Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Aukerak

2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ekografiak idazten hasi nintzen egunean, apustuak egon ziren nire lagunen artean: ea noiz izango ote nuen lehen istilua. Asko dio horrek nire lagunez, edo nire istiluetarako erraztasunaz. Tira, kontuak kontu, uste dut porra bat ere egon zela... edo ez, Ekografia hauetan idatzi dudan guztia ez delako egia izan. Hamaika hilabete igaro dira egun hartatik. Hamaika, hamaika. Hau da, ez hamaika asko esateko erabiltzen denean bezala, hamaika zehazki. Barkatu, liatzen ari naiz, beste behin.

Hamaika hilabete eta 95 ekografia. Azkar esaten da gero... Hasi nintzen egunean, gehien kezkatzen ninduena ia ehun ekografia horietarako gaiak aurkituko ote nituen zen. Kritikatu beharrekoak topatu, eta kritika horiek bideratzeko hariak bururatu! Lortu dut, 95ak joan dira azkenean, eta nire lagunek egin zuten, edo egin ez zuten, porra hura benetakoa balitz, ez luke inork saririk eramango. Urte ederra izan da, eta asko ikasi dut zutabe hauek idatziz. Alde batetik, kritikak idazteaz, baina baita gauzak asmatzeaz ere, lehen esan bezala, zutabe hauetan kontatu dizuedan guztia ez delako zertan egiazkoa izan. Tira, ez beldurtu, ez dut ikusi gabekorik kritikatu, eta, noski, ez dut existitzen ez den saiorik hizpide izan. Hala ere, kritikak idaztean, hainbat anekdota pertsonal eta istorio bitxi sartu ditut hitz eta lerro artean. Horietako asko, nire irudimenetik atera dira, eta, nahiz eta nireak izan balira bezala kontatu dizkizuedan, nireak ziren, bai, baina beste modu batean.

Gauza asko ikasi ditut Ekografia hauek idaztean, eta asko dut eskertzeko aukera eman eta lankide izan ditudanei. Baita, bereziki Twitterren, fin-fin nire testuak irakurri eta iruzkindu dituzuenoi ere. Hala ere, ikasi ditudan gauzen artean garrantzitsuena banekien, eta esperientzia honen ondoren indartuta atera den ideia bat izan da. Hain zuzen ere, hobeto pasatzen dudala istorioak asmatzen, ikusten dudanaz hizketan baino. Hori dela eta, hauxe izango da nire azken Ekografia. Hemendik aurrera, nire denbora atalaia honetatik hainbeste eskatzen aritu naizen euskarazko fikzioa sortzen saiatzen igaro nahi dudalako. Opa iezadazue zortea (beharko dut), nik neuk orrialde izkina honetan uzten dudan zuloa betetzera etorriko denari opa diodan moduan. Ea egunen batean nik sortutako zerbaiten kritika egin dezakezun. Ondo izan eta hurrengo arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.