Golak eskatu dizkie

Athleticek emaitza bolada onari segida eman gura dio Betisen zelaian. Raul Garcia eta Iker Munian gabe ariko da Villamarinen

haritz gallastegi
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Athletici ezin zaio orain arte egin duena baino askoz gehiago eskatu. Gaizka Garitanok etekina atera dio esku artean duen multzoari. Hala ere, beti dago zer hobetua. Talde guztiek dute hazteko tartea. Atleticek ere bai. Defentsan eta erasoan ditu zuzendu beharreko akatsak. Jakina da atea zaintzen oso ondo ari dela. Ez da Athletic kontrarioari erraztasunak ematen dizkion taldea. Baina, kanpoan aritzen denean, ez da San Mamesen bezain fidagarria. Pitzadura gehiago ditu, eta Unai Simonek lan handiagoa izaten du. Bada, gaur, Benito Villamarinen Betis mendean hartzeko, garrantzitsua izango da zulo guztiak ondo ixtea. Izan ere, Canales, Fekir, Loren eta enparauek ez dute asko behar arriskua sortzeko.

Erasoan, berriz, baliabideak falta zaizkio Garitanoren taldeari. Gutxi lortzeko asko egin behar du. Ez da Athletic gol aukera pare bat sortzearekin nahikoa duen taldea. Gaur, gainera, bi jokalari oso garrantzitsu faltako ditu aurrealdean. Izan ere, zuri-gorrientzat galera handia da Muniain eta Raul Garcia gabe jokatzea. Biak postu berean aritzen dira normalean, eta, bakoitza bere ezaugarriekin, oso garrantzitsuak izan dira Athletic goiko postuetan egon ahal izateko.

Zigortuta dago Raul Garcia, eta hura gabe gol sena eta lehiakortasuna galduko ditu taldeak; Muniain gabe, berriz, baloia edukitzeko eta aurkaria ezustean harrapatzeko gai den futbolari bat. Bi horiek gabe, pentsatzekoa daSancetek hamaikakoan jarraituko duela. Bestalde, Williams erdiko aurrelari postura itzul daiteke. Hala bada, Lekuek edo Ibai Gomezek lekua izango dute hamaikakoan. Baina Williams aurrean aritu ezean, baliteke Kodrok jokatzea erdiko aurrelari gisa. Defentsan eta euskarrian ez da berritasunik aurreikusten.

Betis kontuan hartzeko aurkaria da. Jokalari onak ditu, eta emaitza bolada onean dago. Jokatu dituen azken bi partidak irabazi ditu, eta zaleen babesa izango du. Hala ere, zuri-gorrien talde lana eta konpomisoa falta du. Bertute horiek baliatu, eta golak sartzeko eskatu dio Garitanoktaldeari. «Defentsan sendo aritzea ez da nahikoa. Golak sartu behar ditugu. Aurkariak aukerak sortuko dizkigu; beraz, irabazteko golak sartu beharko ditugu»,adierazi zuen atzo, prentsa agerraldian, zuri-gorrien entrenatzaileak. Garitanok sarri azpimarratzen duen kontua da: atea hutsean mantentzera bakarrik jokatzea arriskutsua dela.

Hori bai, Betisek espero baino lan eskasagoa aritu da orain gutxi arte, eta Sevillako zaleak nolakoak diren aintzat hartuta, ondo defendatzea eta aurretik jartzea garrantzitsua izango da Athleticentzat harmaila urduri jartzeko. Asko izango luke irabazita.

BETIS-ATHLETIC

Betis. Joel; Emerson, Edgar, Feddal, Bartra, Alex Moreno; Canales, Guardado, Fekir, Joaquin eta Borja Iglesias.

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Williams, Sancet, Cordoba eta Kodro.

Epailea. Valentin Pizarro Gomez.

Lekua. Benito Villamarin (60.721 ikusle).

Ordua. 14:00etan, (Gol TV).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.