Arrauna

Bitan banatuko da ikuskizuna

Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak jokatuko dituzte gaur, Orion (18:00) eta Lekeition (19:00). Emakumezko eta gizonezko ariko dira, eta hainbat hautagai daude lau estropadetan

Donostiarra aurreko igandean, Zierbenan, Euskotren ligako laugarren jardunaldian. Garaile izan zen. ARITZ LOIOLA/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Traineru denboraldia hasi zela bi aste ere ez dira pasatu, eta, liga guztiak jokoan direla, gauza bat geratu da argi: gorabehera handiko estropadak jokatu dira, berdintasunarekin, eta talde bat bera ere ez dago salbu egun txar bat edukitzeko, bat edo beste erregular badabil ere goiko postuetan. Ikusgarriak izan dira orain arteko estropadak, eta gaur, urtero bezala, ligetako taldeen lehia bereizi egingo dute herrialdeetako txapelketek. Gipuzkoakoa Orion izango da (18:00), eta Bizkaikoa, Lekeition, ordubete geroago. Emakumezko eta gizonezko ariko dira, eta lau bandera edo txapelketa izango dira jokoan.

Ligetako estropaden joerak segitzen badu, berdintasuna izango da estropadetan, baina txapelketek badute beste osagai bat: aste barruan dira, ligako martxak nahikoa jipoitzen ditu arraunlariak, eta aurten kezka hori hazi egin da pandemiak eraginda prestakuntza ezohikoa izan dutelako. Horregatik, baliteke taldeeetan aldaketak izatea, eta bat edo beste datorren asteburura begira aritzea gaur.

Hori horrela izanda ere, ez du ematen ezuste handirik egongo denik garaileetan, eta estropada bakoitzak dauzka faboritoak ondo finkatuta. Gipuzkoan, emakumezkoen arteko lehian, Donostiarra dahautagai handietako bat. Joan zen igandean irabazi zuen aurtengo bigarren bandera ofiziala, Zierbenan, Euskotren ligan; aurrenekoa neguan lortu zuen, distantzia luzeko Euskadiko txapelketan. Maialen Arrazola entrenatzaile eta arraunlariak gaurko asmoen berri eman du: «Talde zabala daukagu, eta, aldaketak egingo ditudan arren, irabaztera goaz». Txapelketa izanik, ez dago taldeentzat ligetan daukaten muga, harrobiko edota etxeko gutxieneko arraunlari kopurua finkatzen diena, eta horri egin dio aipamena Donostiarrako kideak: «Muga hori ez dugu izango, baina gurean ez dago alde handirik ligako taldea edo gaurkoa atera».

Bestelako muga batzuk ikusten dizkio taldeari, orain arteko jarduna aztertuta: «Entrenatzen oso ondo dabil trainerua, baina gero, estropadetan, ez gara asmatzen ari, urduritasunagatik, blokea egiteko dugulako, edo beste mila faktoregatik». Kontua da, ordea, aurreko igandean lanik onena egin zutela, eta, hara non, estropada irabazteko balio izan ziela. Garaipenak eman diena zer izan den oso garbi dauka: «Txukun aritu ginen, eta konfiantza eman digu». Aparteko balioa eman dio, gainera, bezperan, etxeko estropadan, azkenak izan zirelako: «Erortzen bazara, gu erori ginen bezala, azkar jaiki behar da; ezin da lurrean geratu, eta Zierbenakoa ederki etorri zaigu alde horretatik ere».

Gaurko estropadari ligako jardunetik begiratu dio aurkariez mintzatzean: «Orio dabil erregularren, blokea egina duelako, eta oso ondo egiten duelako arraunean. Ez du hutsik egin, aurreneko hiru estropadak irabazi zituen, eta igandean, bigarren izan zen». Hondarribiaren eta Arraunen lana bere taldearenarekin parekatu ditu: «Besteok, asmatzen dugunean, ondo, baina bestela, ez. Onetik eta txarretik gabiltza, adibidez, Arraun eta gu». Gaurko estrategia ondo zehaztuta dauka, baita estropadako gakoa ere, haren ustez: «Hasiera eta ondorengo 700 metroak erabakigarriak izango dira. Aurrean doanak indarra hartuko du, eta atzean geratu denak hondoa jotzeko arriskua izango du».

Donostiarrak ez du inoiz irabazi Gipuzkoako txapelketa, ezta Arraunek eta Hondarribiak ere. Oriok iaz lortu zuen lehen aldiz bandera astintzea. Gero, ikusi egin beharko da non dauden ETE ligakoak: Tolosaldeak, Zumaiak eta San Juanek osatuko dute lehen txandako bigarren multzoa, eta bi minutu lehenago aterako dira Hibaika eta Lapurdi. Bost talde horiek erlojuaren aurka ariko dira binaka eta hirunaka.

Gizonezkoen lana etorriko da ondoren, eta hiru dira faboritoak: Donostiarra, Orio eta Hondarribia. Azkeneko txandan joango dira hirurak, Zarautzekin batera. Iaz, Oriok irabazi zuen txapelketa. Gizonetan, lehen bi txandak erlojuaren aurka ariko dira, hirunaka.

Eguraldiari eta itsasoari dagokienez, metro beteko olatuak eta indar dezenteko haizea daude iragarrita.

Santurtzi, faborito

Bizkaian, emakumezkoetan txanda bakarra izango da, Deustu, Ondarroa, Isuntza eta Lutxanarekin. Iaz, Kaikuk irabazi zuen. Gizonezkoen hiru txanda izango dira. Santurtzi da faborito Zierbenaren eta Urdaibairen —iazko garailea— aurrean, eta laukotea Isuntzak osatuko du, etxeko taldeak, eta Eusko Label ligako ezuste onetako batek. Osertz Aldai arraunlari eta entrenatzailea pozik dago taldea egiten ari de lanarekin, baina ez du nahi arraunlariek lo hartzea: «Segundo gutxian talde asko gabiltza, eta lanean jarraitu behar dugu».

Burua ligan izateak ez du esan nahi, baina, gaur lasai aterako direnik: «Etxeko estropada da, eta horrek beti ematen du gogoa eta tentsioa estropada txukuna egiteko». Taldeari ez dio emaitza zehatzik eskatuko: «Lan ona egin nahi dugu». Ez du ukatu, ordea, gustatuko litzaiekela lehen lauen artean sailkatzea, Euskadiko txapelketa jokatu ahal izateko: «Etxean dugu estropada hori ere, eta aukera hori nahiko genuke. Horretarako, gure mailan aritu beharko dugu, eta. hala ere, erne, aurreko txandako Kaiku eta Ondarroa gai direlako gure aurretik sartzeko». Txapelketa azkeneko txandan egongo dela dio: «Hiru oilarren artean egongo da. Guk luxuzko ikusle izan nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.