EKITALDIEN HUTSUNEA KUDEATZEA

Musikaren sektoreko profesionalei kontzertuetatik datozkie diru sarrerak, bereziki; managerrei ere, beste horrenbeste. Pandemiaren ondorioz, ikuskizunak desagertu egin ziren aurrena, eta murriztu ondoren. Egoera horrek nola eragin dien kontatu diote zenbait kudeatzailek BERRIAri.

Berria.
amaia igartua aristondo
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Abeslari bat agertokian. Inguruan, hainbat musikari, beharbada. Oholtzatik kanpo, soinua, argiztapena eta beste hainbat aldagai kontrolatzen dituzten teknikariak, emanaldia antolatu duten programatzaileak, baita aretoa txukun eta garbi mantentzen duten garbitzaileak ere, besteak beste. Ezin konta ahala profesionalen eskutik igotzen da artista bat oholtza gainera, baina, hori egiterik ez duenean, hura aupatu dutenen lana ere zapuzten da, era berean. Hala nola manager edo kudeatzaileena, sektorearen katebegietako bat diren heinean.

Diskoen salmentetatik lortutako etekina «sinbolikoa» dela dio Panda Artists Management-eko Joseba Razkin managerrak, eta, horrenbestez, kontzertuak direla egun diru iturririk oparoena, bai artistentzat eta baita agenteentzat ere. Zuzenekoak erabat desagertuta, diru sarrerek beste horrenbeste egin zuten itxialdiaren garaian, Forbidden Colourseko Iñaki Egitegik gogorarazi duenez: «Sektore oso bat erabat kolapsatu zen zuzeneko emanaldiak egin ezinaren ondorioz. Jarduera, eta, beraz, diru iturriak ere erabat desagertu ziren hasieran». Ginmusicako Sergio Cruzadok daramatzan artisten kasuan, «fruituak hartzeko eta gozatzeko garaia heldu berri zegoela» iritsi zen itxialdia: disko berrietan hamabost hilabetez lan egin ondoren, kontzertuekin hastekoak baitziren.

Fruituok arbolan usteldu dira, ordea, eta heldutako bakanak biltzeko lana askoz handiagoa izan da etekina baino. «Biziraute» egoera, Razkinen arabera: «Lan bolumena ikaragarria izan da, baina ekarpen ekonomikoa hutsa, egin ditugun kontzertuak ez direlako errentagarriak izan». Pandemiak zer ekar zezakeen antzematen hasi zenean, artistei adierazi zien «sormen eta irudimen handiarekin» baino ezingo ziotela arazoari aurre egin, eta, irizpide horrekin, musikari batzuek lan egiteko aukera izan dute, bederen: «Adibidez, deskonfinamenduko faseen garaian, Bulego taldearekin planteatu genuen leku zabalean egitea emanaldia, eta konfinamenduaren ondorengo lehen kontzertua izan zen Euskal Herrian». Ekitaldi anekdotikoetatik ezin daiteke bizi, halere: «Kontzerturik egin ezean, ez dago dirurik ez taldearentzat, ezta managerrarentzat ere. Nik, behintzat, manager izatetik ez dut jaso soldatarik azken urte eta erdian».

Cruzadoren kasuan, antzeko: «Lan handia egin dugu, baina beste modu batean: kontzertuak atzeratzen edo bertan behera uzten, formatu berriak saiatzen, horiek ere bertan behera uzten, eskaintzak entzuten baina baztertzen legeak ez zuelako horiek gauzatzen uzten, eta baita musikarien aldarteari eusten ere». Lan horrez gain, itxialdiaren ostean izan duten «balentria» azpimarratu du agenteak, Belakok Europako bira bat antolatu ahal izan zuelako, esaterako, emanaldiak auto zinemetan emanez, orduko hartan ikuskizunak har zitzaketen leku bakarrak baitziren. Egokitzapenak egokitzapen, salbuespenak baino ez dira izan: «Orokorrean, lanaren %70ak ez du ezertarako balio izan, eta, gainerako %30ak, errentagarritasun urriko proiektuak egiteko».

