelketa. UEFA erakundeak atzo eman zuten argitara multzoen faseko egutegia. Imanolen taldeak etxetik kanpora hasiko du txapelketa, PSV Eindhovenen zelaian, Herbehereetan. Irailaren 16an jokatuko da norgehiagoka hori (21:00). Bi aste geroago jokatuko du Anoetako lehen neurketa, hilaren 30ean, Monakoren aurka (18:45). Hirugarren jardunaldia urriaren 21ean jokatuko da, eta donostiarrak Sturm Grazen zelaian ariko dira (21:00).

Berriz ere austriarren kontra jokatuz ekin dio bigarren itzuliari: Azaroaren 4an, Anoetan (18:45). Bi aste geroago ariko da Monakon (21:00), eta abenduaren 9an amaituko du multzoen fasea, etxean, PSV hartuz (18:45). Realeko zaleek irrikaz itxaron dute egutegia, taldea kontinentean zehar segitzerik izango duten jakin ez arren. Irail hasieran hartuko dute horren inguruko erabaki bat. Aurreko sasoian, ez zuten bidaiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.