Albistea entzun

LAUHAZKA

Ni, Antonin eta nire buru barruko besteak

Nannerl Mozart, 1763an. Lorenzoniri egotzitako erretratua.
Nannerl Mozart, 1763an. Lorenzoniri egotzitako erretratua. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maite Larburu -

2018ko irailak 16

Badira urte batzuk neska honen berri dudala. Hamahiru urte ditu orain, baina birekin hasi zen pianoa jotzen. Hirurekin, biolina. Sei zituenerako, pianorako sonata bat konposatu zuen, biolinerako andante bat, ondoren. Kantuak, laukoteak, trioak, biolin eta pianorako kontzertuak... zazpi urterekin lehendabiziko opera motza, eta hamabirekin luzapen osoko bat.

Ez da Wolfgang Amadeus Mozart.

Alma Deutscher du izena, eta 2005ean jaio zen Ingalaterran. Bart, zer moduz doakion jakin nahian, BBCk Almari buruz eginiko dokumental batekin egin dut topo.

Mozart ekartzen du gogora, bai. Komunikabideek ere Salzburgoko konpositorearekin alderatzen dute. Almak, baina, ez du gustukoa erkaketa hau: «Nik ez dut Mozart txiki bat izan nahi, Alma txiki bat baizik». Mozart-en musika maitea du hala ere. Haren hitzetan: «Nire musikaren estiloa Mozart eta Schuberten arteko zerbait da».

Piano atzeko horman, Nannerl Mozarten erretratu handi bat du zintzilik. Wolfgangen arreba nagusia. Almak dio: «Nannerlek ere talentu handia zuen, konpositorea izateko adina, baina emakumea zela-eta ezkontzaz gainerako guztia baztertu behar izan zuen. Garai hartan, nesken betebeharra polita izan, puntua egin eta lurra garbitzea zelako».

Ene!

Harrigarria da haur hau inguratzen duen oro. Ez pianoa edota biolina jotzeko duen modua soilik, edota Vienan estreinatu zioten operaren entseguak gidatzen ikustea 11 urterekin, bi txirikordekin, partitura orokorra belaun biluzien gainean duelarik; bere burua nola adierazten duen entzute hutsak zur eta lur uzten nau.

Eta transmititzen duen indar, araztasun eta zoriontasunak (bene-benetakoa dirudi!), are gehiago.

Nondik atera da pertsonatxo hau?

Ama literatura irakaslea du, eta aita linguista. Biak dira edonola ere, musikari amateurrak. Alma eta bere arreba ttikia, Helen, ez dira ikastolara joaten. «Almak musika ulertzen eta irakurtzen ikasi zuen lehendabizi, etxean. Alfabetoa eskolan erakutsiko ziotela esaten genion guk, galde egiten zigunean. Lehendabiziko eskola egunaren ostean, etxera negar batean bueltatu zen, 'ez didate irakurtzen eta idazten erakutsi' esanaz. Etxean eskolak ematea erabaki genuen», dio aitak.

Erresuma Batuan, etxe-hezkuntza kontua ez da batere berria, eta, dirudienez, 2017. urtean %40ko hazkundea izan du, gainera.

Konposizio eskolarik ere ez du jasotzen Deutscher gazteak. Skype bidez hartzen ditu baxu jarraituan eta inprobisazioan laguntzen dioten mundu mailako musikarien klaseak. Biolina eta pianoa irakasle pribatuen laguntzaz ikasten ditu.

Kontserbatorioaren eta bestelako instituzioen arrastorik ez haur honen bizitzan. Autodidaktatasuna, ugari.

Eta ikaragarrizko irudimena.

Almak, emakumezko pertsonaia pila bat ditu sortuak, eta haien izaera eta bestelako xehetasunak, koaderno batean, mimoz gordeak. Andre horiek, konpositoreak guztiak, alegiazko lurralde batean bizi dira. Hitz egiten duten hizkuntza ere, Almak asmatua da. Pertsonaia hauek neskatxaren irudizko lagunak baino zerbait gehiago izan dira.

Esaterako, konposatzeko garaian doinu triste baten beharrean dagoenean, Alma neska alai-alaia denez, buru barruko transilvaniar konpositore bati eskatzen dio hura sortzeko: Antonin ezdakit-zer du izena. Deutscher aitak bideo ugariz dokumentatu du alabaren bilakaera. Bada bideo bat, Almak 5 edo 6 urte dituenekoa. Bertan, pianoa jotzen ageri da, eta noizean behin, zerbait aipatu, «horrela ez, horrela», eta jotzen ari dena nola hobetu esaten dio bere buruari.

Aita: «Hitz egiten ari dena Almaren irakaslea da. Eta hark nola jo esaten dio. Edozein unetan, Almari irakaslearen pertsonaia existitzen ez zela adierazten bagenion, sekulako atsekabea hartzen zuen».

Kitzikagarria!

Zer gara? Zein hautsekin eginikoak? Errenkarnazioan sinesten dutenek esango lukete Alma Deutscher, beste bizitza batean, konpositore bikain bat izan zela. Horregatik dakiela, hain goiz, beste bere adineko haur (eta heldu gehienok!) baino lehenago, musikaren lengoaia ulertzen, jotzen, sortzen. Hala ote da? Zerk bultzatzen du gure aukeraketa? Nondik dator gustua, abilezia? Genetika baino haratago dagoen zerbait da?

Alma haur prodigioa da, neska miragarria. Salbuespen bat, beraz. Berlingo Filarmonikako zuzendari den Simon Rattlek zera dio: «Ez dut inoiz horrelako kasurik ezagutu; ez da, ordea, beti dena hain erraza izango».

Auskalo.

Etxe zoragarria. Lorategi itzela.

Alma jaiki berria, goizeko zortziak eta hogeian, paper lerrodunean musika idazten.

Haizea eta gortina zuria, leiho zabal-zabal baten eremuan, dantzan.

Eta Alma eta harengan dauden Antonin, Nannerl Mozart, zelula, gene, misterio guztiak (deitu nahi diozun moduan) ere bai.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bost hilabete iraun ditu gidoilarien grebak. / ©Etienne Laurent / EFE

Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira

Isabel Jaurena

Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...