Katixa Agirre.
LAUHAZKA

'Hikikomori' edo idazle

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Basamortu hauetako bakean erretiratuta...». Hala hasten da Francisco de Quevedoren soneto ospetsuenetako bat, idazle bizitzaren ideal bat-edo marrazten duena. Erretiratua, isolatua, klasikoez inguratua («con pocos, pero doctos libros juntos»), bere burua eta bere idazkera hobetzen.

Quevedok berak gutxitan disfrutatu ahal izan zuen bizimodu hura, Madrileko gorteko ika-mika guztietan sartuta egon baitzen, XVII. mende mugitu hartan. Politikaren pendulua kontra zihoakionean erbesteratu egiten zuten, eta soilik orduan, bere borondatearen kontra, topatzen zuen basamortuetako bake delakoa, gogoratu nahi ez dudan Mantxako herritxo batean. Soilik orduan bakardadea eta tenorea soneto zirraragarriak idazteko.

Hala ere, indartsua da irudia, eta gaur egungo idazleei ere atxikitzen zaie. Erretiroa, dorrea, isolamendua eta burbuila. Gela bat norberarena. Ezinbestekoak omen idazlea bihurtzeko. Eta hein handi batean hala da. Nahiz eta azken boladan geroz eta gehiago sinesten dudan sorkuntza kolektiboan, zineman eta bestelako arloetan egiten den bezala (honetaz beste batean jardungo dut), badago erabat kontzentratzeko eta erabat isolatuta egoteko momentu bat, idazketak aurrera egingo badu. Dudarik gabe. Aurretik dator behar hori, gainera, bat irakurzaletzen hasten den momentutik bertatik—idazle bihurtzen hasten garen momentu horretatik, alegia—, nor bere baitara biltzea eskatzen baitu irakurketak ere, erretiroa, dorrea, isolamendua eta burbuila. Idazle askok diote haurtzaro bakarti baten ondorioz hasi zirela konpultsiboki irakurtzen, eta inadaptazio maila horretatik, festetan arraro sentitze horretatik, ekin ziotela gero idazteari.

Badago egia horretan guztian, bai. Baina inoiz idazle gazte batek aholkua eskatuko balit —badaukat adinik horrelakorik gerta dakidan, ezta?— zera esango nioke. Isolamendu momentuak izango dituzu, bai, baina horrek ez zaitu gehiegi agobiatuko (egin kasu, idazle bat inoiz kexatzen bazaizu bere lanbidea «oso bakartia» delako, gezurra esaten ari zaizu), ziurrenik lanbide hau aukeratu duzu baduzulako horretarako joera naturala. Agian hobe duzu beste guztirako prestatzen hasiko bazina, dorreko figura isolatuaren irudiaren antipodetan dagoena.

Liburu bat amaitzerakoan ez baita prozesua amaitu, ez. Hor hasiko da liburuaren sozializazioaren garaia, idazlearen beraren (hiper)sozializazio garaia izango dena berez. Sare sozialetan presente egon beharko duzu, iruzkinak erantzuten eta like-ak eskertzen. Liburua aurkeztu egin beharko duzu, argazki sesio desatseginen erdian, diskurtsoa berrituz aldi oro, umorez zipriztinduz, baina sofistikazio maila minimo bati eusten. Gero, elkarrizketak. Telefonoz, aurrez aurre, skypez. Berriz ere umorea, sofistikazioa eta irribarrea. Irakurle taldeak ondoren, ordura arte entzun gabeko herrietan akaso. Hitzaldiak, mintegiak, jaialdiak eta kongresuak. Egunkarietan adierazpenak, famaturen bat hil denean. Kausa justu baten aldeko manifestuaren irakurraldia, prentsaurreko batean, manifestazio baten amaieran. Handituz doan harremanen sare bat. Zure aurretik pasatzen diren pertsonak, pertsonak, pertsonak. Irakurleak, kazetariak, beste idazleak, instituzioetako ordezkariak, aurkezleak, kultur teknikariak, editoreak, liburuzainak, itzultzaileak, mota guztietako ekimenen antolatzaileak, dokumental baterako grabatu nahi zaituzten zinegileak, Instagrameko jarraitzaileak, aireportuetara bila etortzen zaizkizun gidariak. Gehienetan harreman laburrak baina oso intentsoak.

Prest daude idazle guztiak horrelako zurrunbilo batean murgiltzeko? Instagrameko izarrak izateko jaioak al dira? Seguru asko ez, baina, zoritxarrez, ez dira gutxi beren karreraren erdibidean trabatzen direnak, hain zuzen jardun sozial horri ezin eutsirik. Ez bazara agertzen, ez badituzu esku asko estutzen, irratian adierazpen asko egiten, deitzen dizuten herri bakoitzera joaten hitzaldia ematera, ahaztu egingo zaituzte. Zure lanaren kalitateak ez du gehiegi axola bizimodua aurrera ateratzerako orduan. Hori da egia krudela. Idazleak ez direlako bizi egun beren liburuetatik. Gogorarazi dezagun: gehienez liburuaren BEZik gabeko prezioaren %10a eramaten du idazleak, eta horri deskontatu behar zaizkio zergak, kotizazioa, agentearen komisioa eta abar. Zure esku uzten dut kalkulua. Liburu bat idazten bi urte eman baditu egile batek, zenbat liburu saldu beharko lituzke salmenta horiekin bi urteko soldata minimo bat kubritze aldera? Pista: asko, gehiegi, apenas inork saltzen ez duena.

Nola egiten dute aurrera idazle profesionalek orduan? Berezkoa duten hikikomori izaera horren aurka borrokan, argazkilarien aurrean posatzen, jaialdietan hitzaldiak ematen, telebistako tertulietan parte hartzen, beren liburuen aipamenak bertxiotzen eta Olivares konde-dukearekiko hurrengo gatazkari itxaroten, erbestera bidaliko dituena boladatxo batez, behingoz sonetoak edo nobelak idazteko bakea eta isiltasuna ekarriko dien aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.