Informazioaren kontsumoa %78 handitu da azkeneko urtean

Inkesta baten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irratiak eta prentsa idatziak dute sinesgarritasunik handiena

urtzi urkizu
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Periodismo 2030 kazetari taldeak eskatuta, komunikabideen kontsumoaren inguruko inkesta bat egin dute. Ondorioen artean, nabarmendu daiteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %92k irudipena dutela «ondo informatuta» daudela. Azkeneko urteko joerak aztertu dituzte, eta informazioaren kontsumoa handitu egin da toki gehienetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %78 igo da informazioaren kontsumoa. Fernando Jauregi Periodismo 2030 taldeko presidenteak azaldu duenez, ezin izan dute Nafarroan inkestarik egin.

Jauregiren arabera, Euskal Autonomi Erkidegoko herritarrek fideltasun handiagoa diote prentsa tradizionaleko egunkariei beste erkidego batzuetakoek baino. Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako zenbait erkidegorekin alderatu ditu datuak, eta, haren ustez, «hedabide autonomikoen» kontsumoa handiagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; telebistena, esaterako. ETB2ko albistegien ikusle datuek gorantz egin dute azkeneko urtean. Tokiko informazioa da herritarrei gehien interesatzen zaien gaia. Politika, berriz, oraintxe bosgarren tokian dago.

Prentsa idatziaren kasuan, pandemiak eta konfinamenduak bi joera eragin zituzten: paperezko salmentek behera egin zuten; eta Interneteko irakurle kopuruak, gorantz. «Alarma egoeran, kiosko asko itxita egon ziren. Tabernen gaia ere suntsigarria izan zen prentsa idatziarentzat. Baina, hala ere, egunero argitaratu dira egunkariak: bizirik irauten meritu handia du prentsa idatziak», adierazi du Jauregik. Tokiko egunkariek Bizkaian eta Gipuzkoan indar handia dutela nabarmendu du Periodismo 2030-eko ordezkariak. «Jendeak gero eta egunkari gutxiago erosten ditu, baina balioa ematen dio haien eremuko egunkariei».

Sinesgarritasunari dagokionez, irratia eta prentsa idatzia dira baloraziorik onena duten hedabideak. Zera gaineratu du Jauregik: «Komunikabideekiko estimua areagotu egin da». Herritarrek, bestalde, 5etik 2,8ko puntuazioa eman diete kazetariei. «Ez gaude hain gaizki; ez, behintzat, sarri pentsatzen dugun bezala».

Etorkizunari begira, edonola ere, «erabateko aldaketa» datorrela ohartarazi du Jauregik. «Gazteek beste modu batzuetatik hartzen dute informazioa. Fakultate batzuetan, egunkariak oparitzen dituzte, eta ikasleek ez dituzte hartzen. Oso ikasle gutxik kasu egiten diete, halaber, irratiko edo telebistako albistegiei». Belaunaldi arrakala horri aurre egiteko, hedabide askok zenbait erabakihartu beharko dituzte datozen urteetan. «Zenbait egunkarik tokiko informazioan zentratu beharko dute; irratian podcasta nagusituko da; eta telebistan, ikuslea ez da eseriko eta zain geratuko ea zer eskaintzen dioten».

Edonola ere, inkestaren egileek ondorioztatu dute komunikabideak pandemian rol garrantzitsua jokatzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.