Nola edo hala, musikariek lortu dute hondarren bat eskuratzea, behintzat. Baina, haien emanaldiak ez ezik DJenak ere kudeatzen dituzten agenteek apur horiek ere ezin izan dituzte bereganatu. Irene Prieto Forbidden Colourseko manager ohiak batak zein besteak izan ditu agendan urtarrilera arte —lanez aldatu, eta agente izateari utzi zion urte hasieran—, eta lehenekin izan du ekitaldiak antolatzeko abagune bakarra: «2020ko irailetik aurrera, formatu txikiko kontzertuak programatu dira gehien. Gure kasuan, Amoranteren diskoa irailean kaleratzea erabaki genuen, eta kontzertu asko izan ditu azken hilabeteotan». Alabaina, DJak itzalean gelditu dira erabat: «Haiek izan dira gehien sufritu dutenak. Promotore batzuk saiatu dira DJ set moldatuak programatzen, baina klubeko giroa oso berezia da, dantza egitea ezinbestekoa baita».

Ahal bezala fakturatzea

Prietok utzi, eta Egitegik hartu zuen haren lekukoa Forbideen Coloursen, aurretik kudeatzen zituen Ines eta Frances Be DJak berarekin eramanda. Agente ohiarekin bat egiten du DJen egoerari dagokionez, eta, gaueko aisialdiko lokalek duten egoerari ez ezik, diru laguntzen irizpideei ere egozten die, hein batean, haien egoera: «Azkenaldian egon diren laguntza publiko murritzak zuzeneko musika programatzen duten aretoentzat izan dira, eta, gauez jarduerak egitea debekatu zenetik, klub formatuko emanaldiak erabat desagertu dira». Desagertu egin da, orobat, agenteak horiek antolatzeagatik lortzen zuen dirua.

Managerraren hitzei erreparatuta, ezer gutxi heldu zaie DJei instituzioetatik; alta, badirudi lehortea musikarekin zerikusia duten arloetara orokortu dela, eta agenteak eurak dira horren adibideetako bat. Izan ere, Razkinek dio «400-600 euro» kobratu izan dituela pandemiaren hilabete bakoitzean,autonomoei zegokien laguntza baitzen hori; Egitegik ere autonomoei bideratutakoa baino ezin izan du jaso.

Cruzadok kontzertuak antolatzeko pizgarriak aipatu ditu: «Salbuespen eta berri on bakarra Beste Bat zirkuitua izan zen, baina egoera bukatu arte iraun beharko luke, ez soilik bi hilabete, talde eta areto pribatu asko salbatu baititu». Kultur enpresei eskainitako laguntzei «nahasgarri» deritze, ordea: «2019. eta 2020. urteetako fakturazioen alderaketa eskatzen zuten, kaltea zein zen ikusteko. Baina taldeek iaz ez zuten 2019an baino gutxiago fakturatu, urte horretan geldirik egon baitziren, diskoak eta birak prestatzen 2020an aritu ahal izateko. Bira egin zuten azken urtearekin egin beharko lukete alderaketa: 2018arekin».

Horiek horrela, emanaldiak antolatu ahal izateko ez ezik, diru sarrerak lortzeko ere alternatibak sortu behar izan dituzte agenteek, eta, Razkinentzat, musika behin-behinean uztea izan da bidezidorra, egoera hobetzen denean itzuli ahalko den itxaropenez, dena den. Irakaskuntzako oposizioak atera zituen, eta hara itzuli da, ezinbestean. Aurreztua zuen diruari heldu behar izan dio, halaber: «Nire bizitzako proiektu batzuk eten egin behar izan ditut, haientzat gordeta neukan diru hori behar izan dudalako».

Itzuleraren gakoak: urte eta erdiko itxialdi eta murrizketek utzitako paisaiaren ezaugarrietako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.