Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Betiko gorputzean geratu

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Amak eskatu dit behingoagatik artikulu arin bat idazteko mesedez, eta zin egin diot saiatuko nintzela. Autobiografiara jo behar izan dut horretarako, bestela ez bainekien zer idatzi. Barkatu, ama.

Familiaren adar batean lepoko zainak lehertu beharrean abesten dugu, eta bestean, koru tradizioari jarraiki, belarri zorrotzez. Zorionak zuri hiru ahotsetan abesten da bi adarretan. Behin zenbatu genuenez, hamahiru kideko familian bederatzi piano eta hogei gitarra inguru ditugu. Kontzerturen batera elkarrekin joaten bagara, ondorengo bazkarian xeheki analizatzen dugu emanaldia. Doktrinamendua zorrotza izan da: amak txiki-txikiak ginenetik urtero eraman gintuen Tolosako Abesbatza Lehiaketako haurren koruak ikustera. Anaiak hartu zuen bere lekukoa, eta, beraz, uste dut herentzia berari utziko diola. Horrekin batera, gurasoek erabaki zuten ez gintuztela musika-eskolara eramango, eta, beraz, belarri zorrotzeko analfabeto musikala naiz ni. Pedante kuadrilla bat garela pentsatuko duzu honezkero, baina ez pentsa; attonak salbatzen gaitu pedantekeria absolututik.

Nire lehenengo oroitzapen musikalak bi dira: etxean bakarrik dantza egitea, eta Portuko elizako organoan attonaren ondoan eserita egotea, mezetan, hark jotzen zuen bitartean. Gogoan ditut haren eskuak bi teklatuetan eta oinak lurreko tekla handi horiek sakatzen. Gogoratzen naiz jendea biratu egiten zela gorantz begiratzeko jotzen hasten zenean, eta ni lotsatu egiten nintzela. Ordutik hona, nire bizitza ia osoa pasatu da, eta attona gor geratzen joan da. Eta gorreriarekin batera, pikutara joan da familia-tradizio zorrotza.

Ia 90 urterekin, etxeko teklatuak daukan efekturik arranditsuenarekin jotzen ditu kantuak orain: organillo effect esaten diogu. Zorionak zuri jotzeko eskatu eta beste kantu bat jotzen hasten da («zergaaatik gaaaldu itxaaaropena berriiiiiz ikusteeeekoooo»), gero kantu horren erdian Zorionak zuri jotzen hasteko. Tonua ezustean aldatzen du, eta gu bere atzetik joaten gara, ahal duguna egiten. Berak nahi duena kantatzen dugu. Jukebox motel eta xarmagarria da gure attona. Esaten du ber-harmonizaziorik ederrenak ohean egiten dituela, eta nik han imajinatzen dut, etzanda, lotarako txanoarekin airea sakatzen.

Musikari lotutako beste oroitzapen bat: 2014an, unibertsitateko praktikak egin genituen Tolosako Abesbatza Lehiaketan, eta hogei egunez Ukrainako koru batekin gau eta egun egotea egokitu zitzaigun, gida eta interprete lanak egiten. Nik egiaztatu nuen amaren metodoek funtzionatu zutela, koruek abesten zituzten kantu asko nekizkielako, nahi gabe. Diziplina eta tradizio musikal handiko herrialdeak dira ekialdekoak, eta zuzendaririk zorrotzenaren gidaritzapean, irabaz zitzaketen sari guztiak irabazi zituzten Ukrainako neskek urte hartan.

Akaso pentsatuko duzue elkarrekin zerikusirik ez duten bi gauza direla nire attona eta Ukrainako neska horiek. (Lasai, ama, honek zentzua hartuko du.) Haatik, egunak daramatzat haien arteko loturaren inguruan pentsatzen. Ondo egongo ote diren neskak, jarraituko ote duten kantuan orain. Zer gertatzen da abesten duten ahotsekin gerra batean? Zer gertatzen da hiltzen direnen ahotsekin? Bizirik ateratzen direnekin? Burura etorri zait aspaldi koaderno batean apuntatu nuen aipu bat, Angel Ganivet espainiarrarena. Hark esan zuen kalkulaezina dela zenbat eta zenbat asmamen eta sormen ebatsi dion gerrak arteari, eta gaineratu zuen berari ardura zitzaiona ez zirela horrenbeste suntsitutako artelanak, baizik eta hildako gorputzetan dautzan sorkuntza egin gabeak.

Aurtengo ikasturtean kantu eskolak hartzen hasteaz bat ohartu naiz (sabela-puztu-diafragma-saihetsak-zabaldu-eutsi-bota) elementu askok baldintzatzen dutela ni naizen musika-tresna. Batzuetan nire buruari ezagutzen ez nizkion hotsak ateratzen dira nire barrutik, tinbre ezezaguna, lirismo arrotz bat; eta nire ahotsa biolin zahar bat balitz bezala analizatzen hasi naiz: nondik igaro da? Nik pentsatzen dut abesten dudanean dena dagoela emititzen dudan soinu horren baitan: nire familia-adar guztiak, zain puztua, belarri zorrotza, herri kantuak eta attonaren gorreria. Baina baita hori baina askoz gehiago ere: haur erbesteratuak, beldurra, hizkuntzari eusteko kantuak.

Gorputz batek emateke zituen lan guztiak ezabatzen ditu gerra batek. Gure attona eta amoñaren gorputzak ez zituen eten, eta jada herriarenak diren kantu asko egin zituzten elkarrekin. Baina abesten duen ahots bakoitza gorputz bati dagokionez, haren baitan geratzen da beti: gorputzean betiko. Gerra batek zeharkatutako ahotsen oinordeko naiz ni, gerrak izututako haurra izan eta ber-harmonizazioak imajinatzera heldu den attona batena. Nire buruari galdetzen diot ea nondik ote datozen nire buruari ezagutzen ez dizkiodan hots horiek, soinu hori, ahots-hari jarraitu hori, aurrera egiteko ekintzarik sinpleena eskatzen diguna: guk arnasa hartu eta botatzen jarraitzea. Batzuetan hori bakarrik; eta beste batzuetan, hori guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.