Alavesek bide onera itzuli nahi du gaur, Sevillaren zelai zailean

enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Iragan jardunaldian, Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukera galdu zuen Alavesek. Eta ez edonola: etxean astidua eman zion Atletico Madrilek (0-4). Abelardok apustu taktiko berezia egin zuen, 4-4-2 marrazkiaren barruan Brasanac eskuin hegalean kokatuta, eta taldeak ez zuen ondo ihardetsi. Bigunegi aritu zen hasieratik, eta erasoan ez zuen jorik izan batere. Hori horrela, gaur bestelako itxura ematen saiatuko dira arabarrak, Sevillaren kontra, Sanchez Pizjuanen.

Irabazita, urrats garrantzitsua egingo lukete sailkapenean. Izan ere, urrundu egingo lukete aurkari zuzen bat —puntu bakarrera dute Sevilla—, eta profitatu egingo lukete Getafek herenegun Espanyolen zelaian izaniko estropezua. Ordea, oso garesti izango dituzte hiru puntuak. Berezko zailtasuna du Sevillaren zelaiak, eta hori gutxi balitz, gasteiztarrek 63 urte daramatzate han irabazi gabe, bertara eginiko lehen bisitatik. Ordutik, bederatzi porrot eta berdinketa bat pilatu dituzte.

Aurrekari horien aurrean, aurten Alavesek Real Madrili irabazi diola eta inoizko lehen itzulirik onena osatu duela gogorarazi zuen atzo Abelardok. Halaber, azaldu zuen Europako postuen lehiak ez diela presiorik eragiten, eta «sekulako gozamena» sailkapenaren goialdean egotea. Atletico Madrilen aurka jasotako kolpeari dagokionez, akatsak «konpondu eta hobetu» behar dituztela adierazi zuen, baina argitu ez dela «dramarik» egin behar.

Sevilla ere zaurituta iritsiko da, Valentziaren aurka 0-1 galdu ostean. Hori bai, hobera egin du Joaquin Caparrosekin, eta Alavesi neurria hartua dion aurrelari bat du: Ben Yedder. Bost gol sartu eta zortzi puntu kendu dizkie arabarrei azken bost neurketetan.

SEVILLA-ALAVES

Sevilla. Soriano; Navas, Carriço, Sergi Gomez, Escudero; Sarabia, Gonalons, Roque Mesa, Promes;

Ben Yedder eta Munir.

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte; Inui, Pina,

Wakaso, Jony; Baston eta Calleri.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. Sanchez Pizjuan (43.883 ikusle).

Ordua. 19:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.