Albistea entzun

LAUHAZKA

948 <3 504

The Showboysen <em>Drag Rap</em> kantuak sortu zuen New Orleansko hip-hoparen barruko bounce estiloa.
The Showboysen Drag Rap kantuak sortu zuen New Orleansko hip-hoparen barruko bounce estiloa. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Celestino -

2023ko urtarrilak 15

Azken aste eta hilabeteetan tema berezi bat izan dut. Euskalerria Irratian ematen didaten zatia ohorez bete dut, Pelloren eta Igorren eskuzabaltasunari esker. Eta, halako batean, Iruñerriko euskaldunon komunitateari egiten ari naizen mina aski ez, eta toki hau profitatu nahi dut ber gauzari buelta bat gehiago emateko. Min hori are gehiago zabaltzeko, esan nahi dut.

Nitxo lerro batzuk dira hauek, antza, baina hemen beti ibiltzen ditudan gaiak dira, bata bestearen atzetik: ultralokala eta autoerreferentziala. Sinpleegia, itsusia eta zikina. Jabetza eta merkatu logikaren mugak ezbaian jartzea. Lapurtua eta lapurgarria. Beti berria eta tradizioari loturikoa. Komunitate eraikitzailea eta auzokoa. Trikitiaren laudorioa egitera natorrela ulertuko du baten batek, baina hori hurrengo baterako.

Bounce. Horrela esaten diogu New Orleans hirian 80ko hamarkadaren bukaeran sortu eta gaur arte iritsi zaigun hip-hop estiloari. Esan liteke kantu bakar bat dela, oinarrian bederen. Eta horrek legendazko egiten du. Lehen geltokia: joan zen mendeko 80ko hamarkadaren erdialdean New Yorkeko Queens auzoko The Showboys izeneko rap taldea. Eurek kontatuta, orduan boladan ziren pasadizo bat kontatzen zuten rap kantuak. Horrelako zerbaiten bila ari, eta zera bururatu: Dragnet izeneko telesailaren antzeko egituradun kantu bat eraikitzea. Eta halaxe egin: telesailaren hasierako musika hartu, eta 808dun beat gihartsu baten gainean, asmatutako gangster istoriotxo bat kontatu zuten. Eman zioten izena: Drag Rap. Honaino, milaka aldiz gertatutakoa: kanta bat egin, grabatu, eta ahaztua izaten da.

Auskalo nola, diskoa New Orleansera iritsi zen, eta, Showboysekoek batere uste (eta jakin) gabe, oso bestelako bide bat hasi zuen. DJren batek kantua aurkitu, eta bestetan jartzen hasi zen. Dantzalekua sutan jartzen zuen. Ordutik, New Orleansen Triggaman izenez egin zen ezagun.

Entzuteko beste denbora galtzeko prest bazaude, bere elementu ikonikoez jabetuko zara berehala: hasierako xilofonoaren kortxe esaldia, Dragnet telesailaren hasierako esalditxoa, kaxaren break-a, «drag rap» vocoderrarekin emana, «triggaman!» amua, 808dun bateria loopa.

Ipuinaren hurrengo geltokia: New Orleansen, disko horrek bere bideari jarraitu, eta, une batean, sanpleatu eta bere elementuak beat berri bat sortzeko erabiltzen dituzte. Eta gero beste bat eta beste bat. Eta Showboysekoek deus ere ez dakite gertatzen ari den horretaz. Hasiera garaiko artista eta kantu pare bat aipatzeko: Mc T Tucker & DJ Irv-ren Where Dey At? eta DJ Jimiren Where They At (nabarmena izenaren kontua).

Urteak joan eta etorri, bounceak hor darrai, bere tokiari loturik, bere burua garatzen, kantuz kantu eta bestarik besta. Ez du mailaz igotzeko beharrik, bertan ulergarria eta erabilgarria baita. Gorabeherak izan baditu ere, Katrinaren gertaeraren ostean revival moduko bat izan zuen. Deep south estiloarekin duen harremana ere begi-bistakoa da, eta horregatik ausartuko naiz esatera: azken hamarkadako estilo urbano-en hazietako bat ere bada. Denboran salto handiagoa eginez, mainstream-ak keinu nabarmenak egin dizkio: Draken Nice for What, Cardi B-ren Bickenhead edo Beyonceren Church Girl ezagunenetako batzuk aipatzearren. Bistan denez, benetakotasun tanta bat edo beste emateko moduak dira horiek, baina bouncea autoerreferentziarik eta kontesturik gabe motz geratzen da. Ezin nabarmendu gabe utzi Big Freediaren zubi lana, aipatu ez badut ere, benetako pertsonaia nagusietako bat.

Beste ezaugarri nabarmen bat tradizioarekiko lotura estua da. Galde-erantzunik gabe ez da ulertzen ahal, usu shout out edo agurrak ematen dira, auzoak eta bertako jendea aipatuz. MC zeremonia maisuaren rolak bere jatorrizko esanahiari hertsiki jarraitzen dio, jendea dantzarako xaxatzea eta entzulea kantuaren parte izatea, mardi gras indians tradizioan bezalatsu, mantrak errepikatuz eta mikroa ahoan duenari erantzunez. Iaz, lotura hau bereziki goxoa duen diskoa atera zuen White Tchopitoulaseko tribukide den Flagboy Gizek, We Outside bezalako kantuduna. Beste testu baterako beste ematen du brass bandaren eta bouncearen arteko joan-etorriak. Kobre taldeek rap errepikak bere egiten dituzte, naturalki, eta bounce artistek kobreen sanpleak edota riffak sartzen dituzte era bertsuan. Ricky B-ren Y'all holla klasikoa, adibidez.

Elementu hauek guztiek komunitatea nola mamitzen duten ulergarria da. Baina gehiago pentsatzen badugu, lanabes nagusia sanpleak, ordenagailuak eta diskoak izanik ere, grabazioetan bainoago jende topaketan du praktika honek bere muina. Lily Keberrek maisuki erakusten du 2018ko Buckjumping filmean.

504icygrl-en Kitchen entzun eta aurrera. Hor dira: birziklatzea, soinuaren zikintasuna eta hitz zorrotz eta gordinak. Itxuraz sinplea izatea, zuzen-zuzena eta itsustasunari eustea, kosta ahala kosta.

The Showboysekoek 1990eko hamarkada bukaeran jakin izan zuten han gertatzen ari zena, eta heroi gisara hartu omen zituzten New Orleansen. Ordurako, baziren ehunka kantu beraien Triggaman beat horren zatiekin eginik. Ez galdetu egile eskubideez eta royaltyez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...