Ion Celestino.
LAUHAZKA

Lau erro fundazional reggaearentzat (I... agian)

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Zer behar dut musikaren eskulangile gisa euskarazko pop hitzak eraikitzeko gai izan nadin? Galdera honek izozturik izan ninduen, luzeegi. Barkatu gauzak ulertzen saiatzeko ohitura txar honek inor mintzen badu, baina ez nau bakean uzten. Pop hitza nahita erabili dut, estilo jakin eta zurrun batean murgildurik baino, musika popularraren hainbat erritmo edo molde erabili eta nahasiko direla adierazteko.

Bistan denez (?), aditzen dugun musika gehientsuenak erroan afroamerikar edo/eta afrokaribear hotsak ditu (honetaz zabal irakurtzeko, hasi adibidez Paul Gilroyren The Black Atlantic. Modernity and Double Conciousness, edo hor nonbait). Pentsatu azken egunetan zer entzun duzun, eta, genealogian gora eginez, aise harrapatzeko moduko ideia da: XX. mendetik honaino datorren pop molde oro belztasunez blai da, halabeharrez. Ez naiz ari estilo jakin batera lerraturik egiten ditugun hotsez, baizik eta egiteko moduez, soinuez, produkzio moduez eta abarrez. Molde horiek hitzak eraikitzeko eta esateko era diferenteak dituzte beren baitan. Garaia, ingurua, tokia adieraziko dute...

Guk bi meategi aukeratu genituen: batetik, euskararen herri musika eta hitzak sakonki ezagutu eta aztertzea. Nola esan diren esan beharrekoak. Hori ikasteko: kantutegiak, gaiaren inguruan idatzi direnak, grabazioak.

Bestetik, ber gauza euskarazko pop musikaren historiaz. Hori ikasteko: grabazioak. Harrigarriki, gutxi da (nik dakidala) honi buruz idatzitakoa. Aitzakia honekin disko bildumatze ildo berri bat hasi zen. Hasieran uste nuena baino ur sakonagoak bertan.

Beñaranksek esan zidan moduan, ondare hau hain ezezaguna zaigu, kantuok ez ditugula aurrekari historiko gisa antzematen. 40-50 urte inguru dituzten grabazioez ari naiz, baina gehienak sekula entzun gabeak. Espainia, Frantzia eta herrialde anglosaxoietako antzeko kantuak ezagunak zaizkigu, ordea, bertakoak ez. Honen bila ari garenontzat, altxorra aurrekariak izan zirela gogorarazten digu eta testuinguru bat ezartzen.

Bide horretan topatutako euskarazko reggae estiloko (esan nahi da: jamaikar kutsuko) lau erro fundazional azalduko ditut orain. Hau proposatzen dut gure musikaren historiografian agerikotzat hartzen delako hots hauek 80ko punk eztandaren bidez bakarrik iritsi zirela. Baina, horrez gain...?

(disclaimer: hemendik aitzina testu honek pentsamendu ukronikoa erabil dezake, edo erabiliko du, edo erabiltzera eraman zaitzake. Hori bai: berrizalekeria antzuaren aurka dagoen neurrian dago nostalgiaren aurka).

1) Argoitia neba-arrebak: Cinsaren 1968ko EPtik (CIN 151): Ikusi mendizaleak. Rocksteady Revenge II.ean ye-ye kantuen demaren baitan hau jarri nuenean, Naken irribarre zabal batez hurbildu zen selektorearen txokora. Sei bat ordu generamatzan soinu sistemaren aurrean 1972 aurretiko kantu jamaikarrak aditzen. Bateriarik gabeko kantu honen skankin gitarra eta walking bassa hasi zirenean, bertakoek ez zuten dudarik, ska motel bat da. Danbateko ezaguna guztiontzat; herri kantua dela uste du askok, baina 1968an hau grabatu zenean kantu berri samarra zen, Sabin Gereñok sortua («biribilketa alai bat, asko zabalduko dana», dio hitzez hitz diskoaren liner note-ak). Testuingurua: 60ko hamarkadan, Millie Smallsen My Boy Lollipop danbatekoaren ostean, han eta hemen ehunka izan ziren skak eragindakoak.

2) Euskaros: Edigsa/Herri Gogoa-ren 1972ko EPtik (HG-33): Zure begiak. Gitarraren eta gitarra apalaren lerroek ez dute zirrikiturik uzten. Konjuntokoek honela edo bestela irudikatu, skinhead reggae kantu bat da, soul ukituduna. 1969an (!) Bilbon The Pyramids taldeak jo zuen matinee hartan Euskaroskideak bertan izan balira...? Hau da inguru hauetan ezagutzen den lehen emanaldia. Hitzak garaiko xalotasun goxotan emanak, dantzatokiko maitasun bat. Bai, atabalen break-ak ez dira ortodoxoenak, zaila da lengoaia hori ongi hartzea, baina ekarri gogora, adibidez, Los Bravos konjuntoaren Rudi's In Love.

3) Unai hirukoa: Phillips-en 1977ko LPtik ( Phillips 63 28 239): Bi eta bi lau dira. Luis Iriondok eta Miguel Mari Azpiazuk ondutako kantu bilduma. Madrilgo Fonogram estudioan grabatua, bertako sesio musikari, orkestratzaile, arte zuzendaritza eta abarren lan itzela nabari da, euskal girl group onenaren boz itzel horien laguntzaile. Eta hor (gure etxeko) ereserki hau. 70eko pop lanabes guztiak eskura, ez da jamaikar molde gordinean emana, baina musika elementuak hartuta (one drop bateria, gitarra apala...) antzeman daitezke zantzu horiek. Inguruko herrialdeetan ere badira hainbat adibide hamarkada horren bukaera hartan.

4) Peio Dospital eta Mixel Etxeberri: Elkarren (The good one, Pannecau karrikakoa) 1984ko LPtik (ELK 64): Eibarreko txikia. Hau bai buru zartatzea! Erromeriako talde batek egiten du hemen backing band lana, eta, bat-batean, steppers ildoko hau sartzen dute. Kantu hau edozein reggae bestaren une gorena izateko berraurkitua izan da. Eta kito.

Zorionez, hurrengoek, hauez eta gero egin ziren beste askoz gain, Reggaean Jarrai/euskal folklore jamaikarra bilduma dute eskura hemendik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.