Frantziako taldeak nagusi

Olympique Lyonek 2-1 irabazi dio Bayern Munichi, eta PSGk beste horrenbeste Arsenali, eta Txapeldunen Ligako finalerdietan ariko dira

PSGko jokalaria, garaipenaren gola ospatzen, atzo, Anoetan. EFE EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Egun biribila izan zen atzokoa Frantziako taldeentzat Txapeldunen Ligan. Bai Olympique Lyon, bai Paris Saint-Germain, sailkatu egin ziren finalerdietarako. Olympique Lyonek 2-1 irabazi zion Bayern Munichi San Mamesen, eta Paris Saint-Germain emaitza berberagatik nagusitu zitzaion Arsenali Anoetan. Irene Paredes erdiko atzelari legazpiarrak, beraz, Txapeldunen Liga irabazteko lehian jarraituko du, eta ametsa beteko du: San Mames berrian jokatzea. Izan ere, Frantziako bi taldeak aurrez aurre izango dira datorren asteazkenean, San Mamesen. Egun bat lehenago, Anoetan, Wolfsburgo eta Bartzelona ariko dira.

Merezita irabazi zuten atzo Paris Saint-Germainek eta Olympique Lyonek. Biak izan ziren arerioa baino gehiago, baina ez bata ez bestea ez zen gai izan nagusitasun hori alde handiagoko emaitza bat lortuta islatzeko. Erasoan askoz eraginkorrago aritu izan balira, ez zuten estutasunik pasatuko.

Paredes, ikusgarri

Paris Saint-Germain hasi eta berehala aurreratu zen, Katotori esker, baina, atsedenaldia iristeko gutxi falta zela, berdindu egin zuen Meadek. Nagusi ziren frantziarrak, baina ez ziren fin aritu ate aurrean. Haien zorionerako, 77. minutuan jaso zuten saria, Bruunek sartutako gol erabakigarriarekin. Arsenalek estutu egin zuen gero, berdinketaren bila, baina Paredesek ingelesen ahalegin oro zapuztu zituen. Ikusgarri aritu zen legazpiarra, eta erabat lotu zuen Miedema aurrelaria, Arsenaleko jokalaririk onena.

Olympique Lyonek, berriz, aurreikuspenak bete zituen, baina nahi baino dezente gehiago sufritu zuen, Bayern Munichek lanak eman baitzizkion. Frantziarrek 40 minutu behar izan zituzten alemaniarren horma botatzeko. Parrisek sartu zuen gola, Bayernen atzealdearen hutsa baliatuta. 59. minutuan, berriz, Majrik bideratuta utzi zuen garaipena, faltaz gola sartuta. Erabakia zirudien partidak, baina Simonek emozioa eman zion azken txanpari, 64. minutuan faltaz gola eginda. Alemaniarrek azken ahalegina egin zuten, baina alferrikakoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.