Getafe 1-0 Osasuna

Garesti ordaindu dute

Osasunak galdu egin du Getafen. Nafarrak ez dira fin ibili, batez ere bigarren zatian

Osasunako Cardona eta Getafako Djene lehian, atzoko partidan. JUANJO MARTIN / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Gola. 1-0: Matak (55. min.). Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak Getafeko Cucurella Maksimovic, Arambarri eta Damiani eta Osasunako Aridaneri eta Nacho Vidali.

Osasunak ezin izan zion atzo jarraipenik eman Cadizen lortutako garaipenari, Getaferen aurka 1-0 galdu eta gero. Aurkariak deseroso sentiarazten dituen jokamolde bat du Espainiako taldeak; atzoko partida bera ere trabaz josita egon zen.

Lehiari serio ekin bazion ere, bigarren zatian ez zen fin ibili Iruñeko taldea, eta garesti ordaindu zuen norgehiagoka osoan defentsan eginiko akats bakarra. Getaferen zelaitik esku hutsik bueltatu nahi ez bada, atzean ezin da hanka-sartzerik egin. Eta atzokoa beste adibide bat izan zen.

Parekatuta hasi zen norgehiagoka. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar bi taldeek, eta inork ez zuen akatsik egin nahi izan. Baloiaren jabetza alde batera utzi, eta defentsa lanetan sendo egoteari eman zioten garrantzia. Gauzak horrela, oso aukera gutxi sortu zituzten Jose Bordalasen eta Jagoba Arrasateren taldeek. Aparteko aukerarik ezzen izan lehen 45 minutuetan.

Hobeto zelairatu zen etxeko taldea bigarren zatian. Markagailuan ere aurretik jartzea lortu zuten 53. minutuan, Jaime Mataren gol bati esker. Roncagliak lo hartu zuen, eta Cucurellak baloia lapurtu zion. Hark baloia area inguruan utzi zion Maksimovici, eta serbiarrak gorritxoen atera bota zuen; Aridanek, baina,jaurtiketa desbideratu, eta aldaratzean Matak ez zuen hutsik egin.

Aurrean, kostata

Golaren ostean, gora egin zuen Bordalasen taldeak, eta Sergio Herrerak zaindutako atera gerturatu ziren behin eta berriz, arrisku handirik sortu gabe izan bazen ere. Defentsan, Djene eta Etxeita irmotasunez aritu ziren norgehiagoka osoan. Osasunak bidalitako baloi luze ia guztiak irabazi zituzten erdiko bi atzelariek.

Gorritxoek ez zuten argitasunik izan azkeneko metroetan. Gola sartzeko aukera gutxi sortu zituzten Arrasateren jokalariek. Partida amaierara arte ia ez zuten Getaferen area zapaltzerik lortu. Arauzko denbora amaitzeko bost minuturen faltan iritsi zen gorritxoen aukerarik garbiena. Baloi luze batean, Ruben Garciak Matias Oliveirari bizkarra irabazi,eta erdiraketa jarri zuen. Area txikitik errematatu zuen Marc Cardonak, baina haren jaurtiketa Soriak geratu zuen, eta hala amaitu zen neurketa. Osasunak ez zuen jakin Getafek jarritako trabak gainditzen, eta sasoiko lehen porrota jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.