Valentzia 2-1 Alaves

Ezinean segitzen du Alavesek

2-1 galdu du Alavesek Valentziaren zelaian. Bigarren zati ona jokatu dute Gaizka Garitanok zuzendutako jokalariek, baina ez da nahikoa izan puntuak biltzeko

Alavesko Manu Garcia, eta Valentziako Rodrigo eta Gabriel Paulista baloiarengatik borrokan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Maxi Gomezek (27. min.). 2-0: Parejok (penaltiz, 83.). 2-1: Lucas Perezek (89.min.). Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Valentziako Wassi; eta Eibarreko Manuri, Duarteri eta SiverariBestelakoak. 39.000 ikusle Mestallan.

Berriro ere esku hutsik egingo du bueltako bidaia Alavesek, Valentziatik oraingo honetan. Ez dabil fin etxetik kanpo Gaizka Garitanok zuzendutako taldea, eta horren erakusle dira emaitzak; kanpoan jokatutako lau partidetan puntu bakarra eskuratu du, hirugarren jardunaldian Getaferen aurka, eta etxetik at hirugarren porrota erreskadan du hau. Ez da liga hasiera ona egiten ari Alaves, eta joan den jardunaldian Mallorcari irabazita arnasa hartu bazuen ere, itota amaitu zuten Valentziaren aurka arabarrek.

Hustu egin ziren Alaveseko jokalariak, ez zuten amore eman, eta azken uneraino saiatu ziren berdinketaren gola egiten. Jarrera faltarik, behintzat, ezin zaie aurpegiratu. Bi zati erabat ezberdin izan zituen neurketak. Lehenengoan, ohiko gidoia jarraitu zuten arabarrek. Jokaldiak harilkatu eta arriskua sortzeko zailtasunak izaten ari da Alaves, eta ez zen salbuespena izan lehen zati hau. Intentsitate handiarekin eta lehiakor zelairatu ziren jokalariak, baina lanak izan zituzten jokoa ehuntzeko. Presio altua egin zien etxeko taldeari, eta Valentziak atzetik baloia ateratzerakoan egindako akatsen ondorioz soilik lortu zuen arriskua sortzea. Suarekin jokatu zuen Valentziak, baina ez zen erre. Baloiaren jabetza izan zuten etxekoek, nahiz eta defentsan sendo ibili zen Alaves. Ez zen gehiegi sufritzen ari Gasteizko taldea, eroso sumatzen zen, baina 26. minutuan jaso zuen partidako lehen kolpea. Rodrigok barruko pase bikaina sartu zion Maxi Gomezi, eta hark jaurtiketa gurutzatu batekin sareetara bidali zuen baloia. Saiatu zen suspertzen Alaves, baina Valentzia izan zen atsedenaldiaren aurretik errenta handitzeko aukera garbienak izan zituena.

Itxura hobetuz

Oso bestelakoa izan zen bigarren zatia. Biziberrituta eta erasokor irten ziren Alaveseko jokalariak, eta lehen ordu laurdenean, argi printzak ikusi zituzten. Lucas Perezek eta Joseluk jarri zuten arriskua aurrean, eta hiru gol aukera garbi izan zituzten. Estu hartu zituzten Valentziako jokalariak, eta sufritzen ari ziren etxekoak. Alaves ondoen zegoenean, ordea, argiztapen arazoak izan ziren estadioan, eta epaileak eten egin behar izan zuen neurketa. Argiarekin batera itzali zen Alaves ere. Partidaren erritmoa asko jaitsi zen etenaldiaren ondoren, eta asko trabatu zen bi taldeen jokoa. Aldaketa baten beharra ikusi zuen Garitanok, eta Aleix Vidal zelairatu zuen Ximo Navarroren ordez. Berdinketako golaren bila joan nahi zuen Alavesek, baina aurre hartu zion Valentziak. 78.minutuan, Siverak lurrera bota zuen Parejo, eta penaltia adierazi zuen epaileak. Ez zuen hutsik egin Valentziako kapitainak, eta partida ia erabakita utzi zuen. Bazuen oraindik zeresana ordea kanpoko taldeak. Hausporik gabe geratu zirela zirudienean, errenta murriztea lortu zuten.89. minutuan Joseluk boleaz egindako erremateari erantzun bikaina eman zion Cillessenek, baina aldaratzea Lucas Perezi iritsi zitzaion, eta ez zuen barkatu. Sei minutuko luzapena zuen aurretik Alavesek berdinketaren gola egiteko, eta bukaeraraino saiatu zen. Ez zuen lortu, ordea, eta etxean gelditu ziren hiru puntuak. Hala ere, bigarren zatian taldeak emandako itxura ona izan zen, eta bide horri jarraituz iritsiko dira puntuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.