Baloiak hautsi du zirkulua

Donosti Cup nazioarteko futbol txapelketa jokatzen ari dira aste honetan, Donostia erdigune hartuta. Bost kontinenteetako 623 talde ari dira parte hartzen, baina lau nabarmentzen dira: Indiako talde bat, Zambiako beste bat eta Nepalgo bi gonbidatu dituzte aurten Euskal Herrira.

City Strikers. Zambiako taldean 18 urteko neskek jokatzen dute. Gaur, Axular KKEren aurka jokatuko dute.  MAIALEN ANDRES / @FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Laugarren gola sartu, eta korrika batean atera dira hamaika mutiko harmailetarantz. Aurreko hiru goletan egin bezalaxe, Indiako Oscar Foundation taldekoak futbol zelaiaren ertzean makurtu dira, eta, errespetuzko keinua eginez, eskerrak eman dizkiete txaloka ari ziren ikusleei, oso era dotorean. 4-0 irabazita, Donostiako San Patricio eskolako aurkariei era adiskidetsuan eskua eman, eta aldageletan sartu dira. Aste hau Donostian igaroko duten mutikoek ondo hasi dute egonaldia. Indiatik etorri dira Euskal Herrira, eta Donosti Cup fundazioak gonbidatu ditu.

Donosti Cup futbol txapelketa hogeita zazpigarrenez egiten ari dira, eta aurten ere lortzen ari da bere helburua: kultura eta etnia ezberdinetako gazteek euren esperientziak partekatzea futbolaren bidez.

Bost kontinenteetako 623 taldek jokatuko dute aste honetan Donostia eta inguruak mobilizatuko dituen txapelketa honetan. Talde gehiago dira aurten, baina, berriz ere, gizonezkoen askoz talde gehiago daude emakumezkoenak baino; emakumezkoen 134 taldek baino ez dute parte hartuko. Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko 35 zelaitan jokatuko dute gazteok, eta Donostian eta inguruetan hartuko dute ostatu; 72 hotel, egoitza eta kanpin egokitu dituzte horretarako. Hala ere, talde horietatik guztietatik lau bereziak dira, Donosti Cupek gonbidatu dituelako txapelketan parte hartzera, bidaiak, egonaldia eta otorduak finantzatuta. Bestela, talde horiek ez lukete aukerarik izango Donostiaraino etortzeko halako txapelketa batean parte hartzera. Aurten, Zambiako City Strikers taldea eta Nepalgo Mugu Team dira emakumezko bi talde gonbidatuak, lehenak 18 urtekoak eta bigarrenak 14 urtekoak. Nepaldik Scholars' Home Academy eta Indiatik Oscar Foundation ere etorri dira, 13 eta 15 urteko mutikoz osatuak, hurrenez hurren.

Futbola, ahalduntzeko

Zein ote da hainbeste lekutako gaztetxok hain urrutitik Euskal Herrira etortzeko duten helburua? «Irabaztea!», esan du, espontaneoki, Lucinda Sowerbutts Oscar Foudation taldeko Komunikazio arduradunak. Barre egin du Suraj Patrok, fundazioaren sortzaileak: «Irabazteko baino gehiago, beste helburu batzuekin etorri gara Mumbaitik Donostiara: gozatzera gatoz, esploratzera, bertako kultura ezagutzera, munduko beste txokoetako taldeen aurka jokatzera...». Suraj Patro Oscar Foundationen sortzaileetako bat da, 4-0 irabazitako taldearen arduraduna, hain zuzen. Indiatik iritsi dira, zehazki munduko laugarren hiri handienetik, Mumbaitik.

Oscar Foundation taldeko jokalariak bizi diren auzoan, familia oso bat gela txiki batean bizi behar da, urik eta komunik gabe. Suraj Patroren esanetan, Oscar Foundationeko gazte horiek ahalduntzen eta autonomo egiten ahalegintzen dira, euren arazoei aurre egiten ikasten dutenean lortuko baitute gizarteari ekarpen bat egitea eta komunitatean aldaketa bat eragitea. Horretarako, hezkuntza ezinbestekoa da, eta gazte horiek oso gaztetan uzten dituzte ikasketak. «Askotan, eskola uztearen arrazoi nagusia da ez dutela behar bezala idazten eta irakurtzen ikasten, eta eskola uztean inork ez die itzultzeko esango», esan du Patrok. Hezkuntzaren garrantziaz jabetuta, futbola erabiltzen dute eskolara itzultzeko estimulu eta osagarri gisa. «2006an, kalean lanean zebiltzan gazte batzuei futbola irakatsiko geniela esan genien, nahi bazuten etortzeko. Eta horrela hasi ziren euren jokoa garatzen, eta kirol horrekin gozatzen. Momentu batean txapelketetan parte hartzeko gogoa sortu zitzaien, eta, orduan, baldintza bat ezarri genien: eskolara itzuli behar zutela».

