Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Ezerez(tearen kultura)

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun

Nietzschek esan zuen hil-da-jainkoa eta ia mende eta erdi geroago jendea pilatzen da pertsona bakar batek alfonbra gorri bat nola ibiltzen duen ikusteko, eta hura sutsuki babesteko. Gertakari horiek, jainkoaren heriotza eta celebrity-en gurtza eta defentsa, zerikusirik ez duten bi fenomeno direla pentsa liteke, baina nik uste dut elkar osatzen eta azaltzen dutela.

 

Beti pentsatu izan dut nire amonaren etxean zeuden eta nik lotsa izpirik gabe irakurtzen nituen Hola (Kaixo) aldizkarietan ateratzen ziren pertsona famatuen istorioek bazutela zerikusirik antzinako jainko eta jainkosekin. Mito greziarretako lardaxka, haserrealdi, bortxaketa eta engainuek ere morbo-bazka ziruditen: munduaren eraketa eta funtzionamendua azaldu ez ezik, gizakion istorio-gose bitxi bat elikatzen zuten kontakizun morbosoak. Kuxkuxeroentzako aldizkariak bezalaxe. (Eskapismoaren hasiera izan ote zen antzinako erlijioa? Batek daki). Gerora etorri zen kristautasuna, ihes-nahia asetzetik urrunago zeuden doktrinekin: idoloak zurrunago bihurtu ziren; entitate perfektu eta irudi finkoak. Gizon gurutziltzatu eta zurbil bat pareta ilunean. Ezin ukitu, ezin lohitu pinturak (blasfemia!), hori biraoa delako.

Baina, zer zerikusi ote dute mito eta erlijioek, Nietzschek eta alfonbra gorriak ingelesez cancelculture esaten zaion eta euskaraz ezereztearen edo deuseztatzearen kultura deitu genezakeen horrekin? Ba, lagunok, zerikusi guzti-guztia.

Nietzscheren esaldia argitara atera zen garaitik ez oso urrun, XX. mendearen hasieran, sortu zen celebrity estatusa kapitalismoaren altzoan. Izan ere, jainkoa hil egin zen baina ez gure jainko gosea. Nicanor Parrak aldarrikatu zuen jainkoak Olinpotik jaitsi zirela, baina jainkotiartasuna demokratizatu ordez, gorputz konkretu batzuk baino ez zituen hartu. Mito eta idolo berriak ikusi zituen XX. mendeak loratzen, arlo artistikoan nahiz politikoan. Eta orain, XXI. mendean, idolo berriekin heldu dira blasfemia berriak: OBRArekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik pertsona famatu bat kritikatzea, eta hark publikoki jaso beharko lukeen babesa eta okupatu beharko lukeen espazioa zalantzan jartzea gaizki omen dago. Krudela omen da norbait ezereztea bere bizitza pribatuan egin duen zerbaitengatik.

Tira, pertsona baten obra artistiko zein politikoa miresteari ez diot ezer txarrik ikusten, baina idoloak ukitzen dizkigutenean gure baitan gertatzen den hori benetan adierazgarria iruditzen zait. Zergatik tematzen gara defendatzen are argi eta garbi ikus dezakegunean gure idoloen errakuntza? Edo hain argi eta garbi ez badago ere, zergatik mintzen gaitu horrenbeste gure idoloen irudi aratzak akaso-agian-apika lohi pixka bat eduki dezakeela onartzeak; edo, besterik gabe, pertsona nahiko normalak direla ametitzeak?

Ba, idoloak irudi finkoak direlako, eta gu, berriz, ikonoklasta hutsak: mitoen eta kristautasunaren oinordekoak. Mutatzen ez den horrek, gure irudimenean sortu eta bere horretan segi dezala nahi dugun horrek, lasaitu egiten gaitu. Are gehiago, gure idoloa ikusteko aukera dugunean, demagun alfonbra gorri bat ibiltzen, espazio-denbora gizaki ia jainkotiar batekin konpartitzeak nolabait erreafirmatu egiten du gure existentzia. Gu egon gara han, pertsona horrekin, eta beraz, bagara nor. Pertsona horiek ez badira guk uste bezain perfektuak, gu ere desagertu egiten gara pixka bat.

Baina arrazoibide hori filosofikoegia iruditu bazaizu, bada beste erantzun lurtarragorik. Hainbati zail egiten zaie beste (gizon) batzuen jarrerak salatzea edo behintzat zalantzan jartzea, badakitelako hasiz gero luzea litzakeela ezerezaren zerrenda.

(Gizon zuri) asko dira deuseztatzearen kulturaren aurka altxa direnak, artea eta bizitza pertsonala bisturiz bereizi behar direla aldarrikatzen dutenak, batak bestearekin zerikusirik ez duelakoan. Jokamolde ezereztailea nagusituko balitz, obra zoragarriak galduko omen lituzke gizadiak. Amen.

Baina defentsa kartsu hori egiten dutenei galdetu nahi nieke ea gizon horien obra bezainbeste axola zaizkien abusatu, bortxatu edo erail dituztelako haien potentziala garatu ezin izan duten emakumeen* artelanak. Mendeetan zehar ezerez izan beste aukerarik izan ez dutenen obran pentsatu ote duten inoiz. Norbaitek espaziorik hartzeko aukerarik izan ez badu, nola sumatuko dugu haren falta?

Era berean, esan nahiko nieke ez dudala inolako kontraesanik ikusten pertsona baten lana miretsi eta haren jokaera salatzearen artean. Niri Bob Dylanen lana izugarri gustatzen zait, baina berriki emakume batek salatu duenaren arabera, baliteke nire kantugile kuttuna abusatzailea izatea. Olentzero-gurasoak-dira efektua eragin zidala hori jakiteak? Bai. Baina ez dut asmorik Dylan itsu-itsuan defendatzeko. Are gutxiago plaza publikoan.

Hil-da-jainkoa esan zuen Nietzschek eta ederra egin zuen! Orain ez dakigu oso ondo zeri segitu, non bilatu ikonoak, zein mito, aldizkari, alfonbra gurtu. Ni ez naiz inor zuen idoloekin sartzeko, ez eta zuen jarrerekin ere, baina gogoratu aldaretik begiratzen duen horrek boterea edukitzen jarraitzen duela, are gurutziltzatuta badago ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.