Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Panfleto

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Hizkuntzak badu funtzio bat, faktitibo edo arazle deitzen dena: hori baliatzean, hitzek errealitate berri bat sortzen dute. Adibide batekin askoz errazago ulertuko duzue: irudikatu Elizabeth II erregina norbaiti esaten «Nik, erreginak, zaldun izendatzen zaitut». Hara, erreginaren hitzek sortzen dute aurretik ez zegoen zalduna. Hori da hizkuntzaren ahal faktitiboa.

Lengoaiak badu beste funtziorik ere. Batzuk oinarrizkoak dira, adieraztea eta errealitateari erreferentzia egitea bezala, eta beste batzuek izen arraroagoak dituzte: funtzio fatikoa, metalinguistikoa, konatiboa... Kultur zutabe bat idazten dudanez, lerrootan hizkuntzaren funtzio poetikoari buruz hitz egitea legokidake, hori baita testu literarioek (eta horren baitan sartzen ditut kantuen letrak, diskurtso publikoari egiten zaizkion ekarpenak diren heinean) darabiltena. Omen darabiltena. Ze, bai, mezuari eta hura eraikitzeko moduari eskaintzen diote arreta artistek, baina haien produktuekin beste hamaika gauza ere egin nahi izaten dituzte askok.

Aski politizatutako lurraldean bizi gara. Posizio politikoa (gutxienez) iradokitzea beharrezkoa da askotan, ezkerrean edo are ezkerrerago zauden argi geratu behar da modu batean edo bestean, zein ezkerretan egon nahiko zenukeen pentsatzeko asti handiegirik gabe. Hala, zenbait kultur ekoizpenek panfleto kutsua dute, eta haien lanekin aurretik eraikitako epika konkretu bati segida ematen saiatzen dira, edo saiatu behar direla sentitzen dute. Ez dezagun gure burua engaina: herri honetan une oro dakigu zeintzuk diren gai eta molde serioak eta zeintzuk bazterrekoak. Eta berdin du zein etxetatik zatozen, gauza batzuk plaza publikoan edan baititugu. Panfletoak baditu bi aho: herrigintzari egin diezaiokeen ekarpena, alde batetik, eta autokonplazentzia hutsean erortzeko arriskua, bestetik. Lehenaz aski idatzi dute nik baino gehiago dakitenek, eta, beraz, bigarrenari helduko diot.

Euskal kultur ekoizpenen diskurtso politikoa, berariazkoa denean, autokonplazentzian erortzen da sarri: sortzaileak askotan badaki norentzat ari den, ikusle/irakurleak aurretik igarri dezake sortzailearen ikuspuntu eta iritzia, eta, hala, elkar txalotzen dugu aurrez pentsatzen duguna elkarri berresten diogunean, inolako buruhausterik gabe. Eta diskurtso autokonplazienteak laburrak ditu tentakuluak, berea ez den beste edozein eremutara heltzeko.

Ez dut zalantzan jartzen edozein kultur ekoizpenek karga politikoa duela egileak nahi ala nahi ez. Estetak vs. edukizaleak eztabaidan bigarrenekin lerrokatzen naiz ni beti. Baina nik zutabe honen hasieran hizkuntzaren funtzio faktitiboa aipatu badut izan da sinesten dudalako literaturak edo kultur sorkuntzak mundua aldatu dezaketela (eskala txiki-txikian), baina berebat pentsatzen dudalako hizkuntzaren funtzio arazlean babes hartzen duten askok ez dutela jada hasita dagoen diskurtso bat gizendu besterik egiten, hari ertz berriak aurkitu beharrean.

Beste adibide bat: 14 urterekin «Euskadi antirrazista, antifaxista» abesten nuenean, ez nintzen ohartu ere egiten ez nintzela herri antirrazista eta antifaxista batean bizi. Baina kantu hori abesterakoan sinesten nuen baietz, Betagarrik eta Elizabeth erreginak ahalmen bera zutela, eta, beraz, kantua abestearekin nahikoa zela. Adibide gehiago: une honetan, gizonez osatutako hainbat musika talderen letra eta keinu (sasi)feministek iradokitzen dute haiek ere presio diskurtsiboa sumatzen dutela (gaur egun, Betagarrik Euskadi antisexista lerroa gehituko lioke bere abestiari). Baina balio ote du «Ez da ez» abesteak eta gero munduaren mundu ultramaskulinoaren joerak iraultzeko zirkinik ere ez egiteak? «Feminista naiz» esateak egiten gaitu feminista? Nola itzultzen da norbere autodenominazioa errealitatera?

Puntu honetara helduta ohartu naiz zertan ari diren eta garen gutako asko: munduak behar duen jarrera aldaketa hitzez gauzatu nahian. Baina gu ez gara the fucking Queen of England. Eta zaldun edo gizarte feministak, sozialistak/komunistak edo nahi duzuena izendatzera jolastu gaitezke, baina jakinda ez dela nahikoa. Izan ere, funtzio faktitiboari performatibo ere esaten zaio. Eta sarritan garrantzitsua da eraldaketa performatzea hura gerta dadin, baina performancearekin bakarrik ez goaz inora.

Arteak funtzio faktitiboa betetzekotan beste bide batzuetatik izan behar du: beste errealitate batzuk irudikatuta aukera berriak zabalduz, esaterako. Eta hori nola egiten den? Ba hortxe dago koxka, askoz zailagoa dela gune eraginkor horietara iristea hizkuntzaren bidez. Tentakulu mantso bezain sendoak eraikitzea hizkuntzari. Ez dut uste ni gai naizenik: panfleto autokonplazienteak idazten ditut oraindik.

Bide batez, batzuetan isiltzea bera ere diskurtso publikoari ekarpena egitea da. Baina, ai, zeinen antiepikoa den isiltzea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.