ATZEKOZ AURRERA

«Zesta bat emango dizut»

Galarretako erremonte eskolak ostiralero irekitzen ditu ateak modalitatea ezagutu eta lehen urratsak egin nahi dituztenentzat. Bi ikasle izan zituen atzo Endika Barrenetxeak.

Zubizarreta eta Ozkariz, Barrenetxearekin, piloten gelan. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Galarreta bat osoa norberarentzat irekita, hutsik eta isilik. Jakin behar da zirrara horri eusten. Ilunpe bat kantxan, itzalez betea. Eguzki izpi epelak leihoetatik. Errespetua, urduritasunak janda. Errebotetik begira ari da ikasle gazte bat, ameslari: «Baina zeinen luzea den hau!».

Irakaslearen zain daude Iñaki Ozkariz donostiarra eta Endika Zubizarreta azpeitiarra. 23 urte ditu lehenak; 15 bigarrenak — «16 datorren astean», argitu du—. Lehen aldiz etorri da bata, lagun batekin, eta bigarrenez bestea, aitarekin. Izu eta artega daude. Badator irakaslea. Ez da edonor: Endika Barrenetxea, 2020ko buruz buruko txapelduna, besteak beste.

Bi ikasle agertu dira, baina lau ziren agertzekoak. Partida bat jarri diote bati, eta positibo batekin harremana izan duelako etorri ezinda gelditu da bestea. Beste lau agertuko dira heldu den ostiralean. Hutsetik haste bat da denentzat. Kantxatik barrunbeetara daramatza Barrenetxeak: aldagelak, zesten gela, pilotena... Ozkariz mutil handia da. Segituan esan dio Barrenetxeari lesioa izan zuela orpazurdan, horregatik falta zaiola hanketan muskulua, eta kiloak dituela sobera: «Amorratzen nago denak erremontean galtzeko». Esku huska aritutakoa da «duela urte asko». Bestelakoetan ere probatu du: «Saskibaloian aritu nintzen; Madrilera joan nintzen gero, eta beste hainbat kirol egin nituen han, baina hona etorri naiz berriro, eta oso oroitzapen onak nituen pilotarekin». Ez zuen erremontea ezagutzen: «Duela astebete etorri nintzen ikustera, oso polita iruditu zitzaidan».

Instagram bidez

Zubizarreta gaztea ere pilotan aritutakoa da: «Palan ibili nintzen urtebetez Zumaian, baina amaitu egin ziren eskolak. Erremontearekin proba egitea erabaki dut». Aintzat hartzekoa nola izan zuen eskolaren berri: «Sakelakoan ikusi nuen, Instagram bidez, eta orduan jarri ginen Galarretarekin harremanetan». Ez dauka hark ere inolako harremanik erremontearekin: «Ea dena ongi irteten den. Astelehenetan-eta telebistaz ematen dute orain, eta badirudi berpizten ari dela».

Barrenetxearen altzoan ez da zaila ikastea. Goxo hartzen ditu. Erremonteen gelan daude. «Nik zesta bat emango dizut», esan dio irakasleak Ozkarizi —Zubizarretak badu berea aurreko saiotik—. «Erreminta hau egurrezkoa da, kotxean eguzkitan uzten badugu, izorratu egingo zaigu. Erremontista profesional batek zesta berri bat estreinatzen duenean, lehen urtean ez da inoiz Galarretatik ateratzen. Hemen barruan badagoelako halako hezetasun bat, lur azpian gaudelako oraintxe».

Gimnasio txikira eta piloten gelara hurrena. Bukatu da barrunbeetarako jira. Kantxara berriz. Lezio gehiago. Datuak: pilotak 125-130 gramo artekoak dira; existitzen den pilotarik biziena da. Zestei buruzko argibideak hurrena, eta hura eskura lotzeko azalpenak gero: «Normala da bost-hamar minutura atzamarrak lokartzen hastea. Geratu, eskua atera, eta lotu berriro saskia. Urtebete barru ez zaizue gertatuko». Lehen ikasgaia dator: «Pilotak erremontatu egin behar du. Ulertu zer den hori:ez da kolpe bat, ez da hartu eta bota bat, pilotak eskuan sartu behar du, eta puntatik atera». Saiatu da Ozkariz: «Atzera bueltan etortzen zait!». Gomendiorik garrantzitsuena: «Pazientzia behar duzue hasteko. Existitzen den modalitaterik zailenean hastera zoazte. Kalkulatu bi edo hiru pilotakada jarraian jotzeko aste pare bat beharko dituzuela».

Hortxe gakoa: pazientzia. Barrenetxearena da hausnarketa: «Urteetan, Oriamendi iritsi aurretik, pilota eskolak ez du izan mundu guztiari erremontea erakusteko jarrera. Jarrera hauxe zen: lehen egunetik balio ez baduzu, jada ez duzu balio. Eta erremontea probatu dugunok badakigu denbora behar dela». Haien lanik handiena «estereotipoak» apurtzea izan dela dio, lehen 23 urteko gazte bat etorri ere ez zela egingo, eta Instagram bidez haien berri izanda are gutxiago.

Han gelditu dira frontisera nola eta frontisetik hala. Erreboteari ez diote erreparatu. Zera jartzen du: «Erremontea bizirik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.