Birkite Alonso.
LAUHAZKA

Eten da etena

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Eten egin da etena eta distantziaren absentzian jadanik ez gaude besteekin maiteminduta.

Orain lau aste, apirileko artikulua idatzi nuenean komunitatearekin liluratuta nengoen, geunden. Elkarlana, auzokideak, zaintza, babesa... hitz jario solidario batek elkarlotzen gintueneko sentsazioak egunei bultza egiten zien, orduak zirriborratu heinean leihotik begiratzera pausatzen ginenean. Elkarren beharrak hasierako asteak bete zituen, ondoko balkoietan edo telefonoaren bestaldean sumatzen genituen faltak eta kezkak behatzen eta sendatzen genituen. Besteak zaintzearekin batera gure beldurrak eta kezkak uxatzen genituen, distantziaren orratzak zainetatik barrena sartzen zigun maitasun neurrigabe hartan txolinduta. Elkarren behar horrek zalantzan jarri zuen ordura arte aldarrikatzen genuen indibidualtasuna eta familia nuklearraren bazterketa. Ondorioztatu dugu lagunak behar ditugula eta dugun familia ezinbestekoa dela.

Gogoan dut iragan moduko hura, leihotik autopista bihurtu den kaleari begira nagoelarik. Jendea elkarren bila abiatzen da, terraza batean aparkatzera. Terrazak bai, mendirik ez.Hortik irakurri dut inoiz ez dutela horrenbeste nerabe terrazetan eserita ikusi, ez ote dituzten kontsumitzera bultzatu, moda berria ezarri. Dagoeneko kontsumitzen zuten, bada, orain, legala eta mesedegarria omen da.

Gurasoek pentagono, hexagono edota oktogonoak osatzen dituzte belar gainean, norbere puntatik angelu zorrotz malguak osatuz. Dekagonorik ez dut ikusi, gai horrekin nahastuta gabiltza oraindik. Umeak futbolean ari dira, edo elkarrekin patinatzen, jolasten. Ume batzuk, maskaradunak, gurasoek lepora jaitsi dituzte pentagonora sartzean.

Aurreko arratsaldean, kotxean itzultzen, Bilboko Areatzatik zazpietatik zortziak arte besterik ateratzen ez diren agureak ikusi nituen, baita maskara atzean gordetzen zuten keinua igarri ere, kuadrilla gazteak, familiak, korrikalariak eta bizikletak saihestu bitartean, oreka galtzeko zorian, erortzen utziko zituztelakoan.

Auzo ahaldun batean janari prestatua saltzen duen bikote kubatar batek kontatu zidan astelehenean, pandemia aurretik auzoaren laurden bat besterik ez zela dendan sartzen eta orain ezta hori ere. Alabak auzoko eskolan ikasten duela eta inoiz ez dela lagunen gurasorik dendatik agertu. Gizonak kozinatzen du eta emakumeak saldu. Azkena lur jota zegoen, nekatuta, kornea ebakuntza egin berria eta lanean. Denda ezin dutela itxi, ezta hamabost egunetan atseden hartzeko ere. Hala ere gogorra naiz, zioen, baina ezin dut jendearen mespretxuarekin. Okerreko auzoan daudela esan nion, alde zaharrean jende gehiago sartuko litzatekeela. Badakit, izan gara bertan, erantzun zidan, baina alde zaharreko alokairu altua jadanik ezin genuen ordaindu.

Azken bi hilabeteetan ikasi dudan zerbait: ez dut horrenbeste jenderen beharrik eta gutxi batzuen behar handia daukat. Baita distantzian gehiago maite dugula ere.

Simone Weil filosofo frantsesak (1902-1943) honi buruz hausnartu zuen bizitzak eman zion denbora tarte eskasean. Bere koaderno agorrezinetan, non gogoeta mistikoak, geometria eta filosofia platonikoari buruzko espekulazioak, teoria soziala eta arreta poetiko handieneko uneak partekatzen zituen. Weilek distantziari eta banaketari buruzko hausnarketa egin zuen, orain garrantzi handia hartu duten gaiak bi hauek. Simone bera Bigarren Mundu Gerran hil zen, Londresen, bere herrikideekin erabat solidarizatuz, hauengandik banandua zegoelarik, Alemania naziaren inbasioa bizi zutenak.

Nahiz eta pertsona askok, guztiz naturala dirudien arren, distantziarekiko eta banantzearekiko gorrotoa eta mespretxua duten, Weilek, sotiltasun handiz, distantzia eta banaketa maitasunaren eta edertasunaren zati direla nabaritzen du, eta ez bakarrik bigarren mailako efektu edo oztopo gisa, baizik eta adiskidetasuna eta kontenplazioa osatzen duenaren funtsezko zati gisa. Oro har, Weilek uste du distantzia «edertasunaren arima» dela, eta bereizketa bere horretan maitasun mota bat dela, bere egoera eta bere garbitasuna. Azken finean, jatorrizko banaketarik ez balego, maitasuna ezinezkoa izango litzateke, ezingo litzateke mugimendu distiratsua izan, ezingo litzateke aurkikuntza ere izan. Maitasuna banaketaren eta elkartzearen pendulua da, eta ez bata bestea baino gehiago.

Era berean, gizakiak bakardadea behar du, gizartearen ahots uniformetik bereiztea, kontzeptu eta agindu faltsuz hustea, isiltasunean eta iluntasunean bere benetako izaera, garbi eta suntsiezina, aurkitzeko.

Aurkitu genuen gure benetako izaera eta, askok luzaroan gordekobadugu ere, oroimen kolektiboa hain da hauskorra, ezen kaleko autopistan zapaldu eta hautsi duela etxetik terrazara berandu atera den despistatu batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.