Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Juizioa (II)

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Jarri nion ba (I) hura aurreko hilabeteko Juizioa-ri, eta orain lotuta nago, gaia biribiltzeko autopromesa horri kateatuta. Ez dut aurreikusten datozen lerroetan ondorio irmorik idaztea, baina espero dut garun-bazkarako zeozer eskaintzeko gai izango naizela. Irakurri ez bazenuten, aurreko hilabeteko zutabean kultur objektuak nondik kritikatzen ditugun aztertzen aritu nintzen. Hausnartzen ibili ostean, ondorioztatu dut oraingoan zertarako argitzea dagokidala.

Izan ere, punturik interesgarrienean utzi nuen gaia aurrekoan, cliff hanger betean. Aipatu nituen artearen demokratizazioa eta kritikaren funtzioa, denboraldiaren azken-aurreko kapituluan ezustean itzultzen diren bi pertsonaia balira bezala, eta karaktereak amaitu zitzaizkidan. Eta hementxe nator, hasitakoak bukatzera, denboraldiko azken kapitulu honetan. Hainbat galdera erantzun nahi nituzke, baina Juego de Tronos (Tronu jokoa) telesailari bukaeran gertatu bezala, handinahiak porrotera eraman nazakeelakoan, galdera bakarra botako dut: zertarako balio du zutabe honek, edo modu orokorragoan esanda, zertarako balio du kultur iritziak edo kritikak?

Joan Margarit poeta katalanak badu liburu bat, izenburuagatik erosi, eta oraindik irakurri ez dudana (japonieraz tsundoku esaten dioten horren albo kalteak): Un mal poema ensucia el mundo (Poema txar batek mundua zikintzen du). Irudi lezake halako baieztapen bat elitismo hutsa dela, kanonaren aldeko proklamazio lotsagabea, baina nire ustez jarrera zintzo eta erreala du atzean; esaldi hori ez baita kanonaz ari: deshazkunderako deiadarra da, pentsamenduaren aldarria.

Asaldatu direnek esan lezakete mundu guztiak merezi duela sortzeko aukera, bere lana kaleratzekoa, denok dugula artista izateko potentziala. Agian gaineratuko lukete Internetek ekarri duen artearen demokratizazioa erabat positiboa dela, lehen aukera ez zuten horiek badutelako orain nola jendarteratu haien lana erraz eta merke. Arrazoi puntu bat badute. Baina artearen demokratizazioak badu ifrentzua, eta horregatik komeni da Margaritena bezalako esaldiei arreta jartzea.

Poema txar batek mundua zikintzen du.

Zergatik? Ba, poema txar batek zarata sortzen duelako jada saturatuta dagoen hizkuntzaren baitan, eta hizkuntza zenbat eta saturatuago egon, gero eta zailagoa duelako gizarte batek pentsamendu kritikoa destilatzea. Eta pentsatzen ez duten gizarteei zer gertatzen zaie? Tira, ba, Teleberri-n ikusten dugun horixe bera.

Egun, kultur objektuak produktu bihurtu dira, eta haien eskaintza zabalaren aurrean erabat galduta gaude, erabat saturatuta. Euskal kultura ere fast food bihurtzeko arriskua hortxe dago, sentsazioa baitaukat aurretik jartzen dela objektu asko kaleratzea, zein objektu kaleratu mimoz eta denborarekin aukeratzea baino. Eta zein da horren ondorioa? Ba, diskurtso berberak behin eta berriz entzutearekin pozik dagoen kultur sistema bat daukagula hein handi batean, salbuespenak salbuespen; eta ni zurrunbilo amaigabe batean behera lerratu naizela, esaldi soil batetik tiraka.

Ez naiz inoren lan konkretuaz ari; ezer juzgatzekotan, nik zarata epaitzen dut. Ekarpenik egiten ez duen zurrumurru hori. Ez naiz musika estilo batzuekin sartzen ari, honek ez du zerikusirik bolumen, autotune edo distortsioekin. Zarata horrek irentsitako kultura batean, gizartera heldu beharko luketen ahots horiek, hizkuntzari eta bizitzari ekarpen handia egin liezaioketen horiek, sarritan katramilatuta geratzen dira beste guztiaren artean, eta zailagoa bihurtzen zaio kulturari ezer transmititzea, pentsamendu kritiko bat garatzea.

Kontuz, nik ez dut errua sortu nahi duen indibiduo horren bizkar utzi nahi. Ez dut uste norberak mugak jarri beharko lizkiokeenik sortzeko bulkadari. Bi kontu bereizi dira prozesu sortzailea, edonori on egin diezaiokeen hori, eta kontsumogai gisa plazaratzen diren kultur objektuen ekoizpena. Horregatik, ez dut kontraesanik ikusten Margariten esaldia aldarrikatzearekin. Jakin behar dugu: merkatuaren goseari men egiten dion kultur sistema bat, txikitasunaren konplexuak bultzatuta edukiarekin baino kopuruekin arduratuta dagoena, ez da halabeharrez jasangarriena.

Era berean, arazoa ez da kultur sisteman helburu desberdinak (entretenimendua, gogoeta eragitea, dibertitzea...) dituzten objektuak elkarrekin bizitzea. Arazoa da une batean diskurtso publikoari ekarpen garrantzitsu bat egin diezaiokeen lan bat galdu egiten dela zarata guztiaren artean, eta ez dakigula bereizten gainerakotik. Lan mamitsurik gabe geratzen da gizartea, eta gidalerrorik gabe artista.

Poema txar batek mundua zikintzen du, eta horregatik aldarrikatzen dut ekologia kulturala. Agian urtean ez ditugu horrenbeste objektu plazaratu behar, kopuru txikiagoak esan nahi badu gehiago mimatuko ditugula lanak, eta ondo hautatu esan nahi dugun hori. Era berean, artea demokratizatuko bada, kritika (eta kalitatezko edizioa) behar-beharrezkoak izango ditugu gidalerro batzuk markatzeko. Kritikarik ezean ez dago norabide berriak bilatzeko akuilurik. Noski, kritikarien eta editoreen artean aniztasuna zaindu beharko dugu, norabide eta ikuspuntu desberdinetatik datozen gogoetak behar baititugu.

Poema txar batek bezala, iritzi zutabe txar batek ere zikindu dezake mundua. Hori ez egiten saiatu den baten partetik, uda ona pasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.