Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Fantasma

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Urte batzuetan irratirik ezagutu gabe bizi ondoren, irratia lehen aldiz entzuten zutenek izua eta harridura sentitzen zituzten. Giza ahotsa ateratzen zen hezur-haragizko gorputzik eta ahots kordarik gabeko gailu batetik, eta gauza berria zen hori. Ahots horiek, hor egonik, ez ziren hor. Presentzia guztiz presenterik gabekoak ziren, beste nonbaitetik zetozelako, eta harrigarria zen airean iristea ere. Horren adibide da Joxe Zapirain bertsolariaren (Errenteria, 1873-1957) ale hau: «Radio orren pasadizuak, kontatutzeko irian/ danian igual korritutzen du, legorrian da urian/ ikusi eta sentitu gabe, pasatutzen da parian/ segundo batez korritutzen du, eun legua birian». Ia edonon zegoen, eta hura harrapatzeko gai zen gailua baino ez zen behar entzunezina zena entzungarri bihurtzeko.

Hain aspaldi-urruneko kontuak ez badira ere, ziztuan gertatzen dira aldaketak, eta hala, tresna arrunt normala da gaur egun irratia. Egunerokotasunean urtu dira gorputzik gabeko ahotsak, eta ohikoa da geurekin berta-bertan ez daudenak entzutea. Goizean goizetik, askotan. Otsailaren 13an, irratiaren nazioarteko egunean, hala idatzi zuen Onintza Enbeitak egunkari honetako bere eguneroko zutabean: «Gure aitonak ohetik jaiki eta egiten zuen lehen gauza irratia piztea izaten zen. Amak ere izan du ohitura hori. Umeak ginenetik entzun ditugu albistegiak eskolara joan baino lehen». Mirari Martiarena Iraolak ere hala zioen Frekuentziaren gerizpean zutaberako idatziriko lehen alean, bere ohiturei buruz: «Esnatu, komuneko buelta egin, sukaldera joan eta irratia piztu». Informazio iturri handia izan daiteke batetik, eta beste funtzio bat ere izan dezake bestetik: hutsunea betetzea. Askotan, bigarren maila batean utzi eta kasurik egingo ez zaion marmarra izango bada ere, ohikoa izaten da soinu jarioren bat inguruan piztuta edukitzea. Konpainia pixka bat egin dezake, efektu lasaigarria izan dezake, edo bestelako pentsamendu batzuk estal ditzake. Lehen kolpean izua eta harridura sortu zuenak, sosegua dakar orain, baina alde ilun bat ere erakuts dezake: Etengabe saihestu nahi badugu isiltasuna, ez da seinale guztiz ona.

Esan beharrik ez, gainera, irratia txiki geratuta dagoela aspalditik, antzeko funtzioa bete dezaketen asmakizun guztien aldean. Internetaren zabalkuntzak, batez ere, izugarri zabaldu zituen aukerak: munduko milaka soinu edo irudi emisioetariko bat jarrai dezakegu zuzenean, edo eduki bat deskargatu eta ikus-entzun-irakurri, eta abar. Bar-bar-bar esango dizkigute kontuak lagun gorpuzgabeek, kasik edonoiz eta edonon. Ia denok daramagu horretarako gai den gailua soinean, eta etengabe egon gaitezke lagunduta.

Eta horrelaxe genbiltzan, iazko martxoko etxeratze agindua iritsi zenean halako batean. Ander Berrojalbiz eta Javier Rodriguez Hidalgok argitaratu berri duten Los penúltimos días de la humanidad (Pepitas ed, 2021) liburuan esaten den moduan, ez dakit bideragarria izango ote zen hainbeste denboraz etxean sartuta egotea, Interneterako sarbiderik izan ez bagenu. Asko igo zen haren kontsumoa. Gauza asko aldatu dira konfinamenduaren hasieratik, eta etorkizun batean birusaz ahaztuta ere, ez gara besterik gabe 2020 aurretiko egoerara itzuliko. Gertatu diren aldaketa horietako bat, ez-presentzialtasunak bultzada handia jaso izana da, eta aurrerantzean ere neurri handi batean hala izaten jarraituko duela susma daiteke. Bestela ere norabide horretan gindoazen, eta prozesua azkartu du honek. Eta Berrojalbiz eta Rodriguez Hidalgok dioten bezala, inor ez-presentziaren desabantailak esaten hasten bada, oraindik teknologia behar beste garatu ez dela erantzuten zaio kasu askotan.

Bozgorailu adimendunak ere geurekin ditugu orain, duela urte gutxi batzuetatik. Adimen artifizialak darabilzki Amazon, Google eta beste konpainia batzuen tresna horiek. Haien ahotsek ez dute atzean egiazko pertsonarik. Ez dago hezur-haragizko gorputzik ezta leku urrun batean ere, baina hala ere gai dira hitz egiteko eta elkarreraginean aritzeko. Zer eguraldi egingo duen galde diezaiekegu, egun zehatz baterako agendan zer daukagun, zein ordutan eta zein musikarekin esnatu behar gaituzten agindu... Irratiak hasieran sortzen zuen izua gogoratzen didate bozgorailu horiek merkaturatu eta gutxira sortu ziren honen moduko albisteek: «Barre egiten dute bat-batean, arrazoi jakinik gabe, erabiltzaileak ikaratuz. Konponbide bila ari dela esan du konpainiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.