Birkite Alonso.
LAUHAZKA

'Truktopia'

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Sei hilabete igaro dira konfinamendua hasi zenetik, eta dagoeneko dena aldatzen hasi da. Lurrak bere burua babesteko antigorputzak erabili izan balitu bezala, birusak geldiarazi egin gintuen, berak arnasa har zezan; batu egin gintuen, berari bakarrik ez, geure buruei ere kalte egiten ziona antzemateko, aurrera egiteko modu egokia erakutsi eta aldatzeko aukera emanez.

Duela hiru hilabete hasi ginen etxetik irteten, baina, egia esan, ezer gutxi egin dezakegu lau horma hauetatik at. Jadanik ohitu gara balkoiz balkoi hitz egiten, ospatzen, laguntzen, bizitzen. Kanpoko aisialdia mugatua da, baita hura betetzeko era ere. Geure artean harremanak izateko modua ere aldatu egin da, lehengotik hain desberdina. Zentzu batean, hobea dela esango nuke. Hala ere, faltan sumatzen ditut jaiak, pilaketak, ohiturak, mozkorraldiak eta eguna nola bukatuko zen ez jakitea.

Ia denbora guztia etxean ematen dugu, edo inguruan ibiltzen eta bakarka kirola egiten. Lagunekin talde txikietan bil gaitezke astean behin, asteburuko ilusioa ez galtzeko, baita askok lanean jarraitzen dutelako edo behar berrietara egokitu diren lanak sortu ditugulako ere, zorionez. Eskolak ere laster hasiko dira berriz.

Taldeetan biltzen gara, hamar laguneko taldeak, aldi bakoitzean aldatu edo nahastu daitezkeenak, baldin eta testa pasatu badugu. Maila sozial berri bat ezarri zaigu, aurrekoekin gutxi ez bagenuen ere: testa pasatu eta antigorputzak garatu dituena askatasun handiagoaz mugi daiteke. Gutxienez, askok denontzako onurak garatzeko ahalmena bihurtu dute. Sendatuaren kontzeptua berez ez dugu gustuko, baina horrela izan behar du, herritar ugarik barruan jarraitzen duten arren, adinekoek adibidez. Oraindik goiz da beraientzat; txertoaren zain ematen dituzte egunak leihoetan, balkoietan, guri so, begirada galdua gure itzalei jarraikiz. Baina ez dute galdu ez begirada, ez ilusioa. Zinez eskertzen digute eguneko bisita, erosketa eman eta segundo eskas horietan begiekin irribarre egiten digute eskerrak emanez, gure hitz apurrak biltzen, oheratu aurretik galdu dituzten lagun eta senideekin gogoratzeak dakarren samina arinduko diela pentsatzen dugun bitartean, guk ere, eguna amaitzean.

Udan zehar, herriko udalak lorategidun baxu bana eskaintzen digu kontzertu edo bertso saio bat entzuteko, antzezlan bat edo azken filma ikusteko, haurrentzako ikuskizunekin eta ipuin-kontalariekin gozatzeko. Irrikaz itxaroten diogu aste bukaerako arratsalde edo gau parteari, artea eta kulturaren magia aurrez aurre sentitzeko. Hastiatuak gaude pantailei begiratzeaz, nahiz eta eskertzen ditugun sortzaileek helarazten dizkiguten une preziatu horiek. Ulertu dugu ezinbestekoak zaizkigula aurrera egiteko, eta hasi gara aldatzen. Hasi gara eskertzen eta sortzaileak behar bezala zaintzen, sormen lanek merezi duten arreta eta esker ona adierazten. Haiek ere hasieran baino lasaiago daude.

Konfinamendua hasi zenetik gogor borrokatu dira haien eskubideengatik, gobernuak haien lana aitortu dezan, babestu ditzan, eta bai, konturatu gara zein beharrezkoa dugun une honetan kulturak eskaintzen digun leihoa irekitzea eta argi-izpiak sartzen uztea, denon artean adostu ditugun neurriak aurrera egiten dutela ikusten ari garelarik. Sarriago entzuten ditugu hedabideetan, irratian mota guztietako musikariak entzuten ditugu, hasiberriak eta beteranoak, norbere abestiengatik gutxieneko bat kobratzen dutelarik. Telebistak bezala, zabaldu egin du zuzeneko emanaldien eskaintza, eta kontzertu, antzezlan, erakusketa edo emanaldiak zabaltzeko kontratatzen ditu artistak. Itxita jarraitzen duten aretoei ere laguntza eman zaie, aukera baitaukate kontzertu eta ikuskizunak, bertso saioak edo poesia emanaldiak sarean zabaldu eta sarrera birtuala kobratzeko, artistekin partekatuz. Negua heltzean, kultur bilera hauek aretoetan egin ahal izateko bideak aztertzen ari dira, talde mugatuetan izango bada ere.

Esan bezala, hamar lagun edo hiru familia bildu, eta, herri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera edota baserrien edo etxeen eskaintzaren arabera, udalak bost, sei, hamar etxe alokatu, eta artistak kontratatzen ditu talde txiki horiei emanaldia eskaintzeko. Artistak txandakatu egiten dira udalerri guztietan, eta eskaera handia dago. Beraz, hilean bi-hiru asteburutan behintzat, kontzertu edo ikuskizun bat emateko aukera dute Euskal Herri osoan zehar. Ikuskizunekin batera, artista plastiko baten erakusketa ekartzen digute, eta lanak salgai jartzen dituzte. Beste batzuetan, idazleek eta poetek ozen irakurtzen dituzte zuzenean eros ditzakegun obrak, aurretik herriko liburu dendan eskuratu edo argitaletxeari online eskatu ez badiogu. Musikarekin bezala, entzundako diskoa erosi egiten dugu disko-dendan edo artistaren webgunean, bai etxera ekartzeko edota sarean entzuten jarraitzeko. Gustuko dugun lan bakoitza eskertzen ikasi dugu, maite duten lanbidean guretzako sortzen jarrai dezaten.

Asko disfrutatzen dut festa eguna heltzen denean. Elkartzen garenon artean edariak, pintxoak, afaria edo askariak erosten dizkiegu auzoko taberna pare bati, eta pozik ekartzen digute. Izan ere, tabernetan ezin gara lehen bezala elkartu, eta haiek saltzen digute geure etxean edo asteburuko bilkuretan ospatzeko ezinbestekoa zaigun mahaia hornitzeko beharrezkoa. Lanegunetan ere etxera eraman ohi diete kalera ezin atera daitezkeenei, eta, bestela, bezeroak hurbiltzen dira tabernetara bila. Etxean kozinatu ezin ditugun bazkari edo afari sofistikatu-goxoak dastatzeko aukera daukagu oraindik, eskatu besterik ez dugu egin behar. Herritarrok adostu egin dugu komertzio txiki eta baserritarrei ahalik eta gehien erostea. Zerbait ikasi badugu, pribilegiorik galdu ez duenak dirua erabiltzen ikastea izan da, denon artean banatzearen ekintza berez pribilegioa bihurtuz.

Truktopia izeneko gure herri txikian hasi zen dena, eta, gaur egun, herrialde osora zabaldu da. Lurrak sendatzen jarraitzen du, eta antigorputz gehiago bidaliko ditueneko susmoa dugu, baina ordurako prest egongo garelakoan gaude, txertoa gugan baitago dagoeneko.

Musika:Nor zara zu? (Peru Galbete, 2020ko apirila).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.