Granada 3-0 Alaves

Desagertu egin da kolpean

Alavesek astindua jaso du Granadaren zelaian, bigarren zatia negargarri jokatu eta gero. Epaileak txartel gorria atera die Wakasori eta Laguardiari

Alaveseko Mubarak Wakaso lurrean, aurrean Granadako Yangel Herrera duela. PEPE TORRES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Carlos Fernandezek (48.min). 2-0: Soldadok, penaltiz (58.min). 3-0: Herrerak (78.min).Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Alaveseko Ximori, Wakasori eta Manuri, eta Granadako Soldadori. Txartel gorriak: Alaveseko Wakasori eta Laguardiari. Bestelakoak. 14.773 ikusle Los Carmenesen.

Partidan sartuta zegoen. Lehiakor ari zen jarduten. Batzuetan gehiago ere bazen. Eta, bat-batean, desagertu egin zen. Zaila da Alavesek atzo Granadaren zelaian jokatu zuen bigarren zatiari azalpena aurkitzea. Partida hutsean iritsi zen atsedenera, baina arabarrak ez ziren aldageletatik itzuli. Fisikoki zelaian egon arren, mentalki zeharo atera ziren partidatik. Hiru gol sartu zizkieten, eta, hori gutxi balitz, bi txartel gorri ikusi zituzten. Benetako amesgaiztoa izan zen. Hori horrela, berpiztu egin dira etxetik kanpoko jardunaren inguruko zalantzak. Ipuruan irabazi arren, Alaves odolusten ari da Mendizorrotzatik urrun. Atzoko lehiak sakondu egin zuen zauria.

Lehen zatiaren ostean, pentsaezina zen halakorik iragartzea. Izan ere, parez pare lehiatu ziren bi taldeak; areago, apur bat erosoago egon zen Alaves. Arazoak sortu zizkion Granadari joko zuzenarekin, eta aise lehortu zuen etxekoen erasoko emaria, presio bizi eta aurreratua eginda. Oso zaila izan zen jokoa ehuntzea, eten asko egon baitzen; ugariak izan ziren faltak, eta lesio larriak izan zituzten Pinak eta Quinik. Oso aukera gutxi ikusi ziren, eta garbienak Alavesek izan zituen. Lehia hasi berritan, Rui Silva atezainaren aurrean gelditu zen Lucas, baina ezin izan zion izkin egin. Atsedenaldia ate joka zela, beste aukera bat izan zuen galiziarrak jaurtiketa gurutzatu bat gutxigatik kanpora bidalita. Joseluk ere izan zuen bere aukera, Lucasek ateratako falta batean. Bakarrik zegoen area barruan, baina burukada tokitara joan zitzaion.

Bigarren zatian, berriz, zirimola bat bezala atera zen Granada, eta aurretik eraman zuen Alaves. Atsedenetik itzuli eta hiru minutura egin zuen 1-0ekoa, Carlos Fernandezen bitartez. Arabarrek gaizki defendatutako jokaldi bat izan zen: Marinek ezin izan zuen gelditu Victor Diazen barneraldia, eta haren erdiraketa errazegi errematatu zuen Carlosek, Laguardia eta Ximoren artean sartuta. Hamar minutu geroago, penaltia egin zuen Manu Garciak, baloia eskuarekin nabarmen ukituta. Epaileak garbi ikusi zuen, teknologiaren beharrik gabe. Bada, Soldadok ez zuen barkatu Pachecoren aurrean: 2-0. Jota gelditu zen Arabako taldea. Eta okerrena etortzeko zegoen oraindik.

Wakaso bere onetik aterata egon zen atzo. Muga-mugan jarduten du beti, eta atzo gainditu egin zuen. Lehen zatian sartu zen, Pinaren ordez, eta ordu erdi besterik ez zuen iraun zelaian. Berehala ikusi zuen lehen txartel horia, baina asaldatuta jarraitu zuen. Hala, 67. minutuan bigarren txartel horia atera zion epaileak. Markagailuaren zama gutxi ez, eta jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren gasteiztarrak. Lehia gurutzebide bilakatu zitzaien.

Sufrikarioa pairatzen jarraitu zuten Asier Garitanoren mutilek. 77. minutuan 3-0ekoa egin zuen Herrerak, bakarkako jokaldi eder bat biribilduta. Baloia area ertzean jaso, Pons abileziaz gainditu, eta eskuinkada indartsua sareetara bidali zuen. Bukatzeko, epaileak txartel gorria erakutsi zion Laguardiari, luzapenean; orduan bai, VARaren laguntzarekin. Jasotako astinduaren ostean, Garitanok lanak izango ditu jokalariak berriro adoretzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.