LAUHAZKA

Bada etorkizun ziberpunk desiragarririk

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Salbuespen egoeraren bizipenek fase ezberdinak pasarazi dizkidate. Hasierako beldurrak eta geroko harridurak eta ezin ulertuak egokitze fasera eraman naute. Behin errutinak barneratuta, egunak bata bestearen atzean pasatzen zaizkit. Denbora eta historia gelditu direlako sentsazioak jota, «eta orain zer?» galderari erantzun nahian nabil. Horretarako, ohiko pentsalari, webgune eta iturrietara jo dut. Ezer gutxi. Burkide minekin, gertuko kideekin eta konfiantzazko pertsonekin solastatu naiz (batzuk inoiz baino gehiago ikusten ditut, pantaila bidez bada ere). Elkarrekin egoteko behar handia bai, baina erantzunik ez. Isiltasuna, amorrua, haserrea eta beldurra konpartitzen ditugu, baina, egia esateko, ez dakigu norantz jo.

Pentsamendua josten lagunduko digun haririk ez topatzeak talka egiten du han eta hemen argitaratzen ari diren hamaikatxo artikulu, testu eta irudiekin (baita memeekin ere, noski). Baina sentsazioa dut motz gelditzen direla eta ezkerretik ematen diren erantzunek COVID-19a agertu aurreko ildoari jarraitzen diotela. Alderdi batzuek eta besteek esaten dutena oso antzekoa da, eta sindikatuen eskaerek ere, langileen osasuna bermatzeari dagozkionak alde batera utzita, ez dute hurrengoaz hitz egiten. Egia da, bestalde, pauso batzuk eman direla zaintzaren antolakuntzan eta une honetanbehar-beharrezkoak diren produktu batzuen ekoizpenean. Eta, hala ere, norantz jo erabakitzen lagunduko didan maparik gabe nago.

COVID-19ak eragindako larrialdi-egoeratik onura ateratzen ari diren horien inguruko informazioa behar dut; osasungintza pribatuak pasatuko dituen fakturen zenbakiak ezagutu nahi ditut, eta inoiz baino beharrezkoagoak zaizkit azken urteetan osasungintza publikoaz arduratu diren agintarien esplikazioak. Jakin nahi nuke zergatik ez den mantendu duela hogei urte zegoen inbertsio maila, zergatik jarraitu duten berdin 2007ko krisialdian garatu ziren murrizketek, eta zergatik ez diren berreskuratu ospitaleetan galdutako milaka oheak.

Ez didate balio «denon artean lortuko dugu» bezalako lelo hutsek; emozioen mailari zuzenduta daude, eta birusa tratatzen dute saihestea lortu ez dugun fenomeno baten gisa. COVID-19aren ondorioz ezarri diren salbuespen neurriak agian ez ziratekeen erabili behar izango baldin eta osasungintza sistema publiko zabal bat izango bagenu; eta ez, ez naiz erokeriez ari, Alemaniako zenbakiez ari naiz. Horrelako krisi handi baten aurrean, asko harritzen nau koordinazio lanez arduratuko litzatekeen babes zibila antolatzearen aldeko ahotsik ez entzuteak. Krisi honek ehunka mila milioi euroko kostua izanen du, eta gutxi dira, modu zabalean, horren inguruko proposamenak. Europako maileguek hemendik sei hilabetera izan ditzaketen ondorioak dira mahai gainean jarri beharrekoak, eta ez borondatearekin lotutako kontuak.

Baina salbuespen egoeraren kudeaketak aurrera egiten du, eta azken egunetako berriek are ezinegon handiagoa sortu didate, berrogeialdiaren amaiera geolokalizatuaren paradigmak (horrek bai) izua ematen didalako. Eta, hara non, kide min batek testutxo bat pasatu dit, hiru lagunen artean 2002an idatzi genuena, Euskal Jai gaztetxeko kolektibo autonomo batek argitaratzen zuen fanzinerako. Testuan jasotzen diren hiru zatien artetik, lagun honek idatzitako ukronia ziberpunkak izoztuta utzi nau: Mendebaldeko herrialdeak suntsituta utzi dituen pandemia baten ondorioz, Identifikazio Pertsonalerako Gailuak sortu dira, pertsona oro kontrolpean dituztenak. Enpresa pribatuek abiatutako gailu hura, geroago herritarrek ere bultzatuko zutena, herritarrak kontrolatzeko eta bizitzaren garapenerako ezinbesteko tresna bilakatu zen; baimena ematen zizun erosketak egiteko, saltzeko, tokietara sartzeko, bidaiatzeko eta, azken finean, eguneroko bizitzarekin lotutako beste gauza guztietarako.

Hortxe sentitu dut astindua. Mundu (paradigma) berri bat zabaltzeko bidean dago. Momentu historiko honetan (sekula ez nukeen imajinatuko De Guindosi entzungo nionik esaten krisiari aurre egiteko aukeretako bat dela oinarrizko errenta ezartzea), eta inoiz baino gehiago, diskurtso eraginkorrak behar ditugu krisiari itxiera are diziplinazkoagoa ez emateko eta aberastasunaren arrakala areagotuko duten prozesuak errotik mozteko. Inoiz baino gehiago, mundu berri bat daramagu gure bihotzetan, eta mundu hori gauzatzeko garaia da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.