Arrakasta handia izan dutela esan daiteke, Mumbaiko gazte askok eskolan jarraitzea lortu baitute, baita futbolarekin gozatzea ere, eta horrekin «bizitzarako abileziak eta balioak» ikastea. Indian kriketak eta hockeyak arrakasta handiagoa badute ere, Oscar Foundationek futbola jarri zuen ardatz, «kirol unibertsala izateaz gain, baliabide gutxi behar direlako; gainera, denek dute leku bat taldean». 7 eta 22 urte arteko gazteekin egiten dute lan, eta, futbola irakasteaz gain, eskolara itzultzeko oinarriak ematen dizkiete. 17 urtetik aurrera, gazteagoei balio horiek guztiak irakasteko tresnak ematen dizkiete, eta lider gazte horiek elkartearentzat egiten dute lan askotan.

Nahiz eta mutikoz osaturiko talde batekin etorri diren Euskal Herrira, neskekin ere lan egiten dute, eta, nahiz eta hasieran familiek ez zuten begi onez ikusi, onartu egin dute azkenean. «Emakumeentzako ere aukera ezin hobea da: orain behintzat euren komunitatetik atera daitezke, futbolean jokatzera joateko». Donosti Cupera Oscar Foundationekin etorri den taldeko atezaina da Azad Hussain, eta zera adierazi du: «Fundazioari esker, eskolan jarraitzen dut, eta milaka ate ireki dizkidate nire etorkizunerako».

Euren komunitatetik atera diren lehen aldia da gehienentzat. Mendebaldeko kultura ezagutu nahi dute, eta oso harrituta daude ikusten ari diren guztiarekin: errepideak, ordena, kaleko lasaitasuna... Suraj Patrok dioenez, «sinesgaitza» da gazte horiek hain aukera ona izatea: «Beti zirkulu batera mugatu dira; ez dira euren komunitatetik atera, eta, orain, apurtu egin dute zirkulu hori: amestu ezingo zutena egin dute!».

Itsasoari begira

Nepaldik etorritako mutikoek ere ezin dute sinetsi izandako aukera, itsasoa ikusten duten lehen aldia baita. «Amets bat izan da! Itsasoa harrigarria da! Ur ertza sakonagoa zela uste genuen...». Hala mintzatu dira Saugat Shrestha eta Ocean Upadhaya ikasle nepaldarrak. Scholars' Home Academy eskolako ikasleak dira; 13 urte dituzte, eta Katmandu haranean bizi dira; eskola Bhaktapur hirian dute. Eremu hori suntsitu egin zen 2015ean, lurrikara bortitz bat izan baitzen han. Azpiegitura gehiena, eraikinak, ura eta argindarrerako bidea... dena suntsitu zen. Eskolaren eraikin bat ere erori zen. «Larunbata zenez, ez zegoen inor bertan, eta ez zen haurrik hil», azaldu Krishna Kumari Upadhayaya eskolako zuzendariordeak. Hala ere, kaltea izugarria izan zen, eta nepaldarrak oraindik lanean dabiltza herrialdea aurrera ateratzeko.

Gazte horiek Espainiako Golygol GKEaren bidez izan dute aukera futbolean jokatzeko eta Donosti Cupen parte hartzeko. GKEko arduradun Eladio Perezen esanetan, «lurrikararen ondoren Nepalek bizi zuen egoera ankerra ikusita, GKEa sortu genuen kirolaren eta futbolaren bidez lagundu ahal izateko. Han proiektu asko ditugu martxan eskola askorekin lankidetzan, eta futbola errealitate zail batetik ihes egiteko bide gisa baliatu zuten umeek. Hala ere, adiskidetasuna, elkar laguntzea eta bestelako balioak ere transmititzen dizkie kirol honek».

Scholars' Home Academy eskolako zuzendariordeak dioenez, «gure haurrek sei hilabete baino ez daramatzate futbolean jokatzen: lehen bi hilabeteetan, arauak ikasi eta baloiarekin moldatzen ikasi zuten, haietako asko inoiz baloi bat ukitu gabe baitzeuden. Beste bi hilabetez, elkarrekin jokatu zuten futbolean, eta azken bi hilabeteetan parte hartu dute txapelketa batean. Horregatik, ez dira oso kirolari iaioak oraindik». Asteleheneko eta astearteko partidak 10-0 eta 11-0 galdu dituzte. Baina «taldearen helburua ez da irabaztea edo galtzea, ikastea baizik, kulturei eta jendeari buruz. Ikusi dugu munduko jendea nahiko antzekoa dela elkarrekin adiskidetsua denean». Ikasle gehienak lehen aldiz atera dira jaioterritik, eta aukerari etekina atera nahi diote. Eskolaren filosofiarekin bat dator, zuzendariordeak dioenez, «nazio bat hobea eta iraunkorragoa izango delako gazteak autonomo eta beren buruaren jabe izateko hezten baditugu».

Oscar Foundationeko gazte gehienek eta Nepalgo Saugat Shrestha mutikoek amets handi bat dute: futbol izarrak izatea. Hala ere, amets handiagoa dauka Ocean Upadhaya gazteak: geologoa izan nahi du. Berriro lurrikararik gerta ez dadin, lurraren funtzionamendua ikasiz egin diezaioke ekarpen handiena bere herriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.