Donostiako 69. Zinemaldia. Culinary Zinema. KRITIKA

Perfekzioaren alde ugariak

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
'The Pursuit of Perfection'

Zuzendaria: Toshimichi Saito. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 79 minutu.

Lau pertsonaia, lau chef japoniar, sukaldaritza ulertzeko lau era, eta lau sukalde ezberdin. Takemasa Shinohara karatean ibilitakoa da, eta profesional izateko eskaintza alde batera utzi zuen sukaldaritza ikasteko. Bere lan prozesuak, ordea, karatearekin antzekotasun asko dituela aitortzen du. Kaiseki sukaldaritzan espezializatuta dago eta aldian aldiko produktuak erabiltzeari ematen dio garrantzia. Natsuko Shoji Tokioko emakumezko chef ezagun bakanetakoa da, eta bere baitan bi pertsona dituela dio: batetik, Natsuko, emakume isila, bakartia, komunikatzaile kaxkarra, eta bestetik Eteko, bere alter ego-a: ausarta eta kreatiboa. Arte garaikidetik gertu dauden pastelengatik da ospetsua. Yosuke Suga da izar kontzeptura gehien hurbiltzen dena; bere lankideak ez ditu begirune handiz tratatzen, eta atentzio osoa bezeroengan jartzen du. Sukaldaritza frantsesa eskaintzen du bere jatetxean. Takaaki Sugitak umiltasun osoz hartzen du bere lana: hori egiteko jaio zen, ez daki beste ezer egiten, eta hori egiten hilko da. Sushi chefa da.

Toshimichi Saitok zuzendu du The Pursuit of Perfection. Izenburuak dioen bezala, perfekzioaren bila dabiltzan lau sukaldariri buruzko dokumental bat da, baina haien izaera eta lana ulertzeko modua direla-eta, perfekzio horretara iristeko bideak ugariak direla ikusiko dugu. Lau chefek komunean dutena, ordea, beren plater eta kreazioekiko errespetua da; argi dute sortzen ari direna janaria baino gehiago dela, eta Saitok bikain islatu du gastronomiarekiko maitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.