HILBERRIA. Albert Finney

Lanbide «apal» batean handi

BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ez zuen gustuko elkarrizketak ematea. Ez zuen inoiz agenterik izan. Eta bost izendapen lortu arren, ez zen inoiz Oscar sarietako galara joan. Ez dira Hollywooden hamaika film egin dituen aktore baten ohiko ezaugarriak. Baina Albert Finneyren izaeraren zantzuren bat eman dezakete. Baita Ingalaterrako sir izendapenari uko egin izanak ere —esnobismoaren ikurtzat zituen halakoak—. 1936an jaio zen, Salforden (Erresuma Batua), «klase ertain-baxuko» familia batean, hark esan izan zuen moduan; lanbide xumetzat zuen interpretazioa, beste edozeinen parekotzat. Horretan eman zuen bizitza osoa, ibilbide oparo eta luzea osatu arte. Atzo hil zen, 82 urterekin.

Baliabide ekonomiko faltagatik, ezin izan zituen unibertsitate ikasketak egin, baina laster bideratu zuen bere gogoa arte dramatikoen esparrura: Royal Academy of Dramatic Arten sartzea lortu zuen, non Peter O'Toole izan zuen gelakide, eta Royal Shakespeare Companyn gero. Antzokietan Shakespeareren zenbait obra interpretatu ostean, zinemara egin zuen jauzi, 1960an, The Entertainer filmarekin; Saturday Night and Sunday Morning-en ere parte hartu zuen urte berean. Handik hiru urtera, Oscar sarietarako izendatu zuten Tom Jones (1963) filmagatik —Veneziako Volpi kopa irabazi zuen—. Beste lautan izendatu zuten, Murder on the Orient Express (1974), The Dresser (1983) —Berlinen Zilarrezko Hartza irabazi zuen—, Under the Volcano (1984) eta Erin Brockovich (2000) filmetako lanagatik. Ez zuen inoiz garaikurra irabazi, baina bai beste sari ugari.

Antzerkia inoiz utzi gabe, 40tik gora filmetan aritu zen: besteak beste, Two for the Road (1967), Miller's Crossing (1990), Traffic (2000) eta Big Fish (2003) lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.