Sua piztu du Mitcheltonek

Esteban Chavesek irabazi du Giroko seigarren etapa, Etna sumendian. Simon Yates bigarren izan da, eta lider jarri da
Esteban Chaves eta Simon Yates, pozarren, Etnako helmugan.
Esteban Chaves eta Simon Yates, pozarren, Etnako helmugan. DANIEL DAL ZENNARO / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko maiatzak 11
Ametsetako etapa bizi izan zuen atzo Mitchelton-Scott taldeak. Lo dago Etna, baina atzo txinpartak atera zituen Australiako taldeak sumendiko igoera gogorrean. Izan ere, lasterketa buruan batera iritsi ziren helmugara Esteban Chaves eta Simon Yates. Edozein probatan da zaila talde bereko bi txirrindularik halako erakustaldia ematea, eta zer esanik ez, Italiako Giroaren antzeko maila goreneko lasterketa batean. Kolonbiarrak etapa garaipena eskuratu zuen, eta britainiarrak, berriz, maglia arrosa. Rohan Dennis (BMC) izan zen lider atzo arte, baina minutu inguruko atzerapena izan zuen. Bestelakoan, Yates ez gainontzeko faborito nagusiak elkarrekin iritsi ziren. Ahulezia zantzuak sumatu zitzaizkien, atzera ere, Chris Froome (Sky) eta Fabio Aruri (UAE), baina lortu zuten onenen multzoan irautea.

Indarra eta adimen taktikoa baliatu zituen Mitcheltonek mahai gainean kolpea emateko. Bi txirrindulari sartu zituen eguneko ihesaldian: Chaves bera, eta Jack Haig. Multzo oso arriskutsua sortu zuten beste 26 txirrindularirekin batera; bertan ziren, besteak beste, Sergio Luis Henao (Sky), David de la Cruz (Sky), Sam Oomen (Sunweb), Robert Gesink (Lotto-Jumbo), Diego Ulissi (UAE) eta iaz Etnan irabazi zuen Jan Polanc (UAE). Tropelean, BMCk hartu zuen jazarpen lanaren ardura, ihesaldia mehatxu handia baitzen Dennisentzat. Liderraren taldeak hiru minutu inguruan mantendu zuen aldea etaparen zati handi batean.

Etnaz landa, beste mendate puntuagarririk ez zuen igo behar tropelak, baina ibilbidea oso bihurria zen. Gainera, azken 40 kilometroek goranzko joera zuten, eta orduan hasi ziren gauzak serio jartzen. Tropel buruan Astanak hartu zion lekukoa BMCri, Miguel Angel Lopezen aukerak jorratzeko, eta, pixkanaka, jaitsiz joan zen ihesaldiaren errenta. Aurrekoak 1.15eko aldearekin hasi ziren Etna igotzen. Alegia, oso irekia iritsi zen lasterketa. Edozer gauza gerta zitekeen hamabost kilometro eta batez beste %6,5eko pendiza duen mendatean.

Bada, Siziliako sumendia Mitcheltonen ikuskizun handi baten agertoki izan zen. Lehenik, Haigek gogotik egin zuen lan lasterketa buruan, Chavesen mesedetan, eta hura indar hustu ondotik, mokoka hasi ziren iheslariak. Saiatuena Giulio Ciccone (Bardiani) izan zen, baina aise harrapatu eta utzi zuen atzean Chavesek, igoerako zatirik gogorrenean, helmugatik bost kilometrora.

Eta atzean, zer? Bada, iazko igoeran baino zalaparta dezentez handiagoa izan zela. Haizerik ez, eta oilarrek erasokor jokatzea deliberatu zuten. Lopezek piztu zuen txingarra, eta haren erasoari George Bennettek (Lotto-Jumbo) eta Domenico Pozzovivok (Bahrain) eman zioten segida. Onenen erritmoa gehiegi izan zen Dennisentzat. Froomek eta Aruk eutsi zioten, baina kostata. Yatesek, aitzitik, erraztasun handiz erantzun zien erasoei, eta Chaves seguru zela ikusi zuenean, erritmoa bizitu zuen, 1,5 kilometro falta zirela. Inork ezin izan zuen jarraitu, eta Mitcheltoneko bikotea batera helmugaratu zen.

Bilbao, hamahirugarren

Hautagaien multzoa 26 segundora iritsi zen, eta 1.04ra Dennis. Atzoko erakustaldiak podiumean sartzeko balio izan die Yates eta Chavesi. Britainiarra da lider, eta kolonbiarra hirugarren, 26 segundora. Haien tartean Tom Dumoulin (Sunweb) dago, hamaseira. Herbeheretarrak ondo eutsi zuen atzo. Dennisek, berriz, seigarren posturaino egin du atzera, eta 53 segundora dago orain. Bestalde, hamahirugarren izan zen Pello Bilbao (Astana), 49 segundora, eta hautagaien taldetik 23ra. Hala, hamar onenen artean egoten segitzen du: zazpigarren dago orain, 1.03ko atzerapenarekin.

Bihar 160 kilometroko etapa jokatuko da Pizzo eta Praia a Mare artean. Ondo bidean, Italian esprinterren artean jokatuko den etapa izango da. Hirugarren garaipena lortzeko aukera izango du Elia Vivianik (Quick Step).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna