Eibar 1-2 Mallorca

Pauso bat aurrera, eta bi atzera

Eibar estutasunean dago, Mallorcaren aurka Ipuruan galdu eta gero. Aukera oso ona galdu du aurkari zuzen bat paretik kentzeko. Garesti ordaindu ditu opariak

Eibarreko eta Mallorcako jokalariak, nor baino nor gehiago, atzo Ipuruan jokatutako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Danik (12. min). 0-2: Kubok (78. min). 1-2: Bigasek (92. min). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Eibarreko Jose Angel, Orellana, Oliveira, Yoel, Charles eta Enrichi; eta Mallorcako Reina, Raillo eta Daniri.Bestelakoak. 6.110 ikusle Ipuruan.

Abiadura hartu ezinda dabil Eibar denboraldi honetan. Ez du kateatzen emaitza onen segida luzexkarik, eta, ondorioz, sailkapeneko atzeko lekuetatik ihes egin ezinda dabil. Horixe da ezberdina aurreko denboraldietatik.

Hori guztia ondo azaltzen du atzokoak. Bigarren partida jarraian zuen etxean, Mallorcaren aurka, eta aukera paregabea zeukan aurkari zuzen-zuzen bat oso atzean uzteko, jaisteko postuetan delako atzoko aurkaria eta Eibarrek bost puntu gehiago zituelako jokatu aurretik —partida bat gutxiago jokatuta—. Aurreko asteburuan Levanteri ondo irabazi eta gero, atzo kale egin zuen, ordea, eta atzoko emaitzak sufritzeko kondena ipini dio hemendik eta sasoia amaitu arte ziurrenik. Bi puntura etorri zaio gainera Mallorca.

Ez zuen partida biribila egin Jose Luis Mendilibarren taldeak, ezta gutxiago ere. Hasierak iragarri zuen ez zela eguerdi atsegina izango. Kanpotarrak erdiko hiru atzelarirekin atera ziren, aurrealdean Cucho eta Budimir zituztela. Mallorcarena izan zen norgehiagokaren hasiera, eta hutsa behar izan zuen Cuchok lehen gola sartzeko, hirugarren minutuan. Dmitrovicek sekulako urruntzea egin zion. Eibar berehala suspertu zen, baina, eta Jose Angelek langara bota zuen baloia falta jaurtiketa batean, 11. minutuan.

Orduan jokatu zituen Eibarrek partidako minuturik onenak. Aurkariak ez zuen asko behar atzean sartzeko, baina etxekoek preso hartu zuten, baloia galdu eta segituan berreskuratzen zutelako baloia. Gero, ondo jokatu zuen, baloiaren jabetza egokiekin eta baloia hegaletara eramanez, pazientziarekin. Baina beste askotan ez bezala, erdiraketa gehienak eskasak izan ziren atzo. Horren oinarrian beste bi eragile ere izan ziren: batetik, Mallorcako erdiko atzelariek bikain egin zuten lana, areara hegaletatik zetorkien guztia urrunduz; eta bestetik, Enrichek eta Charlesek ez zuten asmatu erremateko leku onak aurkitzen. Azkenean, alferrik izan zen hainbesteko gain hartzea aurkariarekiko, inolako eraginkortasunik gabekoa.

Lehen golaren zama

Lehen zatiaren amaiera aldera, halako batean atera zen Mallorca haren zelai erditik, eta Arbillak egin behar ez zuen oparia egin zuen, falta batekin, area ertzean, kanpotarren erasoko ezkerraldean. Danik atera zuen, oso itxita, eta Arbillak berak urruntzeko aukera izan bazuen ere, burua jaitsi zuen, eta baloia sarera joan zen, inork ukitu gabe. Kolpe handia izan zen Eibarrentzat, eta ez zion bueltarik eman bigarren zati osoan.

Atsedenalditik bueltan, etxekoak ez ziren lehen zatiko minutu onetan bezain menderatzaile izan, eta Mallorca eroso antzean ibili zen, atzean sartuta bazegoen ere. Nahita ziurrenik, gero kontraerasoan ateratzeko edota etxekoen opariren bat baliatzeko. Orellanak eman zien bigarren oparia, baloia galdu zuenean zelai erdian, aulkietatik gertu. Kubo japoniarrak amaitu zuen jokaldia, bigarren gola sartuz, 78. minutuan. Aldaketek ez zioten ezertxo ere eman Mendilibarri, eta Bigasek azken-aurreko minutuan sartu zuen golak ez zuen ezertarako balio izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.