REALA 2 ATLETICO MADRIL 0

Agindua bete, ginga jartzeko

Realak mendean hartu du Atletico Madril, partida osoan nagusitu ostean. Txuri-urdinek inoizko zale gehien izan dituzte etxeko neurketa batean: 34. 719

Zaleek bete egin zituzten estadio berrituaren harmailak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Odegaardek (58. min.). 2-0: Monrealek (61. min.) Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Realeko Zubeldiari eta Lorenteri; eta Atleticoko Trippier eta Costari. Bestelakoak. 34.719 ikusle Anoetan.

«Ausart jokatu behar dugu». Hala esan zuen ostiralean Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak, eta txuri-urdinek ondo baino hobeto bete zituzten prestatzailearen esanak. Atletico Madril liderraren bisita jaso zuten atzo Donostian, baina horrek ez zituen jokalariak kikildu: aise nagusitu zitzaizkien. Itxura dotorea eta giro bikaina zituen Anoetak, etaRealak etxeko partida batean inoizko zale gehienen babesa izan zuen. 34.719 jarraitzaile bildu ziren Amarako futbol zelaian.

Aitzakiarik gabeko partida bat jokatu zuten donostiarrek. Hasi eta buka, partida osoan Realaren mende ibili zen Atletico Madril liderra, eta ahal izan zuenean bi gol eginda hiru puntuak eskuratu zituzten Alguacilen jokalariek. Huraxeizan zen Anoetako festak behar zuen ginga.

Mateu Lahoz epaileak partidari hasiera eman zionetik, jokoan gehiago izan zen etxeko taldea. Garaipenaren bidera itzultzeko gosez ziren txuri-urdinak, baina presarik gabe aritu ziren lehendabiziko uneetan. Aurkariari neurria hartzea zuten estreinako egitekoa. Uste baino errazago egin zuten hori.

Indarrak parekatutakoan, zelaian urrats bat aurrera egin zuten donostiarrek. Bisitariak estutu zituzten, eta zuloren bat noiz aurkituko aritu ziren espainiarrak. Alferrik: Realakbazekien zertan ari zen. Baloiaren jabetza izanagatik, lehen zatian Jan Oblaken atea zulatu ezinda iritsi ziren atsedenaldira, baina indarberrituta itzuli ziren bigarren zatian.

Jokoa berriz hasi orduko, Realak erasora egin zuen, eta bi minutuan bi gol aukera izan zituen. Ordurako lehen aldaketa egina zuen Diego Pablo Simeone Atletico Madrilen prestatzaileak, bere taldeari pizgarri bat erantsi nahian. Ez zitzaion ondo atera baina. Aldaketa egin eta hamar minutura iritsi zen txuri-urdinen erauntsia. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean Martin Odegaardi iritsi zitzaion baloia, eta norvegiarrak ez zuen barkatu. Hotz jokatu, eta bi aurkariri izkin egin zien espainiarren arean, baloia sareetara botatzeko. Hark zabaldu zuen garaipenerako bidea, eta hurrengo minutuetan itxura ona berretsi besterik ez zuten egin etxekoek.

Bi minutu geroago, errenta hori handiagotu egin zuen Anoetan debutari zen beste batek. Baloia Atletico Madrilen arean zegoela, eta Oblakem aldaratze kaskar baten ondoren, Natxo Monrealek, adi, ez zuen barkatu. Bi goleko abantailarekin jarri zuen Reala, eta bazirudien hiru puntuek ez zutela ihes egingo.

Imanol Alguacil gustura geratu zen ezker hegaleko atzelariak eman zuen itxurarekin: «Sendotasuna eman digu, berak, eta talde guztiak». Hain justu, zelaian aritu ziren guztiak goraipatu zituen Oriokoak: «Hitzik gabe nago. Oso ondo gaude guztiok, badakigu zertara jokatzen dugun. Horrela jarraitzen badugu, denentzat aukerak izango ditugu. Jarrera hau lortu behar dugu, batik bat, egunerokoan».

Analisi horrekin bat egin zuenSimeonek ere: «Realak eskertuko du zelai berria, futbola beste era batera bizi dute zaleek». Atleticoko prestatzaileak nabarmendu zuen jokoan «gehiago» izan zela Reala.

Txuri-urdinek ez zuten amorerik eman hurrengo minutuetan, eta, partidaren gidari izan baziren ere, Atletico Madril ordura arte egin ez zituenak egiten saiatu zen neurketaren hondarrean. Azken hamar minutuetan izan zuen lan gehien Miguel Angel Moya atezainak. Bisitariak saiatu ziren ezker hegaletik min egiten, eta birritan gola egitetik gertu geratu ziren. Moyak gelditu zituen bi saiakerak.

Bisitarien lehen porrota

Ordutik, eta partida amaitu zenera arte kontraerasora emana aritu zen Reala. Ordurako zuen aldea areagotzea beste xederik gabe zegoen, festarako baitzeuden ordurako zaleak. Eskura zuten garaipena, eta zazpi minutuko luzapenak ez zien kendu.

Bisitarien lehen porrota izan zen atzokoa. Ligako lehen hiru partidak irabazita heldu zen Atletico Madril Donostiara, baina Realak ez zion laugarrena eskuratzeko aukerarik txikiena ere utzi. Imanol Alguacilek bazekien handia egin zutela: «Gehienetan, partida amaitu bezain pronto aldageletarako bidea hartzen dut. Oraingoan, zelaian geratu naiz gozatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.