Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

'Rara avis'

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ez dakit zuek, baina azkenaldian Youtuben entzuten dut nik musika askotan. Zakur gosetien antzera, zain edukitzen dut algoritmoa, datu egarri: kantu bakarra eman eta aktibatzen da buklea. Ez dago atzera-bueltarik. Duela gutxi ahulezia une batean triki-pop kantu bat jarri nuen (ezin gara beti intelektualak izan) eta Gabi de la Mazaren erreprodukzio-zerrendako hainbat abesti etorri ziren atzetik. Bideoen azpiko iruzkinei erreparatzen hasi eta ohartu nintzen euskara ulertzen ez duten pertsonen mezu askok patroi bera zutela. Ñabardurak ñabardura, honela laburbildu liteke ziotena: «Ez dut ezertxo ere ulertzen, baina zoragarria da zuen hizkuntzan egiten duzuena, zein berezia den egiten duzuena, magikoa da».

Ez dut ukatuko halako iruzkinen asmo ona, baina halako zerbait entzuten dudan aldiro alarmatxo bat pizten zait barruan: inork idatziko lioke halako iruzkinik Coldplay, La Oreja de Van Gogh edo Sabinari? Are gehiago alarmatzen naiz pentsatuz jende horri berezia iruditzen zaiola guk gure hizkuntzan idaztea, nork bere hizkuntza erabiltzeko botere bereziak beharko balitu bezala. Exotikoak bihurtzen gara besteen begietan. Bereziak. Paregabeak. Extraordinarioak. Eta nori ez zaio hori gustatzen?

Izan ere, guk geuk ere egin diogu hozka exotizazioaren amuari, eta elikatu dugu munstroa (algoritmoa bezala). Pentsa liteke atentzioa horrela erakartzea ez dela horren txarra ere, marketin estrategia baliozko bat dela, beste edozein bezalakoxea; baina exotiko etiketak badu bere ordaina. Hain zuzen, herri, hizkuntza edo kultura bat exotizatua denean neutralizatu egiten da hark dioena, eta autoritatea galtzen du bere diskurtsoaren gainean. Oharkabean, kultura dominatzaileak hari egotzi dizkion adjektiboak betetzen aurkitzen du bere burua, bere mezua moldatzen, kultura dominatzaileari deserosoegi suerta ez dakion. Botere dinamikaren bazka bihurtzen da.

Gainera, hizkuntza exotizatuari balio femeninoak atxikitzen zaizkio normalean: Bestea da, pasiboa, objektua, definigarria, trukagarria, domestikoa. Ondorioz, (kulturgile) euskaldunak mezu paternalistak jasan behar izaten ditu (Youtubeko iruzkinak, adibidez), are munduko gauzarik naturalena egiten ari denean ere: bere hizkuntzan aritu. Emakume kulturgileen kasuan, bikoitza izaten da miraria eta, beraz, paternalismoa (lasai, triku batzuk esnatu dira).

Exotizazioaren (eta feminizazioaren) ondorioz, gure kultur produktuak anekdota bihurtzen dira, folklore, apaingarri, eta, batzuetan, salgai huts («En euskera no decimos corazón, decimos bihotz and I think it's beautiful»). Baina esloganaz harago, interesatzen zaigu bihotz hitza nola erabiltzen dugun poemetan, abestietan, antzerkietan? Kulturaren arloan behintzat, normalizaziorako bidea ezin da gauzatu gure izaera magiko, bakar eta paregabea soilik elikatuz. Batzuetan otutzen zait euskara exotiko baino erotikoagoa izan zedin nahiko nukeela: euskara erakargarria, imajinazioa dantzan jartzen dizuna, harekin egin nahi zenituzkeen hamar mila gauza zeure buruan pizteko gai dena.

Utzi egin behar diogu euskaraz sortutako kultura mirari ukigaitz gisa tratatzeari. Lanabes bat da hizkuntza, eta haren aukerak aztertzen baditugu, ikusiko dugu asko dituela, beste guztiek bezala. Leku egin beharko genioke kritikari, autokritikari, eta onartu egin beharko genuke euskaraz mota eta kalitate-maila guztietako produktuak daudela (ezin gara beti intelektualak izan). Eta beste gako bat: geure buruari galdetu beharko diogu ea rara avis izateari uzteko prest gauden.

Beldurra eragin lezake horrek. Munduaren aurrean berezi, magiko, antzinako gisa agertzeak baditu abantailak, eta gu geu ere definizio horri lotu gatzaizkio. Susmoa dut batzuetan ez dakigula izaera berezi hori gabe nor garen ere. Baina ulertu behar dugu etiketa horietatik askatzeak akaso baimenduko digula nahi duguna esateko bideak konplexu gutxiagorekin bilatzen. Guk bakarrik esan dezakegu euskaraz esan nahi duguna, eta horregatik sortzen dugu hizkuntza honetan, maite dugulako bihotzen aukerak aztertzea adjektibo desberdinekin: garden, ubel, urdin, gordin.

Baten batzuentzako gure hizkuntza balekoa da baldin eta exotismoaren kaiolan geratzen bada: ikusgai baina mutu. Esaten dugun hori ulertzen saiatuko balira, ikusiko lukete beste hizkuntza askotan ukitzen diren gaiak daudela presente gurean, ez garela horren bereziak, eta berdin-berdin balio dugula diskurtso artistiko bat sortzeko. Berezitasunaren eta exotismoaren fantasia elikatzeari utzi eta gure hizkuntza erotizatu beharko genuke: hura zikindu, kritikatu, laztandu, magreatu.

Behin Bilboko taberna batean euskaraz entzun gintuen neska batek, eta halako mirariaren aurrean liluraturik, galdetu zidan ea zer esan nahi zuen nire izenak. Baina nire erantzuna ez zen berak espero zuena izan, esan bainion Ana izenari bukaeran e jarri eta horra zuela nire izena, jatorri hebrear berberarekin, inolako misteriorik gabe. Desilusioa igarri nion aurpegian, eta elkarrizketa eten zen. Ez nintzen berak nahi zuen hegazti bitxia. Inolako indar magikok bultzatu gabe bere hizkuntzan ardo bat eskatzen ari zen pertsona bat nintzen, ez besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.