Orekaren bila dabil

Athleticek defentsan daukan sendotasuna erakutsi gura du erasoan Espanyol menderatzeko. Capa ez da garaiz sendatu eta ez du jokatuko

Athleticeko jokalariak indar ariketak egiten Lezamako kirol instalazioetan. MIGUELTOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Valentzian galtzeak min egin zien talde zuri-gorriko jarraitzaileei. Galtzea ez da inoren gustukoa. Kontua da Mestallatik puntu barik itzultzea ez dela nobedadea. Gehienenetan galdu egiten du. Valentzia goi mailako taldea da, eta sasoiko garairik gozoenean jokatu zuen zuri-gorrien kontra. Beraz, lekuz kanpo dago Garitano eta jokalariak gurutziltzatzea aurkari gogor baten etxetik esku hutsik bueltatzeagatik.

Kezkagarriagoa da ikustea taldeak azken urteotan izan duen gaitz nagusiak konpondu barik jarraitzen duela. Izan ere, agerian gelditu zen berriz sormena falta duela erasoan. Mestallako argazkiak antzekotasun handiak ditu Anoetakoarekin. Eta, era berean, lotuta dago Berizzoren,Zigandaren eta Valverderen aroarekin. Beraz, ez da entrenatzailearen arazoa soilik. Larriagoa da.

Egungo Athleticek garaipenak eskuratzeko, ezinbestezkoa da lehen gola sartzea. Atea hutsean mantentzen duen bitartean talde lehiakorra da. Eta, beraz, defentsan lan bikaina egitera behartuta dago erasoan daukan aukera apurretako bat baliatu eta sailkapenean postuak aurreratzen jarraitzeko. Athleticek defentsan egiten ari den lan bikaina eta San Mamesen babesa izango ditu alde Espanyol mendean hartzeko.

Nahikoa izan daiteke etxetik kanpo ligako talderik txarrena mendean hartzeko —Zortzi puntu lortu ditu, Eibarrek adina—. Hala ere, nekeza da astero-astero defentsan goi mailan aritzea. Beraz, bestelako arloak ere landu beharra dago lehiakorragoa izateko. Garitanok lan bikaina egin du. Taldea zulotik atera du, eta armiarma sare gogorra egin du atezainaren inguruan. Bada, liga amaitzeko geratzen diren jardunaldietan beste bi pauso eman beharko ditu. Bata, salbazioa bermatuko duten hamar puntuak lehenbailehen biltzea. Bestea, zelai erditik aurrera sortzeko gaitasuna duen taldea eratzea. Espanyoli aurre egiteko, Capa da ohikoetatik jokatu ezinda dagoen bakarra.

ATHLETIC-ESPANYOL

Athletic. Herrerin; De Marcos, Yeray, Iñigo martinez; Yuri; Dani Garcia; Beñat, Ibai, Raul Garcia, Munian; eta Williams.

Espanyol. Diego Lopez; Rosales, Lluis Lopez, Hermoso, Didac; Granero, Marc Roca, Victor SAnchez; Hernan, Melendo eta Wu Lei.

Epailea. Gonzalo Fuertes.

Lekua. San Mames (53.000 ik.).

Ordua. 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.