OSASUNA 2 CELTA 1

Oraindik ez du oporretarako gogorik

Osasunak berreskuratu egin du lehiatzeko grina, eta irabazi egin dio Celtari. Galtzen hasi arren, partida irauli egin du Gallegoren eta Arnaizen golei esker. 48 puntu ditu jada

Osasunak atzo izandako aukeretako batean, Enric Gallego lurrean, errematea egin eta gero. IDOIA ZABALETA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Minak (10. min). 1-1: Gallegok (23. min). 2-1: Arnaizek (91. min) Epailea. Pizarro Gomez. Txartel horiak Osasunako Aridaneri eta David Garciari; eta Celtako Jorge Saenzi eta Rafinhari. Bestelakoak. Zalerik ez Sadarren koronabirusagatik.

Bazirudien Osasunako jokalariek maletak eginak zituztela jada. Hala iradoki zuten Betisen zelaian, batere tentsiorik gabe jokatuta. Baina ez, oraindik ez dute oporrak hartzeko presarik. Atzo itxura lehiakorra eman zuten berriro, Celtaren aurka, eta merezitako garaipena lortu. Apenas zuten ezer jokoan, sailkapenaren erdialdean finkatzeko aukeraz harago. Aurrean, ordea, jaitsieraren borrokan bete-betean sartuta dagoen aurkari bat zuten. Normalena zatekeen nafarrek lanak edukitzea Celtaren grina berarekin jarduteko. Alabaina, ez zeuden gustura Benito Villamarin zelaian emandako itxura indargearekin, eta errotik aldatu zuten atzo. Neurketan sartuta egon ziren ia une oro, eta galtzen hasi arren, markagailua iraultzeko kemena eta gaitasuna izan zituzten.

Sadarrek Sanferminetan inoiz hartutako lehen norgehiagoka izan zen. Gorritxoek elastiko berezia erabili zuten, aurten ospatuko ez diren festak omentzeko: zuria zen, eta zapi gorri bat zuen inprimaturik lepoaren inguruan. Itxura horrekin, jokalariak entzierroa korritzekoak zirela zirudien. Bada, akaso tradizioari keinu bat egin nahian, arrapaladan abiatu zuten partida, baloia bere egin, eta Celta bere zelaian sartuta. Hiruko defentsarekin atera zen kanpoko taldea, eta hegaletan min egiten saiatu ziren nafarrak. Haatik, berandu gabe egin zuten laprast. Erraztasun gehiegi eman zituzten Celtak ezker hegalean ehundutako jokaldi batean, eta, azkenean, 0-1ekoa sartu zien Santi Minak. Epaileak jokoz kanpokoa adierazi zuen, bainaVAR-ak haren erabakia zuzendu.

Osasunaren erreakzioa berehalakoa izan zen. Lerroak are gehiago aurreratu zituen, eta erdiraketak bata bestearen atzetik egin. Zehaztasun apur bat besterik ez zitzaion falta. Azkenean, ezker hegaletik iritsi zen argitasuna, 24. minutuan. Eskuaira eta kartaboia atera zituzten Adrianek eta Iñigo Perezek, eta Estupiñanek erdiraketa milimetrikoa jarri zuen area txikian, haren korrikaldi ugarietako baten ostean. Zezenak atzetik balitu bezala aritu zen partida osoan. Lan erraza izan zen Gallegorentzat baloia sareratzea: ateko zuloan bultzatuta, nahiko.

Hortik aurrera, irekia izan zen neurketa, eta bi taldeek izan zituzten aukerak. Tematien, edonola, Osasuna aritu zen. Gertu izan zuen bigarren gola atsedenaren aurretik, David Garcia, Gallego eta Adrianen bidez. Celta, berriz, atsedenaren ostean oldartu zen. Oscar Garciak, sistemaz aldatu, eta Nolito sartu zuen, eta erabakiak on egin zion Galiziako taldeari. Baloia denbora nahiko eduki zuen, eta hurbilketa onen batzuk ere egin zituen Osasunaren areara. Nolanahi, ez zituen gorritxoak askorik sufriarazi.

Azken hatsean, berriz ere

Joan-etorri asko ari zen izaten, eta Jagoba Arrasatek bete-betean asmatu zuen Vidal eta, batez ere, Arnaiz zelairatuta. Zorrotzago agertu ziren nafarrak, eta aurrelariak ahaleginak eta bi egin zituen garaitzeko gola sartzeko. Lehenik, atezainarekin egin zuen topo. Gero, atzelari batekin. Hurrena, ordea, ez zuen barkatu: luzapenean egin zuen 2-1ekoa, burukada oso zail batekin, Gallegok orain dela bi aste Leganesen aurka egin bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.